Dozenaka norbanako eta elkarteri elkarrizketak egin ostean, dokumentala osatu dute Agronautas proiektuko kideek. Nekazaritza, energia, teknologia, arkitektura, politika eta gizartea dira jorratu dituzten gaiak, besteren artean. 50 minutuko lanean elkarrizketa horien pasarteak bildu dituzte, arloka. Egungo jardun ereduari eutsiz gero, hondamendia iragartzerakoan bat egiten dute filmean agertzen diren hizlari guztiek, bakoitzak bere modura. Nekazaritzaren egungo egoeraren, gizateria moderno kapitalistaren eta naturaren arteko harremanaren zein horri lotutako aspektuen hausnarketa egiten dute hizlariek. Hainbat proiektutako kideak dira gehien-gehienak eta euren ekimenen berri ematen dute. Zertan ari diren, zergatik eta zertarako.
Guztiak ados daude egungo gizarteak daukan arazo larrienetako bat kapitalismoak sustatzen duen kontsumo eta merkatu eredua bidegabea eta jasanezina dela ondorioztatzerakoan. Intentsiboak, industrialak eta ongarri kimikorik gabeko nekazaritza ereduak jorratzen dituzten elkarte, nekazari eta ekimenak ageri dira, hala nola kooperatibak, hiri-baratzeak eta kontsumo taldeak. Eraikuntza da presentzia nabarmena duen beste gaietariko bat. Hainbat adituren hausnarketez gain, alternatiba errealak erakutsi nahi izan dituzte egileek filmean: "Mezu positiboa luzatu nahi dugu", adierazi du Dopico zuzendariak. Badira buztinez eta lastoz egindako etxebizitzak ere, esaterako, eta horien eraikuntza prozesua, onurak eta eraikitzeko moduak azaltzen dituzte. Krisi energetikoa eta mendebaldeak petrolioarekiko duen menpekotasuna eta horren ondorioak (gerrak eta kontsumoaren banaketa injustua besteren artean) ere jorratzen dira dokumentalean.
Emanaldia egingo dute bihar Viktoria Eugenia antzokian, 19:00ean. Ostean solasaldia izango da, jorratutako gaien inguruan jarduteko.