Hungariako ahotsak garaile

Cantemus Children's Choir abesbatza gailendu da Tolosako 42. lehiaketan, eta Europako Sari Nagusian parte hartuko du

Ainhoa Sarasola.
Tolosa
2010eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Hungaria eta AEBetako abesbatzek eraman dituzte Tolosako 42. Abesbatza Lehiaketako sari guztiak. Cantemus Children's Choir haur abesbatzak jaso du Kutxa Sari Nagusia, eta, ondorioz, heldu den urtean Europako Sari Nagusian parte hartuko du, Tolosan. Puntu erdiko aldeaz baino ez dio atera sailkapen nagusian AEBetako Salt Lake abesbatzari. Bi talde ekarri ditu abesbatza horrek lehiaketara, eta beste bost ataletako sari nagusi guztiak eraman ditu, baita publikoarena ere. Etxeko taldea, Hodeiertz-Oroith, bosgarren geratu da sailkapen nagusian, eta hirugarren ahots mistoen folklore atalean.

Leidor antzokiak hartu zuen sari banaketa ekitaldia, atzo goizean. Haur abesbatzen ataleko irabazlearen berri eman zutenean igo ziren lehen aldiz Cantemus Children's Choir-eko neskak taulara, beren herrialdeko jantzi tradizionalak soinean. Denes Szaboren zuzendaritzapean, Levente Gyongyosiren Confitemini domino kantatu zuten. Gogotik egin zien txalo antzokia lepo bete zuen publikoak. Txalo zaparrada are luzeagoa jaso zuten jarraian, Eva Ugalderen Dizdizka zeruan gabon kanta abestu zutenean. Kategoria bakoitzean euskal obra bat derrigor abestu behar dute abesbatza guztiek. Euskal obraren interpretaziorik onenaren saria ere Hungariako taldeak jaso zuen.

Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuaren eskutik jaso zuen garaikurra abesbatzako zuzendariak, baita Kutxa Sari Nagusia ere ekitaldiaren bukaera aldean. Zoltan Kodalyren Tancnota interpretatu zuten orduan. Behin saria jasota, ordura arteko zuzentasuna hautsi eta oihu eta besarkada artean bildu ziren neska gazteak, garaipena ospatzera.

Lehiaketa irabazteagatik, Tolosara itzuli beharko dute hungariarrek heldu den urtean, Europako Sari Nagusira.

Txapela 'factory'

Hungariarrek irabazitakoak salbu, AEBetara joan dira gainerako sari nagusi guztiak. Ahots mistoen kategorian, Salt Lake Choral Artists Chamber Choir taldea gailendu da polifonia eta folklorearen ataletan. Ahots taldeen kategorian, berriz, Salt Lake Vocal Artists taldearentzat izan dira sari nagusiak, musika profanoaren nahiz musika sakroaren ataletan.

AEBetara itzultzean txapela denda bat zabaldu dezakeela esan zion ekitaldiko aurkezleetako batek Brady Allred abesbatzako zuzendariari. Izan ere, garaikurrez gain, txapela bana eskuratu zuen sari bakoitzeko. «Txapela factory» gisa aurkeztu zuten taldea azken saria jasotzera zihoala, publikoaren barre artean. Irribarretsu atera ziren AEBetakoak kantatzera sari banatze bakoitzean, eta estilo askotariko piezak eskaini bazituzten ere, guztietan erakutsi zuten beste eszenaratze baten aldeko apustua. Zurruntasunetik urrun, taula gainean batetik bestera ibili ziren kantariak, lurrean eseriz, erritmoa gorputz mugimenduekin markatuz, edo txaloka nahiz kriskitin eginez. Josu Elberdinen Segalari pieza interpretatzean jaso zuten txalo gehien. Irrintzia eta guzti bota zuen taldekide batek. Hari jarri zion txapela, zuzendariari beharrean, Maria Jesus Aranburu Kultura diputatuak. Keinu maitekorrena Hodeiertz-Oroith taldeko kideei egin zien. Tolosa eta Ordiziako abesbatzek bat eginda parte hartu dute lehiaketan, eta University of Delaware Chorale-rekin ex-aequo irabazi dute hirugarren saria ahots mistoen folklore atalean. AEBetako talde horrek eraman ditu bigarren sari gehienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.