Hutsaltasunaren isla

Bilboko Rekalde aretoak Bizkaiko Aldundiaren beka jaso duten sei artistaren obrak erakutsiko ditu

Iñaki Larrañaga Aizpurua.
Bilbo
2014ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Atenasko Akropolia eta New Yorkeko Seagran etxe orratza. Edo beste era batera esanda: antzinako greziar polisa versus lorik egiten ez duen hiri distiratsua. Historia eta istorio askoko ikurrak dira biak. Biak ezberdinak. Baina azkar batean igarotzen dira bisitarien begietan. Kasu askotan, argazki soilak atera eta hurrengo monumentura joateko bitarteko geltoki, besterik ez. Iranzu Antonak (Iruñea, 1979) halaxe uste du behintzat, eta paradoxa hori irudikatzen saiatu da Dar encuentro izeneko erakusketan. Bilboko Rekalde aretoan antolatu dute erakustaldia, eta martxoaren 2ra arte egongo da zabalik.

Antonaren erakusketa Bizkaiko Aldundiak eskainitako Arte Sorkuntzarako beka programaren barruan dago, eta urriaren 12a bitarte, Barriek zikloak beka jaso duten sei artisten artelan plastikoak erakutsiko ditu Rekalden.

Iruñeko artistak izan du erakustaldia zabaltzeko ardura. Bekari esker, bere ideiak sakontzeko aukera eduki du Grezian eta AEBetan eginiko egonaldietan, eta horien emaitza dira aurkeztutako artelanak. «Oso bestelakoak diren bi arkitektura mota erabili nahi izan ditut egitasmo honetan. Partenoia eta Seagran etxe orratza ikurrak dira gaur egun, eta biek dute oinarri arrazionalista bat. Hala ere, forma eta espazioa ulertzeko era ezberdinak dituzte», adierazi du Antonak.

Zabalik urrira arte

Iruindarra da Antona, baina Bilbon bizi da. 2005ean Arte Ederretan lizentziatu zen, eta geroztik zenbait beka jaso ditu Nafarroako Gobernuaren eta Bizkaiko Aldundiaren eskutik. Horrez gain, tailer askotan parte hartu du. Txuspo Poyok Bilbon zuzendutako Falsos márgenes: mucho ruido y pocas nueces izenekoan, adibidez, eta baita Bartzelonako Tapies fundazioak antolatutako beste batean ere, Ibon Aranberriren ardurapean.

Artelanak Kabinete Abstraktua gelan egongo dira ikusgai. Horien artean egongo da Atenasko Akropoliaren argazki soilekin eginiko proiekzioa. Turista batek aterako lituzkeen ohiko argazkiak ditu oinarri. «Askotan, irudi sinpleak ateratzen ditugu, horren atzean dagoen benetako handitasuna ulertu ezinik», azaldu du. «Arkitektura ikuspegi hutsal batetik ikusten ditugu, besterik ez». Aipatutako proiekzioaz gain, nazioarteko arkitektura irudikatzen duten beste irudi bilduma bat eta erakusketarako apropos eginiko eskulturak ikusi ahalko dira.

Maite Garbayo iruindarra historialari eta arte kritikaria da, eta hitz gutxitan laburbildu du artelan bildumaren funtsa: «Aretoan elkarren aurka talka egiten dutetestuinguru urrun eta ezberdinei dagozkien bi paradigma formalek».

Erakusketa zikloa urrian bukatuko da. Antonaz gain, Taxio Ardanaz, Lourdes de la Villa, Mikeldi Perez, Iker Serrano eta Alvaro Gil igaroko dira bertatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.