Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak izenburuak liburuko kontakizun ia guztietan errepikatzen den patroi bati erantzuten dio, Iban Zalduak gaur goizean Donostiako Elkar liburudendan egin duen aurkezpenean. "Errebelatzen diren edo ez diren sekretuak daude istorioetan", tabu txikiak eta handiagoak, "zeinak fikzioaren bitartez askoz ere hobeto isla daitezkeen". Alegia, esanahi orokorrago bat ere badu izenburuak: "Literaturaren bidez bizitza errealean esaten ez diren gauzak esaten saiatzen gara".
Xabier Mendiguren Elizegi Elkar argitaletxeko editorearen esanetan, "fikzioaren festa bat" da Zalduaren azken liburua: "Istorio aski laburrak oro har, gaien, estiloen eta tekniken ugaritasuna erakusten digutenak, eta egilearen trebezia: fantasiari zirrikitu bat irekitzen diotenak, bikoteen arrakaletan arakatzen dutenak, euskal gatazkari geruza berriak bilatzen dizkiotenak, elkarrizketa bidezkoak, txosten gisakoak, jostalariak, dramatikoak, ironikoak...".
Euskal gatazka edo Zalduak "Gauza" deitzen duenak oraingoan ere badu presentzia, baina ñabardura batez azaldu du Zalduak. "Gatazkaren inguruan idazleok dugun egitekoa oso xumea da beste batzuen aldean; kazetariek, historialariek dute egiteko garrantzitsuena gertatu izan denaren kontakizunak bilduz, errelatoa deitzen duten hori osatzeko. Ipuin hauetan gatazka bera baino gehiago azaltzen dira gatazkaren kontakizun horien inguruko kontakizunak eta hausnarketak".
Iban Zalduak Ana Malagon idazlearen eta Aitor Arregi zinemagilearen laguntza izan du aurkezpena egiteko orduan. Malagonen ustetan, gizartearen "megagauzaetako" bat da familiaren gaia: "Ibanek oso ondo islatzen ditu ipuinotan familietan dauden disfuntzioak. Alabek dute presentzia handia, batez ere... oso modu aberatsean jorratzen ditu familia barneko misterioak, sekretu txiki eta handiak...".
Arregiren ustez, Zalduak gaitasun berezia dauka "egoera arrunt batean elementu ez hain arruntak txertatu eta deserosotasun egoera bat sortzeko; horrek asko erakartzen nau. Gainera, haren literatura oso da zinematografikoa, ez irudien indarragatik, gertakizunen garapenarengatik baizik". Arregi bera Zalduaren Inon ez, inoiz ez liburuko Ama ipuinean oinarrituriko film laburra prestatzen ari da. lanak Mateoren ama izango du izenburutzat, eta edizio lanetean ari dira egun.
Iban Zalduak liburuan aurkezpena egingo du gaur arratsean Donostiako Tobacco Days liburu dendan, Koruko Heras piano jotzailearen laguntzaz [19:00].