Hurbil, zinemari esker

Hamabi zinemagilek binaka egindako gutun filmatuen trukeari buruzko erakusketa ikus daiteke BartzelonanVictor Erize, Abbas Kiarostami eta Isaki Lacuesta daude filmen egileen artean

Victor Erize, bere gutun filmatuetako batean. CCCB.
Leire Lopez Ziluaga.
Bartzelona
2012ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Totes les cartes. Correspondencies filmiques (Gutun guztiak. Korrespondentzia filmikoak) erakusketa ikus daiteke Bartzelonako CCCBn, otsailaren 19ra arte, zeinak hamabi zinemagilek binaka gurutzatutako gutun filmatuak biltzen baititu. Filmak MexikokoTlatelolcon Unibertsitate Zentro Kulturala (CCUT) eta Madrilgo La Casa Encendidan eman ziren lehenago, haiek ere parte hartu baitute erakusketaren ekoizpenean. Hain zuzen ere, 2006an CCCBk berak antolatu zuen Erice-Kiarostami. Correspondencies erakusketan du jatorria oraingoak. Zer material erakutsiko zuten erabakitzen ari zirela, ikus-entzunezko zenbait lan erakusketarako propio prestatzea pentsatu zuten. Victor Erizek proposatu zuen gutun filmatuak egitea, zinemagile bien arteko harreman zuzena sortzeko formaturik naturalena zela iritzita; «gai askotarikoak jorra ditzakeen osagai narratiboa» dela adierazi zuen orduan. Urrun bizi arren, zinemak hurbiltzen dituen zinemagileen arteko elkarrizketak dira gutun filmikoak, eta asko dute esperimentaziotik. Formatua ezagunagoa egin zen Erizek eta Kiarostamik elkarren artean egin ostean, baina lehenagotik ere baziren modu berean komunikatu ziren zinemagileak, tarteanNaomi Kawase, zeina oraingo erakusketan ere badagoen.

Geroago, Cinergies proiektua osatu zuen CCCBk, Kataluniako zinema eta beste herrialde batzuetakoa harremanetan jartzeko asmoarekin, bikoteak osatuz berriro ere. Zinemagilearen aberria munduko beste zinemagile batzuekin sentitzen duen sintonia dela pentsatuta hasi zuten proiektua. Hortaz, gutun gehiago sortu zituzten Albert Serrak eta Lisandro Alonsok, Isaki Lacuestak eta Naomi Kawasek eta Jaime Rosalesek eta Wang Bingek. Azkeneko korrespondentzia aurten bukatu dute Fernando Eimbckek eta So Yong Kimek —erakusketan zuzendari mexikar batek parte hartzea nahi zuten, CCUTk ere ekoitzi baitu— eta Jose Luis Guerinek eta Jonas Mekasek.

Erakusketarako, zinema areto txikiz osatutako lekua bihurtu dute CCCBko solairu bat, non filmak etengabe pasatzen dituzten; areto bat zinemagile bikote bakoitzarentzat, hain zuzen. Ikusleari hainbat galdera sortzen zaizkio zinema ere museoko pieza bihurtuta ikusita.

Zinemagile bikote bakoitzak erabaki zuen zenbat gutun filmatuko zituen, zer luzera izango zuten eta zein formatu erabiliko zuten, eta, hortaz, lan aski ezberdinak sortu dituzte.

VICTOR ERIZE



(Karrantza, Bizkaia, 1940)

ABBAS KIAROSTAMI



(Teheran, Iran, 1940)

96 minutu / 9 gutun

Erizeri eta Kiarostamiri elkarrekin erakusketa bat egitea proposatu zietenean, batak bestearen lana oso gustuko zuela adierazi zuten zinemagile biek, eta oso hurbileko ikusten zutela bata bestearen zinemaren ikuspegia. Erizek hasi zuen zuzendari bien arteko elkarrizketa filmikoa, 2005eko apirilean. Antonio Lopez margolariaren lorategian grabatu zuen aurreneko gutuna, El sol del membrillo (Irasagarrondoaren eguzkia) filmatu zuen toki berean. Kiarostamik behin baino gehiagotan adierazi zuen film hori miresten duela, eta bere bigarren gutunean omenaldi bat egin zion, irasagar batek ibaian behera egindako ibilbide ederra azalduz. Haren lehen eta hirugarren filmak ere ederrak dira: batean, behi baten gorputzeko atalen lehen planoak; bestean, egun euritsu batean auto barrutik ateratako irudiak. Interesgarria da nola bilatzen duten komunikatzeko modua, nola bilatzen dituzten puntu komunak. Esate baterako, Erizek Kiarostamiren gutun bat jarriko dio artzain bati, eta horixe grabatuko du. Dena dela, irandarrak gutunak berandutzen zituen, eta oso presente egongo da hori trukean. Hortik abiatuta sortuko dira azken bideoak: Erizek eskuz idatzitako gutun bat bota zuen abuztuan itsasora Kiarostamirentzat, eta haren ibilbide imajinarioa grabatu zuen martxora arte, berandutzea transmititzeko asmoarekin. Bakoitzaren azken bideoan, botila hori non bukatu zen ikusiko dugu.

ALBERT SERRA



(Banyoles, Herrialde Katalanak, 1975)

LISANDRO ALONSO



(Buenos Aires, Argentina, 1975)

169 minutu / 2 gutun

Serrari eta Alonsori bata besteari gutun filmikoak bidaltzea proposatu zietenean, Banyoleskoak gutun bakarra trukatzeko proposamena egin zuen, irauten zuena irauten zuela; hain zuzen, haren filma da erakusketako luzeena, alde handiz: 2 ordu eta 26 minutu irauten du (horrena kenduta, erakusketako filmik luzeenak 22 minutu eta 55 segundo irauten du). Haren asmoa «filmazio batean ikusten ez denari buruzko film bat» egitea zen, «filmetako alde ludikoa» erakustea. Hortaz, Honor de Cavalleria-n parte hartu zuen taldearekin itzuli zen Mantxara (Espainia), eta eztabaidatzen, istorioak kontatzen, elkarri adarra jotzen, elkarrizketa aspergarrietan murgilduta, elkarri buruz gaizki esaka... grabatu zituen aktoreak. Existitzen ez den film baten grabazioaren jarraipena egin zuen erakusketan ikusgai dagoen filma sortzeko. Interesgarria da fikzioarekin egiten duen jokoa, aktoreek badakite-eta ustez modu naturalean egiten dutena film bat izango dela. Alonsok, berriz, bere zinemaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hausnartu nahi izan du. Horretarako, bere lehen filmeko protagonista berreskuratu du; aizkolaria da hemen ere, baina idazten ari den hurrengo filmeko osagaiak gehitu dizkio lanari, bere zinemaren etorkizuna ordezkatzeko. Horrenbestez, nork bere zinemari buruz gogoeta berezi bat egin du elkarri bidali dioten filmaren bidez.

ISAKI LACUESTA



(Girona, Herrialde Katalanak, 1975)

NAOMI KAWASE



(Nara, Japonia, 1969)

43 minutu / 7 gutun (In Between Days deitu diote sail osoari)

Gutunak trukatzen hasi aurretik, behin baino ez ziren izan elkarrekin Lacuesta eta Kawase, eta oso denbora laburrean, Kanariar Uharteetako (Espainia) jaialdi batean, baina Lacuesta liluratuta zegoen japoniarraren Shara filmarekin, bulkadaka grabatua zirudielako. Cinergies proiekturako, bakoitzak bi film grabatuko zituela erabaki zuten, eta Kawasek proposatu zuen aurreneko gutunean nork bere egunerokotasuna eta ingurua filmatzea, bestearentzat aurkezpen izateko. Hala, zinemagileen alde intimoa erakusten du korrespondentziak. Lacuestaren grabazioan emazteari ohean lo hartutako irudiak eta Banyolesko Darderren museoan hartutakoak nabarmentzen dira. Kawasek tonu intimista erabili zuen lehen filmean, semea aurkezteko, eta arinagoa bigarrenean, produkzio etxeko lankideak eta familiakoak aurkezteko. Adostutako gutunak bukatutakoan, erabaki zuten Bartzelonan egin behar zuten aurkezpenaren aurretik grabazio batzuk egingo zituztela, elkarrekin editatu eta bosgarren filma biena izan zedin, gutunen formatuari aldaketa txiki bat eginez, baina errebelatzeko orduan negatiboa belatu zen. Dena dela, gutunekin jarraitzea erabaki zuten: Lacuestak negatibo belatuarekin egin zuen hurrengo filma; Kawasek elkarrekin egon ziren egunetan hartutako argazkiekin. Lacuestak post-data bat ere gehitu zuen, Malin grabatua, haien korrespondentziak ordura arte izandako tonu intimistatik kanpo.

JAIME ROSALES



(Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1970)

WANG BING



(Shaanxi, Txina, 1975)

49 minutu / 3 gutun

Rosalesek aldez aurretik ezagutzen zuen zinemagile batekin egin nahi izan zuen gutun trukea, ezagutzen ez zituenekin egindakoak etsigarri iruditu zitzaizkiolako, eta Wang Bing aukeratu zuen. Txinatar zinemagileak hauxe esan zuen: «Jaimek nik bezala ulertzen ditu filmak, esperientzia bat bezala», eta halakoxeak dira grabazio hauek ere. Bartzelonako zinemagileak gutunaren formatutik aldentzea proposatu zuen, «ipuin laburraren formatuan barneratzeko»; hortaz, 15-20 minutuko filmak grabatzeko proposamena egin zuen, bakoitzaren ingurunea erakutsiko zutenak. Nork bere iruditeria erakusten du, bata bestetik urrun dauden espazioak filmatuta. Bere lehen filma Barajasko aireportuan grabatu zuen, Madrilen, eta denbora jarri zuen kontakizunaren lehen planoan: itxaroten dauden bidaiariak ageri zaizkigu, denbora pasatzeko hainbat gauza egiten. Bingen filmak, berriz, Happy Valley erakusten du, familia gutxi batzuk bizi diren Txinako nekazari herri pobre bat. Haurretan jarriko du arreta kamerak, herri horretan anai-arreba txikiak zaintzen pasatzen omen dutelako denbora haurrek. Denbora hor ere. Hirugarren filmean, Rosalesek Rio Tintoko meategia grabatu zuen: harri gorrixken plano zabal ederrak lehenengo, turistentzako ireki duten denda despertsonalizatua gero eta, azkenik, ikasle batzuk, beren familiek meategiekin izan zuten lotura galdu dutenak.

FERNANDO EIMBCKE



(Mexiko Hiria, Mexiko, 1970)

SO YONG KIM



(Pusan, Hego Korea, 1968)

41 minutu / 8 gutun

Sundanceko gidoi ikastaroan ezagutu zuten elkar zinemagile biek. Bakoitzaren lehen gutunean, estetika antzekoa ageri da, nahiko minimalista: hosto bat armiarma sare batean dantzan, eguzki ezin gorriago bat eguna amaitzen. Irudi iradokitzaileak biak, baina tonu bereko soinurik erabili gabe; soinuak bizitza arruntekoak dira; esaterako, autoen motorrak, kontraste ederra eginez. Bakitzaren bigarren gutunean, memoriak hartuko du protagonismoa: mexikarrak esklerosi anizkoitza izan ostean hildako aita oroitzen du; korear-estatubatuarrak senarraren memorian arakatzen du, eskuak filmatzen dizkion bitartean. Hain zuzen, adineko gizon baten eskuak ikusiko ditugu Eimbckeren erantzunean, haur bati eusten, eta haur horrek So Yong Kimek edukiko duena iragartzen du, ama izan baitzen trukean ari zirela. Haren hurrengo grabazioan, etxeko irudi bat erakusten digu, oso minimoa hori ere, pertsonarik gabe, umearen soinuak entzuten ditugula. Antzekoa da haren azken filma ere, etxekoen arteko elkarrizketak entzuten baititugu garabi bat grabatzen duen bitartean. Eimbckeren azken filmak hasierakoekin lotura egiten du: barraskilo bat erakusten digu maskorretik ateratzen eta, apurka-apurka, pantailatik ihes egiten.

JOSE LUIS GUERIN



(Bartzelona, Herrialde Katalanak 1960)

JONAS MEKAS



(Semeniskiai, Lituania, 1922)

99 minutu / 9 gutun.

Zuzendari biak elkarrekin izan ziren lehen aldian, Mekasek hauxe esan zion Guerini: «Bizitzaren aurrean erreakzionatzen dut». Lehen filmean, Guerinek horixe egiten duela esango dio bere kideari: kamera batekin bizitzaren aurrean erreakzionatu. Dena dela, sakonean gauza bera egiten ari diren arren, nork bere adierazteko modua erakusten du film hauetan. Guerinek tonu solemnearekin hitz egiten du, off-eko ahots analitiko baten bidez, kamera mugimendu lasaiekin, plano ondo pentsatuekin; Mekasek, aldiz, tonu alaian egiten du berba, kamera bere gorputzaren mugimenduen arabera mugitzen du, bizitzako zatiak harrapatzen ditu. Trukean ari diren bitartean bizi dituztenak erakutsiko dizkiote elkarri: Guerinen kasuan, hildako zinema kritikari bati egindako omenaldia nabarmentzen da, baita ondo bilatutako zenbait plano ere; esaterako, ate birakari batean islatzen diren irudiak; Mekasen kasuan, aspaldiko film bat editatzen ikusten dugun zatiak indar handia du, galdutako lagunak ikusten dituela, bere tonu alaia galdu gabe, baita oraingo lagunekin gustura jan-edanean ageri den zatiak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.