Udako seriea. Historian aztarrika (eta VII)

Holandako polderrak Aturrin

Aranzadi elkarteko historialariak Aturri ibaiaren inguruko paduretan murgilduta daude. Oraingoz, Gixune ingurua ari dira aztertzen, baina estuario osoaren historia kontatzea dute helburu, bereziki Aro Modernoari begira.

Gixuneko gaztelutik ageri den paisaia. Atzean, Bordenave baserria. BERRIA.
Gixuneko gaztelutik ageri den paisaia. Atzean, Bordenave baserria. BERRIA.
garbine ubeda goikoetxea
Gixune
2024ko abuztuaren 27a
05:05
Entzun

Ikerketa arkeologikoetan dena ez da indusketa; dena ez da toki zehatz bat hesitu eta haren lurpekoak ateratzea zantzu zaharren bila. Batzuetan paisaia bera da aztarnategia; hain zuzen, ikusmira luzatu eta begien aurrean ageri dena, bere osoan. Kasu honetan, ikerlariak ez dio epe historiko jakin bati erreparatuko, garairik garai doan diakronia zabalago bati baizik, eta bi kontzeptu nagusi izango ditu kontuan: batetik, ikuspegi erregresiboa, egungo paisaiatik abiatu eta iraganerantz jotze alde, eta ez alderantziz; eta, bestetik, luzera begirako dinamika, gizakia ulertzeko gertaera historiko puntualak zedarri izan litezkeen arren, prozesurik garrantzitsuenek luze irauten dutelako, Fernand Braudel Annaleen eskolako historialari frantsesak azaldu bezala.

Gixune herriaren behealdean, hain justu, Paisaiaren arkeologian ari da Aranzadi elkartea Baionako Iker Zentroarekin batera. Josu Narbarte ikerlaria buru dela, Aturriko estuarioko dinamika naturalen eraldaketa dute aztergaia, edo, zehatzago esanda, giza jardunak ibai horren ertzeko paduretan eragin duen transformazio ekologikoa.

Indusketa mapa, Gixune
Ikerketa arkeologikoen mapa, Gixune

Eta zer ageri da Gixunen? Bada, goian, herrigunea, Erdi Aroko gazteluaren inguruan. Behealdean, berriz, eremu drainatu zabal bat Aturri ibaiaren ibarrean; beste ibai bat ere bada, Biduze, Aturrirekin bat egiten duena, eta, tartean, soroak. Paduraren ertz guztia dikez hesituta dago, eta, zati nagusiaren gainetik, errepide bat, haren bazterrean dauden baserri modukoak lerro-lerroan emanak direla nabarmentzen duena.

Baserri moduko horietarik gehienek borda izena daukate, behinola goialdeko baserriren baten luzapena izan ziren seinale. Adibide bat jartzearren, Aturri ertzean dagoen Garate Bordak, gaur independentea bada ere, goiko Garate baserriarekin izan zuen lotura, eta jabeak estuarioan zeukan lur eremua edo barta ustiatzeko funtzioa izan zuen. Borda deritzen baserri horietarik askok ez dute Lapurdin ikus litezkeen etxeen tankerarik, eta, hain zuzen horregatik, Aritz Diez Oronoz arkitekto eta adiskideari eskatu dio aholkua Narbartek. Hainbat proiektutan elkarrekin aritutakoak dira biak, besteak beste, Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzale auzoak aztertzen.

Aranzadikoak Gixunen
Josu Narbarte ikerketako zuzendaria eta Aritz Diez Oronoz arkitektoa, Gixuneko gazteluaren aurrean. BERRIA

Ageri harrigarria

Gixuneko gaztelutik so eginez gero, elementurik nabarmenenetako bat dike nagusia da, baina soroak eteten dituzten ildoek ere arreta ematen dute. Hain zuzen, kanal sistema konplexu bat osatzen dute, prezipitazioen bidez biltzen den ura ibaira bideratzeko asmatua. Marea gora denean dikeko atakak itxi egiten dira, eta marea behera denean zabaldu egiten dira, kanaletatik datozen urek bultzatuta. Halaxe husten dira kanalak.

Narbartek ongi ezagutzen ditu estuarioaren gorabeherak, bai eta Gixunen hasitako ikerketa martxan jartzeko arrazoiak ere. 2019an, Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntza bati esker, Gipuzkoako eta Bizkaiko itsasadarretako paisaia aztertzeari ekin zion, bereziki Bidasoa, Oria, Urdaibai eta Urola ibaien itsasoratzeei, eta, haietan lortutako emaitza aberatsek akuilaturik, gainontzeko estuarioetara zabaldu zuten asmoa. Izan ere, Erdi Aroaz geroztik oso bizia izan da giza jarduna paduretan, eta abereen bazkarako, arrantzarako, nekazaritzarako nahiz bestelako praktiketarako baliatu dira. Narbarte: «Hezeguneak oso ekosistema sentikorrak dira, eta, ondorioz, historia erregistratu egiten da bertan». Alde horretatik, Aturri kasu «pribilegiatua» iruditzen zaio ikerlariari: «Euskal Herriko estuariorik handiena da Aturrikoa, dokumentazio historiko oso aberatsa du, eta, gainera, XIX. mendea baino lehenagoko paisaiaren lekuko ugari dago bertan, industrializatu gabe kontserbatu delako hein handi batean».

«Euskal Herriko estuariorik handiena da Aturrikoa, dokumentazio historiko oso aberatsa du, eta, gainera, XIX. mendea baino lehenagoko paisaiaren lekuko ugari dago bertan»JOSU NARBARTEIkerketako zuzendaria

Lau urratsetan

Gixune inguruko lana lau urratsetan burutuko dute. Halako edozein proiektutan egin ohi den gisan, lehenik kartografia historikoa, irudi zaharrak, erregistroak eta gainontzeko iturri dokumentalak arakatu dituzte, ekosisteman ikustekorik izan duten talde eta agenteen irudi bat osatzearren. Ondoren, toponimiari erreparatu diote, hezeguneen eta erabilera berezien lekuko izan litezkeen hitzen bila. Aturriren kasuan, erronka izan dela aitortu du Narbartek, toki izen asko gaskoiz daudelako, eta hiztegi egokiak eskas direlako.

Paisaiaren arkeologia Aturrin
Josu Narbarte, kanalen sarea dokumentatzen. BERRIA

Hirugarren fasean prospekzioa eta miaketa datoz. Hain zuzen, fase horretan ari dira buru-belarri Gixunen. Naturalki itsasoaren mende zeudekeen eremuak identifikatuta dituzte dagoeneko. Narbarte: «Oinez goazela, lur estaldurak, ur masak, drainatutako padurak, polderrak eta eremu urbanoak dokumentatzen ditugu; eta polderren barruan, batik bat giza jatorria duten elementuak, hala nola dikeak, kanalak, drainatzea, arrantzarako tranpak eta eraikinak, batez ere baserriak». Informazioa datu base georreferentziatu batean batu, eta emaitza kartografia historikoarekin alderatzen dute gero. Besteak beste, lehen katastro sistematikoa —katastro napoleonikoa ere deitua— kontsultatzen dute sarri. XIX. mende hasieran egina, kanal sarea, drainaturiko eremuko partzelak edota dikeari paraleloan lerrokatutako eraikinak izendatuta ageri dira bertan.

«Oinez goazela, lur estaldurak, ur masak, drainatutako padurak, polderrak eta eremu urbanoak dokumentatzen ditugu; eta polderren barruan, batik bat giza jatorria duten elementuak, besteak beste, kanalak»

JOSU NARBARTEIkerketako zuzendaria

Laugarren edo azken urratsak zundaketa geologikoa ekarriko du. Drainatze sistemak nekazaritzari aplikatzen zaizkionean, ur saturazioa edo maila freatikoa sakonago gelditzen da, eta horrenbestez hainbat prozesu kimiko aktibatzen direla azaldu du Narbartek. Hortaz, zunda mekaniko baten bidez, zutabe itxurako laginak hartuko dituzte sedimentuetan, eta beroriek zentimetroka banatuz, zati bakoitzaren oinarrizko konposizio fisiko-kimikoa analizatuko dute, hainbat parametroren bila: mineralogia, karbono organiko kontzentrazioa, uraren Ph-a edota polenik edo hazirik baden, besteak beste. Ongarritze praktiken berri ere eman dezake analisiak: «Karbono kontzentrazio handiagoa agertuko balitz, simaurra erabiltzearen seinalea izango litzateke ziurrenik, eta kareak ere pista bat emango liguke, baserrietan garai batean ugari erabiltzen baitzen azidotasuna orekatzeko». Bestalde, sedimentazio tasa handiagoak uholdearen adierazgarri izan litezke, edo euri gehiago egin izanaren ondorio. Laugarren fasea urrian burutuko dute, «artoa bildu ostean, ziurrenik».

Aro Modernoa

Paisaiak azalera dezakeen diakronia zabal horretan, halere, bereziki Aro Modernoari jarriko dio arreta Narbartek, garai hartan hasi zirelako hezeguneak nekazaritzaren mesedean lehortzen eta helburu produktiboz ustiatzen Europan, kasura Holandan, Venezian edota Ingalaterrako Fenland eskualdean.

Aturrin ere alimaleko ingeniaritza lana egin zen garaitsuan, eta, horri esker, bikoiztu egin ziren nekazaritzarako lurrak. Drainatzeak, bestalde, lurraren pribatizazioa ekarri zuen, eta, horrekin batera, herritarren arteko gatazkak piztuko zirela uste du Narbartek: «Bidasoan, esate baterako, Jaitzubian padura lehortzen hasi zirenean, irundarrek salaketa ezarri zuten, bazkalekua galduko zutelakoan. Aturri aldean ez dugu mota horretako dokumentaziorik aurkitu, baina pentsatzekoa da berdintsu gertatuko zela».

(ID_14185947) Gixune inguruko mapa flubiala
Gixune inguruko ibai mapa zahar bat.

XVII. mendeko aldaketek, besteak beste, demografia hazkundeak, labore berrien iritsierak, berrikuntza agronomikoak eta hazkunde ekonomikoa sustatzeko monarkien asmoek lurzoru gehiago kolonizatzera bultzatu zuten garai hartako gizartea, eta paduretako bordei lehentxeago mendialdekoei gertatutako berbera gertatuko zaie: pribatizatu egingo dituzte, bazkatokien kaltean eta nekazaritzaren mesedean.

Borda horiek bizitoki iraunkor bilakatu ziren gerora, argazki zaharretan antzeman litekeenez.

Vieux Boucautik Angelura

Aturri ibaia Euskal Herriaren muga naturaltzat jotzen den arren, ibaia ez da beti Angelu eta Bokale artean itsasoratu. XV. mendera arte, Baiona aldera iritsi baino lehen okertu, eta Landetatik gora egiten zuen, Capbretoneraino lehenik, eta ondoren Vieux Boucauraino —hortik datorkio izena tokiari—. Horrek ez zion atarramentu onik ekartzen Baionako portuari, eta udalak, sedimentazio gero eta handiagoaren eragozpenez ase, Louis de Foix ingeniari militarra kontratatu zuen Frantziako monarkiaren onespenez. Gaur Landetako hondartzak diren horiek duna korda bat ziren orduan. Era berean, Hossegor inguruko aintzirak ere orduko ibilguaren arrastoak dira. Baionako portuaren bideragarritasuna ziurtatuko zuen bokale berria 1578an amaitu zuten.

Ingeniaritza lanak mesede egin zion Baionako portuko jardunari; ez, ordea, Baionatik gorako komunitateei, bazkarako baliatzen zituzten lautadak urpean gelditzen baitziren mareen ondorioz, eta horrek estuarioaren ertz hezeak drainatzeko prozesuari eman zion bidea. Prozesu orokorra izan zen nolanahi ere, 1599an, Holandatik helduko ziren ingeniariei lana errazteko agindua eman baitzuen Frantziako errege Henrike III.ak erreinu osoan. Narbarte: «Uste dugu XVII-XVIII biartean hasi zirela Baiona eta Akize arteko estuarioko padurak drainatzen». Beste faktore bat ere nabarmendu du: «Ameriketatik iritsitako labore berriek, bereziki artoak, lurzoru oso hezeak behar zituzten, eta lurrok oso aproposak ziren drainatu ostean». Gaur egun ere artasoroak dira nagusi Aturri ertzean, kiwiarekin batera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.