Hondamenditik salbatutakoak

Xabi Bordak 'Urtu aurretik' poema liburua eman du argitara, aurreko lana atera zuenetik hamahiru urtera. Badoan mundu bati begiratu dio, gorde nahi duena hitzetara ekartzeko

Xabi Borda, Urtu aurretik liburu berria eskuetan duela, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2022ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Unez eta sentsazioz osatuta dago Urtu aurretik poema liburua, Xabi Borda idazlearen hitzetan, eta kontrazalera eraman duen Deia olerkiaren azken lerroak erakusten du zein izan litekeen abiaburuko sentipena: «eta hau dena pikutara baldin badoa zer». Bordak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1981) krisi eta larrialdi globaletan katigatutako mundu bati buruzko kontaketa etxetiar bat ondu du bere hirugarren poema liburuan. Susa argitaletxeak atera du, eta herenegun aurkeztu zuten, Donostian, Poesiaren Nazioarteko Egunean.

Idazleak gordeak ditu azken asteetan BERRIAn irakurritako albiste batzuen tituluak: «Munduko CO2 isurketak inoizko handienak izan ziren 2021ean»; «Inoizko hedadurarik txikiena du Antartikako itsas izotzak»; «Azken zazpi urteak inoizko beroenak izan dira munduan». «Inoizko mundurik inoizkoenean bizi gara: Aro Inoizkidean. Planeta oinpean hautsiko zaigun kezkarekin gabiltza hara eta hona. Eta gaitz erdi klima bakarrik balitz. Mundu hau pikutara doan sentsazioa inoiz baino presenteago dago gure egunerokoan», Bordaren ustez. Bere poemetan ez dago, baina, munduaren akaberarekin jolasteko inolako asmorik; ingurura begiratu, eta «gorde nahi direnak» hitzetara ekarri ditu.

«Urak hazita datoz», esan du Leire Lopez editoreak: «Dena urpean geratu aurretik, gal daitekeen guztiaren esploratzaile dabil poeta». Eta «urak hazita datoz», errepikatu du Bordak: «Etxe barruraino sartu da poloetan urtzen ari den izotza». Izan ere, etxeko intimitatetik hitz egin du gaitzik kanpokoenez, hor aurkitu baititu poemetarako elementu asko. Huts egindako armistizioa horren erakusgarri: «Negarrez zatoz/ panpinarik kuttunena esku batean/ bestean hanka mutilatua/ 'txikiegia da horrela hiltzeko/ lagundu'», esaten du lehen bertsoak.

Urtu aurretik baino lehen, Bordak Birika zatiak (Susa, 2004) eta Gulliverren lokarriak (Elkar, 2009) poema liburuak argitaratu zituen; eta, tartean, Jotakie taldeari buruzko Urolan pop kronika liburua (Paper Hotsak, 2006). Hamahiru urte igaro dira, beraz, bere aurreko lanetik. Hala ere, liburu berria ez da azken hamahiru urteetako poemen bilduma bat, Bordak azaldu duenez. «Ez naiz batere idazle konpultsiboa, ezta oso produktiboa ere. Kosta egiten zait idazteko esertzea. Tira, kosta egiten zait esertzea. Aukeran nahiago ez idatzi». 2020ko Gabonetatik iazko udara bitarte idatzitako poemak bildu ditu, nahiz eta zaharrago batzuk ere jaso dituen, liburura ondo egokitzen direlakoan.

Lau ataletan banatu ditu liburua osatzen duten 44 poemak: Iglua tantaka, Hozkailu matxuratua, Hego haizea Ipar Poloan eta Glaziar berrien erditzea dira haien izenak. Horietan bertan ageri dira olerkietako gai batzuk: poloak urtzen ari dira, tenperatura igotzen, basamortuak hedatzen... «Horrek ez du esan nahi klima aldaketa ageri denik poema guztietan, are gutxiago katastrofea. Klima aldaketa askotan marko bat da liburuan, domestikotasun baten atze-oihala», zehaztu du Lopezek.

Zientziak zeharkatua

Aldaketa geldiezinak eta amaieraren mehatxuak harrapatzen dituzte liburuko ahotsak, «ni-ak, zu-ak eta gu-ak», amildegiaren ertzean. Borda: «Kontua ez da euren bizitzei eusten dien munduak amore emango duen edo ez, baizik eta noiz. Eta euskarri hori gabe ezin inon maitatu, ezin lagunekin bildu afaltzeko mahai baten inguruan, ezin umeari bizikletan ibiltzen erakutsi...».

Lopezen esanetan, Bordaren orain arteko lanetan ni-ak eta gu-ak zuten pisurik handiena, eta horrela da Urtu aurretik-en ere, baina gu hori handitu egin da, umeak ere ageri direlako, eta hirugarren pertsonan idatzitako poemak ere badaude. Minuskuletan eta puntuazio zeinuen faltan sumatzen ditu Bordaren idazkeraren marka nagusiak.

Bestalde, idazleak egunerokoaz hitz egiteko erabiltzen dituen irudietan eta metaforetan ikusi ditu Lopezek liburu berria haren aurreko lanekin lotzen dituzten elementu batzuk. Oraingoan, zientziari lotutako gaiak ageri dira poemetan, batez ere. «Irakurleak askotan aurkituko du lotura hori zientziarekin, liburua zeharkatzen duen metafora balitz bezala».

Bordak ziurgabetasun egoera batean girotu du liburua, eta literaturari ere eremu ezezagunetara joaten utzi dio idazterakoan. «Egitura narratibo minimo bat eman diet poemei. Eta, besteak beste, misterioa zaintzen ahalegindu naiz: ia dena ezkutuan uzten, guztiz beharrezkoa bakarrik esaten, eta ahal dela irakurlearen interpretazioaren gain uzten poemaren askaera». Gustura aritu da inguru horretan, eta uste du esan litekeela poemetako batzuk mikroipuinak direla.

Idazleak liburua aurkezteko emanaldi batzuk egingo ditu datozen hilabeteetan, Felipe Murillo musikariarekin batera. Hitzak eta doinuak nahastuta, liburuko poema batzuk irakurriko dituzte. Apirilaren 21ean, Azpeitiko Dinamoan izango dira; maiatzaren 5ean, Bilboko Biran; maiatzaren 6an, Iruñeko Zaldikon; eta maiatzaren 19an, Zarauzko Garoan (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.