Iñaki Zabaleta. Musikaria

«Ibar isilak sortu dit kantuak eta gauzak egiteko grina berezia»

'Ibar ixil batean' argitaratu du Iñaki Zabaletak, bakarkako bosgarrena. Hainbat herri kantu musikatu ditu, lehenago ateratako batzuk moldatu, baita berriak sortu ere, Juantxo Zeberioren moldaketekin.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2017ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Hamabost urtez argitaratu gabe egon ostean, Ibar ixil batean lana atera du Iñaki Zabaleta musikariak (Bergara, Gipuzkoa, 1949). Hamabi kantu bildu ditu, eta hainbat musikarik parte hartu dute, Juantxo Zeberioren bidez. Bihar Oiartzungo (Gipuzkoa) Done Eztebe plazan aurkeztuko du. 1974an argitaratu zuen lehenengo diskoa (Euskal Herriko kantu zaharrak), eta, Oskarbi taldean aritu ondoren, beste lau lan plazaratu zituen: Nafarroatik zehar (IZ, 1982), Hemeretzi (Elkar, 1988) eta Amodioa zer dan (IZ, 2002).

2002koa duzu azken diskoa. Zerk bultzatu zaitu hau egitera?

Lana utzita nengoen, eta bueltaka ari nintzen, zerbait irakurtzen... Xabier Leteren azken liburua irakurri nuenean, Neguan izan zen poemak halako zera bat eragin zidan, eta pentsatu nuen merezi zuela kantu bat egitea horrekin. Hala hasi nintzen, duela bi urte gutxi gorabehera. Horrez gain, errefuxiatuak ikusten nituen albistegietan, eta zer edo zer egin beharra zegoela iruditu zitzaidan: hitzik gabeko doinu bat osatu dut horrekin, adibidez. Poliki-poliki osatu dut lana. Grabatu beharra zegoela pentsatu nuen, eta Juantxo Zeberiorekin harremanetan jarri nintzen. Asko kostata, baina, azkenean, atera da.

Kosta, zergatik?

Orain arte ez nuen nik bakarrik egin diskorik, eta ez nuen uste horren gogorra zenik. Azala nola egin pentsatu behar da, musikariak bilatu, baimenak eskatu... Adibidez, Leteren kantuaren egiletza eskubidea Joxan Artzek dauka; beraz, hari baimena eskatu behar nion... Kasualitatez, une hartan gaixo zegoen Artze, eta baimena ez zen iristen... Nik, nire artean, pentsatzen nuen: «Kantua ez dago, ba, hain gaizki egina!». Baina azkenean iritsi zen baimena, zoriondu ninduen, asko gustatu zitzaiola... Eskerrak. Abestiak egiteaz gain, lan handia du diskoa autoeditatzeak, eta erdibidean nengoela dena harrika botatzekotan egon nintzen.

Noiz sortutakoak dira abestiak?

Denetarik dago. Doinu batzuk lehenagokoak dira —Erronkari, esaterako: aldatu egin dizkiot pixka bat hitzak eta doinua—; Zeberiok lagundu dit horretan. Kantu zaharren eta berrien nahasketarekin, ondo gelditu dela uste dut: euskal hariari jarraitu diot.

Transmisioa izan da, beraz, zure helburuetako bat?

Bai... Nire gustuko musika da, gustura sentiarazten nauena.

Nolakoa da Ibar ixil batean lana?

Esango nuke gozatzeko lan bat dela: baketsua, lasaia eta entzutekoa. Gaurko egunean, hainbeste orrorekin eta, presaka mugitzen gara mundu honetan. Lan honekin, kontrakoa izan dut asmoa: ea entzuten duenak atseden hartzen duen eta lasaitasunaz gozatzen duen. Gustura egin dut, eta nahiko nuke jendeak ere hala hartzea.

Zergatik izen hori?

Aspalditik neukan izen horrekin zerbait egiteko gogoa: Oiartzun ibarra da, baita Erronkari ere... Ibar isilak sortu dit kantuak eta gauzak egiteko grin berezia. Horrez gain, orain dela urte mordoxka bat, Antonio Valverde pintoreak, Antton Valverderen aitak, egin zuen liburu polit bat, berak euskaraz egindako lehena: Ibar ixillean. Bertan jaso zituen Oiartzungo ohiturak, baserritarrenak, artzainen bizimodua... Paraje bukoliko eta baketsu bat deskribatzen du, eta horri jarraitu diot.

Oiartzun herriari eskainitako kanta batzuk badaude diskoan.

Bai. Baneukan kantu bat aurreko diskoan Oiartzungo mendietan izenekoa, eta oraingoan egin dudana izan da kantu horren beste bertsio bat sortu; oso diferentea da. Oiartzun zarrari kantuz abestiko bertsoak [Inazio Eizmendi] Basarri bertsolariak egindakoak dira: gerraostean egin zituen, Francoren garaian, Batallon de Trabajadoresen zegoenean; Oiartzungo errepideak egiten aritu zen. Han bizi izan zen urte batzuetan, eta bertso batzuk egin zizkion herriari.

Bertso hori aukeratu nuen, zeren zortzi bertsotan kontatzen baitu Oiartzungo historia, eta uste dut hain erraz, ondo eta samur kantatutako bertsoak merezi duela aipatzea eta kaleratzea.

Hitzak ez bezala, musika guztiak zeureak dira.

Bai, herrikoiak dira batzuk, baina nire doinuak jarri dizkiet, bertsoak nire erara kantatzeko. [Joan Batista] Elizanburu XIX. mendeko poetarik inportanteena zen, eta uste dut merezi zuela aipamen berezi bat. Nire hirugarren diskoa Elizanbururen kantuekin osatu nuen, monografiko bat, nahiz eta ez zuen arrakasta handirik izan [barreak].

Zeberiorekin lan eginda zeunden lehenago?

Ez. Gustura sentitu naiz. Bere ekipoarekin lan egingo genuela esan zidan, hau da, Benito Lertxundiren musikari guztiekin, eta ni konforme [barreak]. Haiekin kantatzea plazera izan da.

Gustura, beraz, emaitzarekin?

Oso gustura, bai. Askotan gertatzen da gauza kurioso bat, eta pentsatzen dut ez naizela gertatzen zaion bakarra: kantuak egitea asko kostatzen da, eta pena da jendeak ez ezagutzea. Herri txikia gara-eta... Horrelako diskoak, euskal musika, beheraka doaz, gero eta gutxiago egiten dira. Orain rocka da nagusi, eta gazte jendeak beste era bateko musika egiten du, eta gu gelditzen gara pixka bat korrontearen kontra, izokinak bezala. Hala eta guztiz ere, uste dut kontuan eduki behar dela lanaren balioa edo kalitatea. Lan hau ona da, Juantxok berak esan dit eta Joxan Artzek ere bai—ez dut nik bakarrik esaten [barreak]—, eta merezi luke, gutxienez, jendeak ezagutzea. Hori da nire pena: jendeak ez ezagutzea.

Zer esango zenuke azalaren diseinuaz?

Gauza kurioso bat du azalak. Manu Muniantegiandikoetxeak egin du: hemendik aurrera, pertsona inportante bat izango da eskultura eta pintura alorretan. Musika Hamabostaldiko kartelaren diseinua hark egin du, adibidez. Kanpotik, linea geometrikoak ditu, zuzenak, inklinazio batzuekin. Eta barrukoarekin lotuta dago: barruan zuhaitzak daude, forma berarekin eginda. Naturarekin eta egungo eraikuntzarekin zerikusia du horrek: zuzentasuna da nagusi. Horri buruzko lan gehiago egin nahi ditu; beraz, azala proiektu zabalago baten hasiera da.

Baduzu kontzerturik emateko asmorik edo gogorik?

Gogoak, denak. Problema da musikariak behar ditudala; nik bakarrik ezin dut: hainbeste jendek parte hartu du diskoan, ni bakarrik joaten banaiz kontzertuetara, entzuleek pentsatuko dute ilea hartzen ari naizela. Lehenengo kontzertu bat emango dugu, eta gehiago ere eman nahi nituzke, baina ikusiko dugu. Nahi nuke kantu hauek Gipuzkoan eta Euskal Herrian zabaldu, zeren eta disko honetan XIX. mendeko poesia baitago, kantu zaharrak, Xabier Leteren poema eder hori —niretzat, egin duen ederrena—, errefuxiatuen kanta hori, Jean Batiste Larraldek egindako sehaska kantu bat... Zoragarria da abestia: askotan edertasuna sinpletasunean dago. Horrela sortzen dira gauzarik ederrenak. Maurice Raveli galdetu zioten ea Ziburun bizita zergatik ez zuen euskal musika lantzen, eta haren erantzuna izan zen: «Euskal kantua utzi lasai, bere sinpletasunean du edertasuna». Nik uste dut galanta esan zuela; hori bilatzen dut nik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.