Literatura

Hosto artean agertutako poemak

Xabier Montoiak 'Hiriak eta urteak' poesia liburua plazaratu du. Hemezortzi urte ziren poemarik idazten ez zuela. Aldez edo moldez, espazioa eta denbora ageri dira pieza guztietan.

XABIER MONTOIA - 'HIRIAK ETA URTEAK'
Xabier Montoia idazlea, bere lan berria aurkeztu aurretxoan, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2023ko azaroaren 23a
20:00
Entzun

«Poesia niretzat gauza apetatsua da; berak nahi duenean etortzen zait, eta, gero, alde egiten dit». Ia hogei urte eman ditu Xabier Montoiak poemarik idatzi gabe. «Zergatik? Bada, ez zitzaizkidalako bururatzen». Halako batean, ordea, poesiaren «bisita» jaso zuen berriro ere, eta idazteari ekin zion. Hiriak eta urteak izan da horren emaitza, Pamielarekin argitaratu berri duen liburua.

Urteotan hamaika nobela eta ipuin liburu plazaratu ditu idazleak, baina 2005. urtetik ez zuen poema bildumarik eman. Poesiaren joera apetatsu horregatik, haren ustez. Duela pare bat urte, baina, «bolada bat» izan zuela azaldu du. «Halako batean, superheroi bat izango banintz bezala, eskuratu edo neureganatu nuen begirada poetikoa. Horrela esanda, pixka bat gogorra da [irriz], baina egia da».

Begirada poetiko hori zertan datzan azaltzeko, bi adibide jarri ditu segidan, eta liburuko bi poema nola sortu zitzaizkion kontatu du. Orain bi urte, udazkenez, kalean zebilela, lurrean zeuden hostoek «ekarri» zioten Hosto izeneko poema. «Hori bizitza osoan ikusi dut, jende guztiak bezala, baina inoiz ez dut ikusi hor poema bat. Halako batean, bolada hartan, horrek poema bat ekarri zidan, ideia bat».

Basurdea poeman, berriz, Mundo Deportivo-n agertutako albiste bati aipamena egin dio; hain zuzen, albiste horretan duelako hazia. Kazeta horretan irakurri zuen basurde bat itsasotik agertu zela Alacanteko (Herrialde Katalanak) hondartza batean, eta «turistei eraso» egin ziela. «Eta poema bat bururatu zitzaidan, lehenago inoiz bururatuko ez litzaidakeena, ezta orain ere».

«Hori da pixka bat niretzat zer den poesia; noizbehinka bisita egiten dit, eta gehienetan ez. Liburu honetan, hori gertatu da».

Xabier MontoiaIdazlea

Azalpen horiekin hobeki uler daiteke nola bizi izan duen egileak idazteko jarduna. «Hori da pixka bat niretzat zer den poesia; noizbehinka bisita egiten dit, eta gehienetan ez. Liburu honetan, hori gertatu da».

Izenburuak ematen du aztarnarik liburuak biltzen dituen gaiez: Hiriak eta urteak, edo, bestela esanda, «espazioak eta denbora». Azaldu duenez, hiriei buruzko hamar poema daude, «hiriaren kontzeptuari buruz, eta baita hiri konkretu batzuei buruz ere; batzuk benetakoak, eta beste batzuk, fikziozkoak». Denbora, berriz, «poema bakoitzean» dagoela gehitu du. Bildumako bost poema ingelesez eman ditu idazleak. Idoia Unzurrunzagak hutsik dauden hirietan ateratako argazkiekin jantzi dute lana.

40 urteko ibilbidea

Duela 40 urte argitaratu zuen Montoiak bere lehen poesia liburua, Anfetamiña (Susa, 1983), Jose Angel Irigarai Pamielako editoreak gogora ekarri duenez. «Sekulako kolpea izan zen», haren ustez, euskal letretan egon ez den bestelako poesia bat ekarri baitzuen; «beste estilo bat, ikuspegi bat, lexiko bat, gauzak esateko manera bat. Kritikariek bere garaian jada esan zuten inkonformista zela, disidentea, joera estetikoaren kontrakoa, probokatzailea, estilo oso berezikoa, eliptikoa baina zehatza, indartsua, freskoa eta mikatza». Liburuan ageri den «mundu ikuskera oso etsitua eta kritikoa» ere nabarmendu ditu editoreak. Hamarkada hartan, lehenaz gain, «erreferente bezala geratu diren» beste bi lan eman zituen: Likantropo (1985) eta Narraztien mintzoa (1988). Bitarte horretan —eta gerora—, musikan ere egin zuen bere bidea.

Ipuingintzan eta nobelagintzan jardun zuen gerora, baita «obra gogoangarriak» utzi ere. Baina poesiarik ez zuen idatzi hainbat urtez. Harik eta Berlinen zela poema batzuk ondu zituen arte; lehen hiru liburuak «beste begirada helduago eta autokritikoago batekin» berrikusi, eta Alemanian idatzitako poemak gehituta, Bingo (Pamiela, 2005) osatu zuen.

«Poesia oraindik ere depuratuagoa, garatuagoa da, betiere dezepzioaren bazterretik idatzitakoa, estoldatik datorren lurrin horren baitan garatzen duena, baina, beste deus baino lehen, zinezkoa, benetakoa».

Jose Angel IrigaraiPamielako editorea

Kasik ia hogei urte igarota plazaratu du bilduma berria. «Oso berri ona» dela iritzi dio Irigaraik, Montoia «poeta puska» dela berresten duen lan bat delakoan. Poesia «oraindik ere depuratuagoa, garatuagoa» sumatu du, «betiere dezepzioaren bazterretik idatzitakoa, estoldatik datorren lurrin horren baitan garatzen duena, baina, beste deus baino lehen, zinezkoa, benetakoa».

Bingo-ri ere egin dio aipamena Montoiak, eta lan berriarekin lotu du. «Nire ustez, Bingo-n dago nire XX. mendeko poesia, eta hemen nire XXI. mendeko poesia. Ez dakit gehiago egongo den, segur aski ez, baina hauxe da nire XXI. mendeko uzta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.