Zinema. Estreinaldiak

Hurrengora arte, Gotham City

Christopher Nolanek Batmanen gaineko trilogia arrakastatsua amaitu du 'The Dark Knight Rises'-ekin

Zalantzaz beteriko pertsonaia gorpuztu du Christian Balek Batmanen gaineko trilogian. BERRIA.
Gontzal Agote.
2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Dudarik ez da azken hilabeteotan ikusminik handiena sortu duen estreinaldia dela. Filmeko trailer bakoitzak oihartzun ezin zabalago izan du sarean; alde horretatik, onartu egin behar da Warnerrek oso ongi jakin duela informazioa kudeatzen.

The Dark Knight Rises trilogiaren amaiera da, ikuskizuna eta kalitatea uztartzen jakin izan duen formula baten azken atala. Komertzialki ezin arrakastatsuago gertatu da saila —bereziki The Dark Knight bigarrena— baina, batez ere, garrantzitsua izan da akzioa modu txukun eta erakargarri batean egiterik badela erakutsi duelako. Eta gaur egungo zinemagintzan hori ez da kontu makala.

2005ean ekin zion Batmanen bideari Christopher Nolanek. Orduan, zuzendari hasiberria zen, hiru film besterik ez baitzuen. Following izan zen bere debuta, Erresuma Batuan egindako ekoizpen xume baina interesgarria.

Bigarrenak, berriz, Nolanen izena denen ahotan jarriko zuen. Memento-k hasi berria zen mendeko narratiba nolakoa izanen zen aurreratu zuen, atzetik aurrera kontatzeko teknika harrigarri baten bitartez.

2002an Al Pacino eta Robin Williamsekin filmatzeko aukera izan zuen Nolanek. Liga berri batean zegoen, baina Alaskan girotutako thriller-ak ez zuen sobera harrera ona izan. Bere ibilbide artistikoa ataka horretan zelarik, Batmanen frankizia berpizteko aukera ailegatuko zitzaion.

Pertsonaia berrasmatu

Bob Kanek sortutako pertsonaiak bide luzea egina zuen ordurako, komikian zein telebistan. Ahaztezina da 1966an martxan jarri zen telesaila, bi urtez iraun zuena. Zineman ere moldaketa bat eta beste egina zen, baina 1989. urtean etorri zen saguzar-gizonaren lehen ekoizpen handia. Tim Burtonen eskutik izan zen, eta Michael Keatonek egin zuen Batmanena; Jokerena, berriz, Jack Nicholsonek. Princek jarri zion musika arrakasta handia izan zuen filmari.

Hurrengo urteotan, beste hainbat pelikula etorriko ziren gainbehera nabarmenean joan zen sailean. Burtonek berak egin zuen Batman Returns, eta haren lekukoa Joel Schumacherek hartu zuen. Batman Forever egin zuen 1995ean, Keaton gabe. Frankiziak hondoa jo zuen bi urte geroago Batman and Robin makalarekin.

Hamar urte geroago Nolanek pertsonaia berriro zinemaratzearen ardura hartu zuen. Batman Begins izan zen aro berriko lehena eta hasieratik argi gelditu zen oso bestelako irakurketa egin behar zuela. Akabo Burtonen barrokismoa, ongi etorri zalantzaz beteriko pertsonaiei. Christian Bale izanen zen aurrerantzean zaldun iluna, eta ondoan Michael Caine ezinbesteko laguntzaile zuen. Oraingoz Joker gabe, Liam Neesonek egin zuen gaiztoarena.

Filmak oso kritika onak izan zituen, eta komertzialki ere nahiko ongi funtzionatu zuen. Baina benetako eztanda 2008ko The Dark Knight-ekin etorriko zen, marka guztiak hautsi zituen filma. Askorentzat urteko film onenen artean izan zen Batman berriaren bigarrena, eta leihatilan dolar mordoa eskuratu zituen.

Horretan Balek ohiko arerioa izan zuen aurrez aurre, Heath Ledger. Filma estreinatu baino lehen hil zen aktorea, eta handik gutxira bigarren mailako aktore onenaren Oscar saria eman zioten.

Hirugarrena bi nobedade nagusirekin ailegatu da. Batetik, Bane izeneko gaizkilea da Batmanen etsia berria; Tom Hardyk egin du rol hori. Bigarren berrikuntza da Catwonanen agerpena, Anne Hathawayren eskutik.

Aurreko filmaren hariari segida emanez, egin zuen hilketa onartu ostean Batman desagerturik dago. Zortzi urte pasa dira eta Gotham Cityn nahiko giro lasaia dago, batez ere Dent lege gogorra indarrean dagoelako. Baina gauzak aldatuko dira kateme arriskutsu baten agerpenarekin. Lapur abila da eta plan misteriotsu bat eraman nahi du aurrera.

Dena are gehiago okertuko da Bane ailegatuko denean, pertsonaia maskaratuaren agerpenak Batmanen itzulera behartuko du. Hala ere, ez dago batere garbi Batman gai izanen ote den Baneren botere suntsigarriari aurre egiteko.

'THE DARK KNIGHT RISES'

Zuzendaria: Christopher Nolan.

Aktoreak: Christian Bale, Tom Hardy, Anne Hathaway, Liam Neeson, Michael Caine, Gary Oldman, Joseph Gordon-Levitt, Marion Cotillard, Morgan Freeman.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2012.

Iraupena: 164 minutu.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian, eta hurrengo asteazkenean, Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.