Literatura

Iban Zalduak 'Ipuina engainua da' narrazio lana kaleratu du

Ohikoa duen baino garapen luzeagoko hamasei kontakizunekin osatu du liburu berria, eta literaturaren zentzu kritikoari eta euskal ipuingintzaren ekosistemari egin nahi izan die gorazarre. Pello Lizarralde izan du lagun aurkezpenean.

Iban Zaldua idazlea, gaur goizean, Donostian. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
2022ko irailaren 12a
17:59
Entzun 00:00:0000:00:00

«Garai batean erabat sinetsita nengoen egile baten ausardia neurtzeko, ziur asko abangoardiako literatura oso gogoko nuelako, ezinbestekoa zela bere lanen formei erreparatzea. Baina urteak joan ahala konturatu nintzen idazle ausartak, batez ere, bere inguruan eta bere baitan begiratu eta gero, handik jasotakoak zorrotz ematen ikasi dutenak direla». Iban Zalduaren lan berriaren aurkezpenean partekatu du gogoeta Pello Lizarraldek, eta, ezbairik gabe, egile ausarten artean kokatu du hura: «Idazten hasi zenetik, oso ongi jakin du zer bideri jarraitu behar zion». Ipuina engainua da (Elkar) izena eman dio Zalduak ipuin bilduma berriari, eta inguratzen duen errealitateaz gezurraren bitartez idaztea defendatu du hark ere. «Pellorekin hitz egin izan dut nola badiren idazleak bere fikzioan beretik jartzen ez dutenak. Nahi nuke liburu honen ikur bat izatea niretzat fikzioak duen bertute nagusiena: norberetik idaztea ahalbidetzen dizula, norbera lehen planoan jartzeko beharrik gabe, hots, egozentrismoan erori gabe. Norberetik, baina ez norberarentzat».

Zalduaren lan berria, beste behin, liburu «anitza» dela esan du lehenik Lizarraldek, eta aniztasun hori literaturazale izatetik eratorri izana goretsi du. «Gutxi irakurtzen duten idazleak hainbeste ugaritu diren honetan, esango nuke ezohikoa ere badela ikustea zer garrantzia duen literaturak Ibanen lanean». Zalduaren ipuinetan «aurreiritzi gutxiko irakurle bat» topatu du hark, eta galdera bat liburuaren ardatzean: «Hainbeste ertz duen errealitate honen aurrean, ez ote den fikzioa [horietaz aritzeko] modurik eraginkor eta zintzoena».

Gezurrek eta beldurrek zeharkatutako pertsonaiak dira Zalduaren ipuin berrietan agertzen direnak, Lizarralderen esanetan, amildegirantz doazenak ezarian-ezarian. Xehe zerrendatu ditu irakurleak haien bueltan topatuko dituenak: «Heroi izatearen muga arriskutsuak zeharkatzeko gai direnen gezurrak, arazoaren muinetik ihes egitearren huskerietan nahasten direnen digresioak, urteak bete ahala beti lehengoan dagoela sinesten duenaren ameskeria barregarria, ilusio kolektibo handien kaxa irekitzeak eta ixteak eragiten duen gehiegizko nahigabea, beldurrak eragindako uste okerren metatzeak dakarren madarikazioa, eta beste».

Ahotsarekin baketuta

Eskerrak luze emanez hartu du hitza Zalduak —«euskal idazle gazteen belaunaldiak zerbait irakatsi badit hori da, liburuak kolektiboak direla»—, eta, gertukoak aipatzeaz gain, euskal ipuingintzari «oro har» eman dizkio eskerrak, beste batzuen ipuinak irakurri bitartean idatzi dituelako orain liburu berrian bildu dituenak. Eider Rodriguez, Uxue Apaolaza, Ana Malagon, Santi Leone, Iñigo Astiz, Urt Zubiaurre, Aintzane Usandizaga, Garazi Arrula, Iñigo Aranbarri eta Gotzon Hermosilla aipatu ditu, eta liburuak euskal ipuingintzari gorazarre egin nahi diola adierazi. Gorazarre baita literaturaren zeregin kritikoari ere. «Zeregin kritikoaz ari naiz, ez militanteaz edo panfletarioaz».

Aukera baliatu du, halaber, soilik euskal gatazkaz idazten duela uste dutenei erantzuteko. «Ez dut uste egia denik. Beti izan da nire produkzioaren parte, baina inondik inora ere ez gehiengoa. Are, agerrarazten dudanetan, gure errealitatean txertatuta zegoelako eta dagoelako, askotan ez da inondik ere gai nagusia». Halatsu ikusten du lan berrian ere: «Badaude ipuinak haren inguruan, baina ez dira ugarienak, eta ez dago beti lehen planoan. Gauza-ren kronikari bat baino askoz gehiago naizela pentsatu nahi dut».

Giro zein pertsonaia aldetik ipuin liburu «konpaktuak» nahiago dituztenen aurrean, zeina idazlearentzat «nobelaren inperialismoaren albo kalte bat» den, askotariko alez osatutako narrazio bildumen alde egin du Zalduak, eta istorioak batzeko beste modu batzuk bilatu behar direla defendatu. Kasu honetan, uste dut estiloak batzen dituela kontakizunak, eta aitortu du, gainera, liburu honekin heldu dela bera bere buruari ahots bat baduela aitortzera. «Horrekin beti izan dut gutxitasun sentimendu bat, agian gaztelaniaz idazten hasi nintzelako. Baina, orain, 25 urteren buruan, ikusten dut baietz, garatu dudala estilo bereizgarri bat euskaraz ere».

Luzera da ipuin berriak batzen dituen beste elementu nabarmena. Mardula da liburua —276 orrialde—, baina hamasei ipuin dira denera. Alderaketa bat egiteko, Inon ez, inoiz ez (2014, Elkar) bildumak orri kopuru bertsua zuen, baina 38 ziren ipuinak hartan. Zaldua: «Nire konfort zona abandonatu nahi izan dut, ipuin luzeagoen mesedetan». Ez guztiz, ordea. «Niretzat konfort zona guztiz abandonatzea izango litzateke nobela bat egitea edo poesian murgiltzea». Hala, ipuinokin izan duen erronka nagusia «dentsitatea» izan dela zehaztu du, eta ipuingintza modernoak bi adar baditu, Poe eta Txekhov, bigarrenaren ukitu errealistagora hurbildu dela erantsi.

Gehiago ere esan du: «Inpresioa daukat etapa berri baten hasiera markatzen duela liburuak».

Gezurraren alde

Liburua ixten duen Ipuina adulterioa da (gibelsolas gisa) testuari ere egin diote azpimarra bai Lizarraldek eta baita Xabier Mendiguren editoreak ere. 70 orrialdera heltzen da, eta saiakeraren eta ipuinaren artean dabil. Lizarralde: «Iruditzen zait irakurzaleek gozatzeko ipuina dela, eta, batez ere, idazleek. Galdera asko tiroka bezala ateratzen dira, eta erantzuna zuk eman behar dituzu. Nire ustez, Ibanen ipuin askok dute ez dakit jolaserako baina bai jokorako joera bat, gaiztoa gainera, nik asko estimatzen dudana; ez da gaiztoa sufriaraziz, da gaiztoa jakinda bera ere, egilea, hor dabilela, ez dagoela harrotzeko moduan. Uste dut literatura egiteko interesgarria eta zaila dela; hori egiten duenak asko ikasi duela».

Bonus track eran, lantzen ari den manifestu bat ere banatu du aurkezpenean Zalduak: Gezurraren aldeko oktalogoa. Oraingoz zortzi punturekin, baina hamar izan arte garatu nahi lukeena. «Oscar Wildek XIX. mendean jada idatzi zuen arduratuta zegoela gezurraren dekadentziarekin; orain zainak askatuko zituen». Gaiak bera ere arduratzen duela esan du, eta zuzen aldarrikatu du gezurraren, asmazioaren ahala literaturan. «Gezurra eta egia nahasten badira, akabo».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.