Hura irakurriz ospatuko dute 'Obabakoak' obraren 25. urteurrena Arriagan, 2013an

Harkaitz Canok, Maialen Lujanbiok, Anarik eta Iñigo Aranbarrik gogoeta egingo dute liburuaz, datorren astean

Harkaitz Cano eta Maialen Lujanbio, BERRIA-ren Andoaingo erredakzioaren atarian, 2004an. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2012ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Bilbo Zaharra Foruma antolatzeko ardura «belaunaldi gazteen esku» utzia zuenean konturatu zen Peru Alberdi 2013an izango direla 25 urte Bernardo Atxagak Obabakoak literatur obra argitara eman zuenetik. «Urteurren gogoangarria, dudarik gabe, euskaltzale guztiontzat, eta bereziki Bilboko euskaltzaleontzat». Birritan pentsatu gabe ebatzi zuen Atxagaren liburu hori izango dela Bilbo Zaharra Forumak heldu den urtean egingo duen irakurketa jarraituaren ardatza.

Ordea, ekainera bitarte urteak luze joko du. Eta ospakizunarekin batera, gogoeta sustatu nahi du Alberdik. Obabakoak oinarri gisa hartuta, bada zer hausnartu eta zer kontatu. Lehen hiruhilekoan, Paisaiaren adiera goiburupean ariko dira Maialen Lujanbio eta Harkaitz Cano, eta Anari eta Iñigo Aranbarri. Hilaren 20an izango da lehen saioa, eta 21ean bigarrena, Euskaltzaindiak Plaza Barrian duen egoitzan, 19:00etan. Halaber, Leku hutsak, hitz beteak emango dute hilaren 22an, Joxeanjel Arbelaitzek eta Juanfe Garcesek zuzendutako film dokumentala.

Bilbo Zaharra Forumeko bigarren eta hirugarren hiruhilekoko egitarauek Atxaga izango dute ardatz, orobat. «Irakurketa jarraiturako giro bat sortuz joango dira, ekitaldirik ekitaldi». Arriaga antzokian egingo dute, urtero bezala. Eta aurreko urteetako markei eustea espero dute. Alegia, estilo askotako 400 bat lagunek parte hartzea.

Arriaga antzokiak badu beste berezitasun bat, Obabakoak liburuari dagokionez. 1988an Ereinek plazaratutako lehen edizioko azalak Arriaga antzokiaren irudia zekarren. Baina lehen hark baino ez. Ondoren argitaratutakoetan, sugandila ageri da. Pott Bandako kideei «keinu bat» egitearren eraman zuen Atxagak Bilboko antzokia Obabakoak liburuaren azalera. «Idatzitakoa gure talde hartan planteaturiko hainbat kezka eta larritasuni emandako erantzuna iruditzen baitzitzaidan», azaldu zuen erabakia idazleak, liburuaren 10. urteurrenaren harira Euskaldunon Egunkaria-n idatzi zuen Obabakoak. Zenbait kontu ttiki artikuluan. «Obabakoak ez hori bakarrik, baina erantzun bat ere izan zen; erantzun bat, azalean daraman Arriaga kafeko galderei emandakoa». Obaba izenak ere Bilbon gertaturiko pasadizo batean du sorrera, idazleak kontatu zuenez. «Bilbon bizi nintzen, hemengo apopilo etxe batean, eta ugazaba Zeanuriko andre bat zen. Magnetofono bat erosi nuen, eta probatzearren, esan nion zerbait kanta zezala. Espero nuen kanta arrunt edo ezagunen bat kantatuko zidala; eta hara non andre hori hasi zen Obabatxue, Obabatxue sehaska kanta kantatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.