Eñaut Larralde (Ezterenzubi, 1935) zendu zen herenegun, Baionako ospilean, eritasun luze eta larri baten ondorioz. Nekazari Jesuita eskolan ibilia, lanbidez nekazaria eta irakaslea izan da 1964tik Donapauleko (Nafarroa Behera) Errekart eskolan. Alabaina,Euskal Herrian kantagintzan egin ibilbide sakon eta luzeagatik ezagutua izan da Larralde, euskalgintzan eta kantagintzan egin lanagatik, hain zuzen ere.
Txikitatik koraletan ibilia,Eñaut Etxamendirekin batera kantuan egiteari ekin zion Larraldek. «Donapauleko eskolan biak irakasle ginen.Bazkal ondotik, kafea hartzean, kantan hasten ginen biok, etorkizunak ekarrikoziguna buruan izan gabe. Elkarrekin kantatzeko gustua horrela jin zitzaigun, pixkanaka», azaldu du Eñaut Etxamendik, Larralderen adiskide hurbil eta kantagintzako kideak. 48urtez elkarrekin, Euskal Herriko txoko ugaritan ibili dira biak kantan.
1967an, lehen aldikoz jende aurrean kantatzen hasi ziren Larralde eta Etxamendi, Behaxkanen ( Nafarroa Beherea),apaiz lagun batzuk galdeginik, eta, egin bi edo hirugarren kantaldian jada, 300 pertsona inguru bildu zirela azaldu du Etxamendik, izan arrakastagatik harriturik. «Berehala lotu zen jendea kantuari, Sorpresa baikorra izan zen guretzat».
Abertzaletasuna berpizten
Abertzale mundua birsortzen ari zen garai hartan Ipar Euskal Herrian, eta Larralderentzat kantatzea militantzia mota bat izan dela esan du Etxamendik, beretzat izan den bezala. Kantua, jendearengana hurbiltzeko eta garaian, Ipar Euskal Herrian zen ezinegona helarazteko bidetzat bizi izan du Larraldek. «Garai hartan, Ipar Euskal Herria husten ari zen,gizonak Ameriketara joaten ziren lanera eta emakumeak, berriz, Parisera. Gainera, biziki abertzale gutxi ginen; egoera ez zen aise. Eta Hego Euskal Herrian, pentsa!, frankismo garaia zen» esan du Etxamendik.
Kantuaren bidez, abertzaletasunaren alde lan egiteko hautua beharrezkotzat jo zuen Larraldek. «Mitinak egiten hasi ziren garai hartan, Enbataren bidez eta bera ere lotu zen mugimenduari. Baina arrakasta gutxi zuten hitzaldiek. Gauzak zuzenki erranez, herritarrak, bizi egoeraz kontziente izanik, min sobera hartzen zuten. Aldiz, kantu eta metafora bidez mezuak helaraztean, bihotzak berotzen genituen».
Hala bada, kantua zela medio, euskal abertzaletasuna berpizten, sentitzen zutena helarazten eta Ipar Euskal Herrian izan lehen kantaldien partaide eta bultzatzaile izan dira Etxamendi eta Larralde. 1968-1969 aldean hasi zirenkantu festibalak bultzatzen. «Ana Intxaustik, 1936an Hego Euskal Herritik ihes etorriak, bultzatu zituen kantaldi horiek. Ez dok Amairu, Manex Pagola, Pantxoa eta Peio, Benito Lertxundirekin... ibiltzen ginen kantaldiak egiten» erran du Etxamendik.
Larralde, egun, Ipar Euskal Herrian zabaldu diren haur kantu txapelketen sortzailea ere izan da, eta Gure Irratiaren bultzatzaileetako bat.
Kantagintzan ibilbide luzeko gizona izanik Larralde, disko ugari argitaratutakoa Etxamendirekin batera. 70eko hamarkadan, Ttiki-ttaka, Zutik, Egia, Hezurren balda eta Otsagabia disko txikiak aurkeztu zituzten. Lan luzeak ere plazaratu izan ditu betiereko bikoteak.Mai, Larralde, Etxamendi deitu diskoa 1980an, eta Garai garratzak 1988an.
1993an Larraldek kantatzeari uzteko erabakia hartu zuten, bere emaztea zendu ondotik. 15 urteko etenaldiaren ondoren, joan den urteko agorrilaren 14an,Zuberoako Garidaineko kantaldian egin zuten itzulera. « 15 urteko etenaldia egin aitzin, 18 urtez segidan, herri horretan kantatutakoak izan gara, sentimendu berezi batek lotzen zuen Larralde Zuberoari, artistaz eta sortzailez jositako lurraldea da eta», erran du Etxamendik. Ondotik gaur arte, Nafarroa Behereko Donibane Garazin eta Aierrako plazan ibili izan dira kantan, Larralde itzali den arte.
Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
www.badok.info
Hotsa bizirik
Eñaut Larralde herenegun zendu zen Baionan, euskal kulturari utzi oinordetza eta egin ekarpena bizirik segitzen duelaLarralde euskal kantagintzan egin ibilbide eta lanagatik ezagutua da Euskal Herrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu