Asmo jakinik gabe hasi ziren elkartzen Lara Mitxelena, Haritz Ezeiza, Ixiar Jauregi eta Sebastian Ustarroz, Bitartean taldeko kideak. «Betidanik aritu gara euskal musika tradizionala jotzen, eta guri gustatzen zaizkigun beste estiloekin nahastu nahi genuen», gogoratu du Jauregik. Egiten zutenarekin gozatzea zuten hasierako helburua, baina, ohartzerako, lehenengo diskoa kaleratu dute: Bidean.
Eta diskoaren izenak badu zerikusirik taldearen izaerarekin, grabatu aurretik hasita baitzeuden nazioartean bidea urratzen. Berriki izan dira Irlandan, Eskozian eta Frantzian. Egiten duten musika testuinguru berrietara zabaldu nahi izan dute, eta pentsatu zuten Europan bira bat egitea:«Gaur egun indarrean dauden gainerako musika estiloen neurrira igo nahi dugu folklorea ere». Ezeizak txistua eta alboka jotzen ditu; Jauregik, perkusioa eta txalaparta jotzeaz gain, abestu ere egiten du; Ustarrozek gitarra jotzen du; eta Mitxelenak, txalaparta eta akordeoia. Hain zuzen ere, alboka, txalaparta eta txistua izan dira atzerrian ikusmin handiena sortzen duten instrumentuak, Jauregiren iritziz. Azalpenak emateko baliatu dute haien arreta: «Gustura eta pozik aritu gara gure tradizioaren ezaugarri diren instrumentuen berri ematen».
Duela gutxi itzuli da Bitartean Europako zenbait herrialdetan egindako biratik. Atzerrian jaso duten bezalako babesa izaten dute hemen ere, Jauregiren arabera. Babes horri esker, hain zuzen ere, iritsi dira diskoa grabatzera. «Gure artean geldituko zen zerbaiten gisan ikusten genuen hasieran, baina, Galesen egin genuen biraren ondoren, eta jendeak egindako eskaerei jaramon eginez, disko bat grabatzea erabaki genuen azkenean». Emaitzarekin gustura daude orain, eta gogoz, aldi berean, etxetik gertu ere kontzertuak jotzeko.
Euskal musika tradizionala, hala ere, ez du uste osasuntsu dagoenik. Iruditzen zaio publikoaren aldetik ez duela estimu handirik jasotzen: «Erromeriak, dantzaldiak, kalejirak... Saio asko izaten dira, bai, eta horien atzean antolakuntza lan handia dago. Ez dut uste, dena dela, horri behar bezalako garrantzia ematen zaionik».
Musikari iaioak
Musika ikasketak egindakoak dira Bitartean taldeko kide guztiak, eta gaur egun ere musika irakasle dira horietako batzuk. Parte hartu duten lanetako askotan Juan Mari Beltranekin batera aritu dira, eta hori haientzat «ohorea» izan da. «Juan Mari Beltranen ikasle izan ginen hasieran, eta, gaur egun, harekin batera aritzen gara irakasle». Ezeizak eta Mitxelenak, bestalde, hainbat dantza talderekin lan egin dute.
Ustarroz, berriz, argentinarra da. Hego Haizea eta Chaca Hiru taldeetan gitarrista moduan aritutakoa da, baina, Euskal Herrira etorri aurretik ere, Argentinako Cuarteto Misterioso eta Encantigo Jazz Latin Band taldean jotakoa da.
Diskoa Zarauzko Ars estudioan grabatu dute (Gipuzkoa), eta Antxon Sarasua arduratu da grabatzeaz eta editatzeaz.
Ia oharkabean heldu da diskoa
Nazioartean emandako kontzertuek eta publikoak bultzatuta grabatu du Bitartean taldeak 'Bidean' lehen lana.«Indarrean dauden beste estiloen neurrira igo nahi dugu folklorea ere»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu