Badoa tentsioa behera. Egun bakarraren faltan, atzera kontaketan sartu da dagoeneko jaialdia, eta sumatzen da erritmoa nasaitzen. Akreditatuek 06:55eko alarma desaktibatuko dute gaur —goizeko zazpietan jarri behar izan dira egunero ilara birtualean, biharamunerako sarrerak lortzeko—, kenduko dituzte hesiak-pantailak-segurtasun zaindariak hiriaren erdigunetik, jaialdiaren estaldura gehiegizkoa dela irizten diotenek berreskuratuko dituzte bestelako gaiak, eta, onen-onena, frenoari emanda, denbora irabaziko dugu denok zinemaz bestela gozatzeko.
Z365. Jaialdia, ordea, gero eta indar gehiago jartzen ari da etiketa berri horretan. Zinemaldia urteko 365 egunetan barreiatu dadin. Eztabaida saioak, ikerketak, argitalpenak, zinemagileentzako egonaldiak, zinema eskolekiko elkarlana... Badirudi ez dela gehiago izango uztailean lerroburuetan agertzen hasi eta irailaren hondarretan burua lur azpira itzultzen zuena.
Asmoa humusa elikatzen segitzea da, zaletasunarena, zinemari loturiko pentsamenduarena, talentu berriena —(sic) glup!—. Foku mediatikotik at geratu ohi den Nest sailak, esaterako, 20 urte bete ditu aurten —munduko beste zinema eskoletan nabarmendu diren ikasleen lanak hartzen ditu—, eta behinola bertatik igarotako izenak—berdin Ikusmira Berriak programatik pasatutakoenak— sail dirdiratsuagoetan agertzen hasi dira gero eta gehiago. Laura Wandelena, esaterako; graduatu zenean egindako film laburra erakutsi zuen duela hamalau urte Nest-en, eta Un monde lan ederrarekin itzuli da Zabaltegi-Tabakalerara aurten.
Talentu berriak. Zama den etiketak izango du egiaren bere partea ere. Mamu bat bezala zaintzea komeni dena, distantzian, baina bistan. Elias Kerejeta Zine Eskolan lur hartu berri dutenen kasuan bezala: handik kontatu dit satorrak barre isilez begiratu ohi dutela elkar, nola ari den bakoitza bere mamuarekin dantzan. Denek nahi dute zinema egin. Denek nahi dute onenengandik ikasi. Egunotan, Wandelen beraren eta Celine Sciammaren eskolak jaso dituzte —Petit Maman ezin zainduagoa aurkeztu du bigarrenak, Tomboyeta Portrait de la jeune fille en feu aupatuen ostean—. Eskatu diot partekatzeko zerbait, gogoeta argitsuren bat, aipuren bat...eta hor hasi da, pasioz, audio mezuen jasa: Wandelek dioela espazioetatik hasten dela bera istorioak sortzen, plano oso itxiak erabili ikusleari parte hartze aktiboa eskatu eta eremuz kanpokoa irudikatzera behartzeko; Sciammak, berriz, joera orokorretik urrun, pertsonaiak beste leku batetik sortzen saiatzen ari dela azkenaldian, haien interes gatazketatik sortu ordez; egoerek ikuslearengan duten efektua kontuan hartuta idazten duela, pertsonaien barne mundua gehiegi landu barik... Koadernoa bete apunte beti Zinemaldiaren azkenetan.
MOBIOLA
Humusa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu