Jon Benito eta Beñat Sarasolari iruditzen zaie arte diziplina batzuk modu abangoardistan landu izan direla Artelekun, hainbat gai jorratzean, baina literaturarekin ez dela halakorik egin Gipuzkoan. Bai, badakite probintzian badaudela literaturarekin lotutako hainbat esperientzia —Literaktum, herrietako literatur tertuliak...—, baina pentsatzen dute artearen beste diziplinek moduan, literaturak ere eduki dezakeela abangoardia izateko aukera, hutsune bat betetzeko abagunea. Horri bide egiteko intentzioarekin sortu dute Memory Dump kolektiboa, eta Berrirakurtzen zikloa izango da haren lehen egitasmoa.
Urtea amaitu bitartean gauzatuko dute Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, zortzi egunetan. Horietako bakoitzerako artista bat gonbidatuko dute, eta liburu bat hautatzeko eskatuko diote. «Artista gonbidatuko dugu obra horrek sorrarazi diona azaltzera. Sentipen horiek izan daitezke emozionalak, intelektualak, artistikoak...», azaldu zuen Benitok, atzo, aurkezpenean. 45 minutuko saioak izango dira. Liburuaren egilea aurkeztuko dute aurrena, eta gero obra bera laburtuko dute, hasteko.
Baina librea da proposamena, Benitoren esanetan. Bihar, zikloa irekiko duen berrirakurketan esaterako, Sarasolak Alberto Moyano kazetaria, lehen gonbidatua, elkarrizketatuko du. Mari Luz Esteban antropologo eta idazlearena, berriz, hitzaldia izango da, eta Koldo Almandoz zinemagilearenak eta Maialen Lujanbio bertsolariarenak performatiboak, antolatzaileen esanetan; lehenak, adibidez, bideo bat egingo du. Kolektiboko kideek ez dute zehaztu kulturuneko zein tokitan egingo diren berrirakurketak, bakoitzaren berezitasunen arabera hainbat lekutan gauzatu ahal direlako. Behin artista bakoitzak bere berrirakurketa propioa egin ondoren, ikus-entzuleek beraien esperientziak partekatzeko aukera izango dute. Eta ez da beharrezkoa liburua irakurrita edukitzea. «Liburuak estimatzen dituzten guztientzat da».
Artelekurekiko loturak
Hain zuzen, Mikel Lasa poetaren Memory Dump antologia bereziki estimatzen dutelako jarri diote izen hori kolektiboari. Koldo Mitxelena eta Artelekurekin batera gauzatu dute lehendabiziko egitasmoa, eta Sarasolaren esanetan, haien asmoa da gehiago prestatzea: «Gipuzkoan egiten ez diren ekintzak egin nahi ditugu». Garazi Lopez Etxezarreta Gipuzkoako Diputazioko Kultura zuzendariaren iritziz, Artelekuren jatorrizko asmoarekin oso lotuta dago Memory Dumpen proposamena: «Artearen sorkuntzaren inguruko hausnarketa eta eztabaida jendarteratzea proposatzen duelako».
Hutsune literario bat betetzeko
Zortzi artistak parte hartuko dute Memory Dump kolektiboak antolatutako Berrirakurtzen tailerrean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu