Arkupe kultur etxean proiektatuko dituzte lan guztiak. Gaur goizean Ikasleen lehiaketakoak eman dituzte, eta arratsaldean Basque Culinary ataleko filmeen txanda izango da. Bihar, 19:00ak eta 21:00ak artean, IKO ikasleek 2012an osatutako Neurge pelikula ikusteko aukera egongo da.
Eta etzi, 17:00ak eta 20:15 artean, Sail Ofizialeko film finalistak proiektatuko dituzte. Ondokoak dira: Zela Trovke (Asier Altuna), Arconada (Asier Urbieta), Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa (Maider Fernandez, Maria Elorza eta Aitor Gametxo), Gosea (Itziar Cantero), Hotzanak (Izibene Oñederra), Hibernation (Jon Mikel Caballero), Bosgarren segmentua (Ander Parody Garai), No es un buen día para morir (Ruben Rosas), Democracia (Borja Kobeaga), Donde nunca pasa nada (Maialen Sarasua), A political story (Lander Camarero), Das Kind (Manu Gomez) eta Alejandra (Alberto Gastesi).
Jon Garaño zinemagileak, Anari Alberdi musikariak eta Maialen Beloki Donostiako Zinemaldiko Hautaketa Batzordeko kideak osatuko dute epaimahaia, eta honoko sariak banatuko dituzte: Euskazko film onenaren Goiena saria (1.200 euro), epaimahaiaren sari berezia (800 euro) eta Vertigo saria (600 euro); ikusleen saria ere egongo da jokoan, gainera (400 euro). Ikasleen lehiaketako sariak eta Basque Culinary-ri dagokizkionak ere emango dituzte.
Iaz, Koldo Almandozen Deus et Machina lanak irabazi zuen Goiena saria.