Hondakinen gatazka, oholtzara

'Errefusa' antzezlana estreinatuko du bihar Joserra Fachadok, Donostian. Gipuzkoan errauste planta bat eraikitzeko asmoak udalerri askotan piztutako polemikaz gogoeta eraginarazi nahi du

Joserra Fachadok jokatzen ditu Errefusa lanean pertsonaia guztien rolak. Irudian, entsegu batean. PIERRE BALACEY.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2017ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Erraustegia. Osasuna. Atez atekoa. Arriskua. Zaborra. Inposizioa. Bosgarren edukiontzia. Dioxinak. Birziklatzea. Galdeketa. Etorkizuna. Gipuzkoako udalerri gehienetan errepikatu dira hitzok urteotan, herrialdean errauste planta bat eraikitzeko asmoak eragindako polemikaren harira. Eztabaida handia piztu du auziak, baina herritarren artean ez dela lasai hitz egin uste du Joserra Fachado aktore eta antzerki zuzendariak. «Batez ere komunikazioa falta izan da. Uste dut herri honetan oso ohituta gaudela lubakietan sartzera; 'zu horietakoa zara? orduan badakit zer pentsatzen duzun'... Dena politizatu da, eta dena bihurtu da arma bat aurkariari min egiteko». Horregatik, hitzok hartu ditu ahotan Errefusa antzezlanean, publikoari gogoeta eginarazteko. Obraz gozatzea, eta antzokitik ateratzean herritarrek gaiaz eztabaidatzea nahiko luke. Bihar estreinatuko du, Donostiako Gazteszenan, 20:00etan.

Orain dela bi urte hasi zen Fachado obra idazten. «Pasai San Pedrokoa naiz, eta han kontu hau oso potentea izan da. Uste dut atez atekoa jarri zuen azken herria izan zela, eta kendu zuen lehena. Asko ikusi dugu, eta asko entzun, usaindu, dastatu...». Batzuen eta besteen iritziak islatzen ahalegindu da, publikoari gogoetarako espazio bat eskaini nahian. «Gaiari ikuspegi ezberdinetatik begiratzen saiatu naiz. Hasieran, alde guztiak sartu, eta oreka bat bilatu nahi nuen, baina une batean erabaki nuen ezetz, nik neure istorioa egingo nuela; ikuspegi ezberdinak agertuz, baina neurea. Beste batek egingo du berea».

Askotariko pertsonaien bidez eraman ditu oholtzara iritzi horiek guztiak. Fachadok berak antzezten ditu denak: alkatea, haren aita, atez atekoarekin suminduta dagoen bizilaguna, iritziz aldatu duena, elkarretaratzeetara doana, zabor biltzailea, senar-emazte batzuk, politikaria, medikua... Haien arteko elkarrizketak nahiz bakarrizketak tartekatzen ditu, baita poesiaz bustitako pasarteak ere. Eta haiek esandakoetan, nahastuz doaz fikzioa eta errealitatea obra osoan; egunkarietako elkarrizketetan esandakoak edo lagun artean entzundakoak irudikatzen ditu aktoreak une batzuetan, eta pertsonaien sentipenak, kontraesanak eta jarrerak fikzionatu ditu beste batzuetan. Plaza publikotik pribatura egiten du jauzi eztabaidak batzuetan, eta mikrotik makrora besteetan.

Eta eztabaidak, horrela, oholtzatik publikoaren artera ere jauzi egitea nahi du Fachadok, baina ez du asmo estetikoa ahaztu nahi izan. Izan ere, beste ezeren gainetik antzezlan bat dela nabarmendu du, publikoa gozarazteko proposamen bat. «Nik ez dut dokumental bat egingo; antzerkilaria naiz. Jendeak antzerkia ikustea eta gozatzea nahi dut, eta, gero, hausnartzea. Ez ditut hitz potoloak bota nahi, baina uste dut artea horretarako dela. Nahi nuke jendeak ondo pasatzea, eta gero, ateratzean, gaiaz eztabaidatzea».

Jose Inazio Rios Txino saxofoi jotzailea alboan du ia une oro aktoreak. Saxoak oso doinu «urbanoa» duela iruditzen zaio Fachadori, eta obrarako egokia iruditu zitzaion. Bien artean ondu dituzte musika pieza guztiak, eta zuzenean joko ditu musikariak agertokian. Eszenografia soil batez inguratuta agertuko dira biak: belar artifiziala dago zoruan, eta edukiontzi marroi bat eta organikoa biltzeko ontziak zintzilikatzeko gailu bi espazioan.

Herriz herri

Urteak daramatza aktore lanetan Fachadok, baita talde amateurrak zuzentzen eta antzerki eskolak ematen ere. Lehen aldiz, baina, helduentzako obra bat idatzi nahi zuen orain. Pixkanaka, gaiak «harrapatu» egin zuen, «obsesio» bilakatzeraino, eta aurrera jarraitzea erabaki zuen. «Ni ez naiz idazlea, aktorea naiz, eta oso gogorra egin zait. Baina behar artistiko bat izan zen, eta pila bat ikasi dut». Berak hartu ditu bere gain obra idazteko, zuzentzeko eta pertsonaia guztien rolak jokatzeko lanak, eta ez zaiola erraza izan azaldu du.

Heldu zionerako, hondakinen gatazkak jada egina zuen ibilbide bat, eta ordutik ere izan du jarraipenik. «Badirudi ez dela inoiz bukatzen; pil-pilean dago gaur bertan». Gehiegi litzateke antzezlan bati konponbideren bat jartzeko eskatzea, eta Fachadok ere ez du halakorik egin nahi izan. «Mahai gainean galderak jartzen saiatu naiz, ez erantzunak». Badu iritzirik, hala ere: «Ez dakit nola, baina egunen batean zerbait adostu beharko da, ez? Politikariak horretarako daude, arazoak konpontzeko, eta alderantziz egin dute». Norberak egin dezakeen horri begirako keinu edo aldarri bat ere egiten du obrak, hondakinen auzian nork bere ardura hartzekoa.

Obra herriz herri erakusteko asmoa du orain Fachadok. Bere herrian bertan izango du hurrengo emanaldia: Pasai San Pedron taularatuko du lana, hilaren 12an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.