musika

IAM rap taldea EHZ jaialdian

Uztailaren 1, 2 eta 3an izango da festibala, Heletan. Tiken Jah Fakoly eta Ken Zazpi ere ariko dira. Gaurtik aurrera salgai dira sarrerak.

2011ko otsailaren 14a
16:57
Entzun
Euskal Herria Zuzenean (EHZ) musika jaialdiak rapeko talde ezagun bat izango du aurten partaideen artean: IAM Marseillako (Frantzia) taldea. Lehen aldiz ariko da Euskal Herrian.

IAM 1990eko hamarkada hastapenean sortu zuten, eta "orain arte rap frankofonoaren historiaren lerro ederrenak idatzi ditu", erran dute EHZ jaialdiko arduradunek gaur. 1997an, L’école du micro d’argent diskoarekin "maisu kolpea" eman zuen, EHZren arabera. "Lanaren arrakasta komertzialaz gain, IAMk garai baten errealitate isildua plazaratu zuen, Frantziako jendartearen ainiztasuna agerian emanez, gizarte mailako gai sentsibleen bozeramailea izanez, hitz joko eta poseia finen bitartez".

Ondoren, taldeko kideek bakoitzak bere bideari heldu ondotik, 2003an berriro elkartu ziren. 2007an Saison 5 diskoa argitaratu zuten. 2008an bete zituen hogei urte taldeak.

Aurtengo Euskal Herria Zuzenean festibalean beste bi talde ezagun ere ariko dira: Tiken Jah Fakoly Boli Kostakoa eta Ken Zazpi Gernika-Lumokoa.

Jaialdiaren 16. edizioaren izango da 2011koa, eta uztailaren 1, 2 eta 3an egingo dute, Heletan. Gaurtik aurrera dago EHZren webean sarrerak erosteko aukera; hiru egunerako txartelak, 40 eurotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.