Hungariako eskola omenduko du Hamabostaldiak

Franz Liszt musikagilea izango da protagonista, baina Bela Bartoken lanak ere entzun ahalko dira aurtengo jaialdian

Romeo eta Julieta emango du Genevako Antzoki Handiko Balletak. - / BERRIA.
Erredakzioa
Donostia
2011ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Hungariako musikagileen eskolaren jatorria omenduko du Donostiako 72. Musika Hamabostaldiak. Hala, Franz Liszt (1811-1886) izango da aurtengo protagonista nagusia, baina Bela Bartok konpositoreak ere (1881-1945) bere lekua izango du jaialdian. Abuztuaren 7tik 31ra bitarteko egirauan, hainbat emanaldi eskainiko zaizkie Gustav Mahler, Jesus Guridi eta Tomas Luis de Victoria musikagileei ere, haien heriotzaren urteurrenak gogora ekartzeko.

Rossiniren Sevillako bizargina operaren antzezpenak irekiko du Kursaal auditoriumeko programazioa, abuztuaren 8an, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Manuela Custer, Jose Manuel Zapata eta Lorenzo Ragazzo abeslarien eskutik, besteak beste. Abonuko ohiko emanaldi sinfonikoak, berriz, Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoarekin hasiko dira. Bi emanalditan, Maurice Ravel, Bartok, Liszt eta Mahlerren piezak interpretatuko dituzte, azken hori Donostiako Orfeoiarekin. Frankfurteko Sinfonikoaren ondotik, Argien Mendeko Orkestra ariko da Kursaalean, Easo Abesbatzarekin batera Liszten Fausto sinfonia interpretatzen. Koloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoak, berriz, Liszt, Mahler eta Beethovenen obrez gain, Bartoken Bizar Urdinen Gaztelua opera eskainiko du. Budapest Festibal Orkestra izango da azkena; Liszt, Mahler, Johannes Brahms eta Antonin Dvoraken lanekin osatuko ditu bere bi emanaldiak. Dantzak itxiko ditu Kursaaleko ikuskizunak. Abuztuaren 20an eta 21ean, Romeo eta Julieta istorio tragikoa emango du Genevako Antzoki Handiko Balletak.

Viktoria Eugenia antzokian, berriz, bost saio izango dira. Nikolai Luganski pianista, Casals laukotea, Compagnie Thor dantzari taldea, Florian Boesch baritonoa eta Lawrence Brownlee tenorra ariko dira antzokian. Kursaaleko ganbera aretoan ere izango dira emanaldiak, tartean, Guridiren omenezko bi kontzertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.