IAM rap taldea EHZn ariko da uztailean, eta Euskal Herrian lehen emanaldia izanen du

Uztailaren 1etik 3ra Heletan izango diren beste izen iragarrien artean, Tiken Jah Fakoly eta Ken Zazpi daude

Akhenaton eta Shuri'N, IAM rap taldeko abeslariak. - / BERRIA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2011ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
IAM Marseillako (Frantzia) rap taldea lehen aldiz etorriko da Euskal Herrira uda honetan. Kontzertua uztailaren 1, 2 eta 3anHeletan (Baxenabarre) iraganen den EHZ jaialdiaren 16. ekitaldian du emanen, jaialdikoek atzo iragarri zutenez.

IAM rap munduko erreferentzietako bat da. Hogei urteak bete ditu 2008an. Testu barnatu bezain zorrotzak egiteagatik da ezagun, eta belaunaldi oso bateko ordezkari gisa ere ikusi daiteke. Bere fama hedatzen lagundu duten grabaketen artean, 1993ko Ombre est lumière diskoa dago (EMI). Bereziki bere baitako Je danse le Mia kantuarengatik, Top 50 arrakasta zerrendaren lehen lekuan egon baitzen asteetan.

Arrakasta komertzial handiena L'école du micro d'argent diskoak izan du (Delabel/Virgin, 1997). 1,5 milioi ale saldu zituzten mundu osoan. Klasiko bat bilakatua da geroztik. Hor Demain c'est loin kantua dago. Kasik bederatzi minutu irauten du, eta zimenduzko auzoen ikuspegi gordina marrazten du, barnetik bizia. Trantze bat bezala. Frantziako ehun rap kanturen artean, lehen tokian jarri du Abcdr du son web aldizkari rap musikan espezializatuak. Kantu haren jarraipena da, taldeko kide Akhenatonek erranik, 2006ko La fin de leur monde. Hamar minutuko abestihorrek munduaren irakurketa gordina eskaintzen du. Bideoklipa telebista kateek debekatu zuten, baina Interneten bidez arrakasta lortu zuen. Haurrak gosez hiltzen ari, poliziak jendea jotzen, tirokatzen, eskuin muturraren arrakasta, gizateriaren bortizkeria laburbiltzen du pieza horrek.

IAM taldeaz gain, Boli Kostako Tiken Jah Fakoly kantaria ere etortzekoa da jaialdira. Artista hori reggae musikaz baliatzen da hainbat mezu helarazteko. Bere musikaren bidez kontzientziak iratzartzea luke nahi.

Jaialdiak mementoko iragarri duen azken taldea Ken Zazpi da. Horren azken lana, Ortzemugak begietan (Elkar, 2010), maitasunaz, 36ko gerrako hobi komunez eta gaurko gizarteaz ari da, besteak beste. «Asko landutako diskoa da», Eñaut Elorrieta abeslariak adierazi izan duenez. «Emozioetatik abiatuta» sortu dituzte kantuak. Taldeak abenduan hasi zuen diskoaren aurkezpen bira, eta orain arte emandako emanaldi guztietan sarrerak berehala amaitzen dira.

Hiru egunak, 41 eurotan

EHZkoek mila sartze jarri dituzte salgai www.ehz-festibala.com webgunean. Bakarrik webgunean dira aurkituko. Sartze bakoitza 41 eurotan da. Hiru egun, bost eszenatoki eta 60 ikuskizun bizitzekoa ematen duten sartzeak dira, Love paseak izendatu dituztenak. Atzo jarri baitzituzten salgai, San Valentin egunari oihartzun ironiko bat eginez.

Behin sartze horiek saldu eta, 50 eurotara iganen dira hiru egunen sartzeak. Eta lekuan bertan 60 eurotan salduko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.