«Euskaraz mintzo garen orotan, globalizazioari ezetz esan, logika kontsumitzaile indibidualistari uko egin, eta elkartasun eta auzolana lehenesten ditugu». Hala aurkeztu du aurtengo azokaren mezua Jenofa Berhokoirigoin Ziburuko liburu eta disko azokaren antolatzaile eta Argia-ko kazetariak. Aurten, seigarren aldia izanen da euskara hutsezko liburuak eta diskoak erakutsiko dituztena. Ekainaren 7an izanen da, Ziburun (Lapurdi). 43 argitaletxe bilduko ditu azokak eta iaz ez zeuden lau argitaletxek parte hartuko dute. Errate baterako, Euskaltzaleen Biltzarra, Nabarralde, Talaia eta Rolariak argitaletxeak gehitu dituzte aurtengo aldian.
Baltsan kultur elkarteak eta Argia aldizkariak antolatzen dute azoka, eta Herriko Etxearen eta Euskal Kultur Erakundearen laguntza ukan dute aurten ere, Ziburuko plaza euskara hutsezko ekoizpen kulturalekin betetzeko. Erran dutenez, Euskaraz bagara duteaurtengo leloa. Ladix Arrosagarai Baltsan elkarteko kideak azpimarratu du «nehoiz baino garrantzitsuagoa» dela Ziburuko liburu eta disko azoka bezalako euskararen arnasguneak sortzea eta bultzatzea, hizkuntza gutituei Frantziako estatuko «politika kolonialen» ondorioz gertatu zaien gainbeherari kontra egiteko. Bide batez, argi eta ozen adierazi du euskarak herri egiten duela Euskal Herria, eta, ondorioz, Ziburuko plaza euskara hutsez betetzeko deia ere zabaldu du.
Doinuele euskara hutsezko plazen sareko zortzi ekitaldietarik bat da Ziburuko liburu eta disko azoka. Aurten, Aurelia Arkotxa idazle, irakasle eta euskaltzaina omenduko dute, liburu eta disko azokaren irekitze ekitaldian.
«Aurtengo berritasuna Rolariak elkarteak eginen dituen rol jokoak izanen dira; Herriko Etxe ondoan eginen dira, azoka egunean, 15:30ean»JENOFA BERHOKOIRIGOINZiburuko azokako antolatzailea
Proiektua sortu zenetik sei urte pasatu dira, eta Lapurdiz haratagoko euskarazko kultur agenda markatzen du liburu eta disko azokak. 120 metro erakusmahai instalatuko dituzte, eta bortz gune izanen ditu. Antolatzaileen hitzetan, lekuaren aldetik hertsapenak baldin badituzte ere, sei liburu aurkezpen eginen dituzte. Bertzeak bertze, eguna hasteko, Ane Zubeldiaren Konta liburua aurkeztuko dute, baita Garbine Ubeda eta Garluken Maurizia, biziminaren hotsa ere.
Literaturaz aparte, musikak ere bere lekua izanen du ekainaren 7an. Madame Birrots, Esanezin, Sara Zozaia eta Ekhi Lambert aditzeko parada ez ezik, Alabena eta Elkor-Karma taldeek ere haien proiektua aurkeztuko dutela zehaztu du Berhokoirigoinek. Bertsolaritzak ere bere lekua izanen du, bertso marrazki saioa eginen baitute. Aurten, Haira Aizpurua Ibargaraik eta Patxi Iriartek kantatuko dute bertan, Amaia Karrereren marrazkiez lagundurik. Ikusgarrietan berritasun bat badela erran du Argia-ko kazetariak, rol joko partidak egingo baititu Rolariak elkarteak. «Aurtengo berritasuna Rolariak elkarteak eginen dituen rol jokoak izanen dira; Herriko Etxe ondoan eginen dira, azoka egunean, 15:30ean».
Azokalditik azokarora
Iaz azokaldia egin zuten gisara, aurten azokaroa aurkeztu du liburu eta disko azokako antolatzaile Maddi Zubeldiak. Haren arabera, ekainaren 1a egun «potoloa» bada ere, apirilaren hondarraz geroztik antolatu dute azokaroa, eta kultur egitaraua osatu dute ekaineko azokaren giroan sartzeko. Hortaz, inguruko herriei, bai eta inguruko herrialdeei ere azokaroko egitarauan parte hartzeko parada eskaini diete. Sei ekitaldi antolatu dituzte aurten. Maiatzaren 16an Maddi Sarasuaren Biharraren hegietan liburuaren aurkezpen musikatua eginen dute Urruñako (Lapurdi) Berttolin, 19:00etan. Maiatzaren 19an, berriz, Euskaraz sortuz duin bizi? mahai ingurua eginen dute Lanartea elkartearekin batera, Euskal Irratietan, 19:00etan.
Azkenik, maiatza finitzeko, Mikel Epaltzaren Gizatasun arrantzale liburuaren aurkezpena antolatu dute Azkaineko (Lapurdi) Bil Tokin; eta maiatzaren 28an, Ekaitz Bergaretxek Masusta Erreximenta liburua aurkeztuko du, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) mediatekan, 19:00etan.