Hostoen festa

Oreka TX, Amaren Alabak eta Kukai taldeek musika, ahotsak eta dantzak uztartuko dituzte 'Hostoak' ikuskizuneanDonostian estreinatuko dute elkarlanean sortutako lana, hilaren 19an, Kursaalean

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Hostoz josita dago zuhaitza. Sustraietatik jasotzen du izerdia, bizia. Euskal kulturaren zuhaitza elikatzen dihardute Oreka TXko txalapartariek, Amaren Alabak kantari taldeko kideek eta Kukai dantza taldekoek, nork bere esparruan. Sustraiak tradizioan ongi errotuta, baina adarrak berrikuntzara begira jarrita dauzkate. Hiru taldeek indarrak batu dituzte, hostoak kolore askotakoak direla erakusteko. Hostoak ikuskizunean, ahotsek, dantzarien mugimenduek eta txalapartaren erritmoek bat egingo dute, kolore guztietako hostoen festan. Hilaren 19an estreinatuko dute lana, Donostiako Kursaaleko auditoriumean.

«Adierazpide ezberdinetan ari garen baina ikuspegi antzekoak ditugun taldeek elkarrekin jarduteko genuen gogotik sortu da lan hau», Igor Otxoa lanaren zuzendari eta Oreka TXko kidearen hitzetan. «Guztiok gatoz euskal kulturatik edo tradiziotik, baina bakoitzak proposamen moderno edo garaikideagoetarantz eboluzionatu dugu nolabait». Proposamen horiek irudikatzeko hostoen metafora erabili dute, eta askotariko koloreak, formak eta «kontrasteak» agertuko dituztela iragarri. Ikuskizunean landu dituzten gaiak ere oso ezberdinak dira: maitasuna, natura, euskararen egoera, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremana... «Dinamika aldatzen da, musikaren, dantzaren eta kantuaren mugak gainditu nahi izan ditugulako».

Otxoarekin batera, Mireia Gabilondo eszena zuzendaria arduratu da hosto guztiak oinarri beraren inguruan biltzeaz. Eduardo Txillidaren aipu bat ekarri du gogora obraren mamia azaltzeko: zuhaitz baten moduan, sustraiak bere lurrean errotuta zeuzkala esan izan zuen eskultoreak, eta besoak, berriz, aski zabalduak, beste kulturetatik ere edateko. Dantza, musika eta ahotsa uztartuz sortu dute lana, eta Gabilondorentzat «hiru hizkuntza horiek bat nola bihurtu izan da erronka». Eta politena, berriz, nahasketa hori «festa» bihurtzea. Guztia borobiltzeko, Eñaut Muñoak sortutako irudiak tartekatuko dituzte.

Harrizko txalapartaren hotsak

Guztira, hogei bat lagun bilduko dira oholtza gainean ordu eta erdi inguruko ikuskizunean. Musikariak sei izango dira, guztiak Harkaitz Martinez de San Vicenteren zuzendaritzapean. Oreka TXko kidea Otxoa eta Mikel Ugarte taldekideekin ariko da egurrezko nahiz harrizko txalapartetan, baita tutuetan, bidoietan eta tututofonoa izeneko tresnan ere. Haiekin batera ariko dira Mixel Ducau (alboka, saxoa, klarinetea), Juanjo Otxandorena (bouzoukia) eta Iñigo Egia (perkusioa), Oreka TXrekin normalean aritzen den musikari taldea.

Oreka TXren orain arteko bidean «musikalki aberasgarrien» gertatu zaizkien tresnak hautatu dituztela azaldu du Martinez de San Vicentek. Guztien artean harrizko txalaparta nabarmendu du: «Harrietan landu ditugu batez ere kantuak, eta horrek egiten du musika ezberdina. Baina, aldi berean, musikari talde honek babes handia eman dio kantu bakoitzari». Oreka TXk sortutako piezak, herri kantak eta gainerako taldekideek proposatutakoak tartekatuko dituzte, guztiek txalapartaren erritmoa oinarri dutela. «Batzuetan oso hutsa geratzen da harriaren edo egurraren soinu soila, eta beste batzuetan, konposizio askoz ere jantziagoak agertzen dira. Hostoei koloreak aldatzen laguntzen du musikak».

Amaren Alabak osatzen duten sei ahotsek jantziko dute musika hori guztia. Hamar urtetik gora daramatzate Zuberoako sei emakumeek bai kantu zaharrak bai haiek sortutako moldaketak nahiz abesti berriak kantatzen. «Kantu zaharrari bizi berria ematea da gure helburua; kantu zaharrak birmoldatzen ditugu, bai hitzak, melodiak edo emateko manerak. Tradizioari gauza berri bat ekartzekotan egiten dugu lan, tradizioa atxikitzeko eta aitzina eramateko», azaldu du Ihitz Iriart taldekideak. Musika tresnarik gabe, beren ahotsarekin soilik aritzen dira Iriart, Graxi eta Maider Bedaxagar, Luxi Agergarai, Arantxa Camus eta Maika Etxekopar. Horregatik, Oreka TX eta Kukai taldeekin landutako elkarlana «biziki garrantzitsua» dela diote. «Guretzat musikarekin kantuan aritzea urrats handia da, eta dantzari batekin harremana ukaitea ere gauza berria da guretzat».

Emanaldiak hiriburuetan

Dantza koreografiak lantzeaz, berriz, Jon Maia arduratu da. Pieza askoren oinarrian erritmo tradizionalak badaude ere, jotzeko eta dantzatzeko moduan hiru taldeek elkarrekin bide bat egin dutela dio, «teknikoki, estetikoki nahiz bisualki gauza ezberdinak proposatzeko». Hiru taldeek indarrak bildu izanarekin oso pozik agertu da. «Azken batean, festa handi bat da hau; pozgarria da, eta uste dut hori bera transmititzen dela ikuskizunean». Maiarekin batera, Kukai taldeko Alain Maia, Urko Mitxelena, Eneko Gil, Vanesa Castaño eta Nerea Vesga dantzatuko dira ikuskizunean.

Donostiako emanaldiaren ostean, Hostoak Euskal Herri osoan erakusteko asmoa dute hiru taldeek. Hiriburuetako emanaldiak lotuta dauzkate dagoeneko, eta hilaren 25ean Baionako Antzokira iritsiko da ikuskizuna. Hurrengo egunean, berriz, Iruñeko Gaiarre antzokian egingo dute emanaldia. Martxoan, berriz, Bilbok eta Gasteizek hartuko dute ikuskizuna: 16an, Bilboko Arriaga antzokian ariko dira, eta 31n, berriz, Gasteizko Principal antzokian. Abuztuaren 11n Ipar Euskal Herrira itzuliko dira, Donibane Garazin emanaldi bat eskaintzeko. Maulen, berriz, urriaren 1ean ikusi ahalko da obra, Jai Alain.

Hiriburuez gain, Euskal Herriko beste herri batzuetan ere obra erakustea da taldekideen asmoa. Baita beste herrialde batzuetara eramatea ere, Otxoak azaldu zuenez. «Ikuskizunak herri honetako dantzaren, musikaren eta kantuaren alor garrantzitsu bat islatzen duela uste dugu, eta kanpoan ere interesgarria gerta daitekeela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.