Ibilbide osoari argazkia

Mikel Urdangarinek zuzeneko diskoa grabatuko du gaur, bere ohiko taldearekin, Bilboko Kafe Antzokian

Azken hamabi urteotako kantuak eskainiko ditu Mikel Urdangarinek, gaur iluntzean, Bilbon. DAVID HERRANZ.
Ainhoa Sarasola.
2010eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Hamabi urtetik gora daramatza oholtza gainean Mikel Urdangarinek (Zornotza, Bizkaia, 1971), baina horregatik ez zaizkio kontzertu bakoitzaren aurretik sabelean sentitzen dituen kirioak desagertu. Entseguz entsegu ibili da egunotan. Atsedenerako eguna zuen arren, urduri samar zegoela aitortu zuen atzo, Bilboko Kafe Antzokian emanaldia eskaintzeko bezperan. Badaki gaur bizpahiru kantu jo arte ez zaiola tentsio hori baretuko. «Hala behar du gainera. Zuzeneko bakoitzean biluztu egiten gara, eta dena emango dugu». Emanaldia grabatu eta udazkenean diskoa kaleratzeko asmoa du.

Zubia azken diskoko kantuak ere joko dituen arren, batez ere atzera begirako emanaldia eskainiko du musikariak. «Laburbiltze lan bat egin nahiko nuke zuzeneko honekin; lehendabiziko Haitzetan hartatik orain arte bildu diren kantu eta disko guztien artetik aukeraketa bat egin, eta hamabi urteotako nolabaiteko argazki bat atera». Bakarkako zortzi disko izanik, kanta ugari pilatu zaizkio, eta badu non aukeratu. «Zoratzeko moduan» ibili dela dio, «kostata» aritu dela zeregin horretan, baina, azkenerako, osatu du zerrenda; lagun batzuen eskariak kontuan hartu baditu ere, gogoari eta senari jarraitu dio aukeraketarako: «Badut arau bat: niretzat oso bizirik dauden kantak izatea». Abesti ezagunez gain, bi bertsio prestatu ditu zuzenekorako, ikusleei «ezusteko gozoa» eman asmoz. Horrez gain, kontzertu amaieran Josu Zabala musikaria oholtzara gonbidatuko duela aurreratu du.

Gainerakoan, azken urteotan alboan izan duen musikari taldearekin ariko da zuzenean: Bingen Mendizabal eta Rafa Ruedaz gain, Koldo Uriarte, Nika Bitxiaxvili eta Sahiela izango ditu lagun kontzertuan. «Oso harreman ona dugu. Zuzeneko honek ilusio berezia egiten badit haiengatik da, eta haiekin sortutakoa islatzeko nahiagatik. Uste dut geure soinua lortu dugula, eta talde honekin zerbait berezia dudala sentitzen dut; kantuak lantzeko eta ulertzeko orduan sekulako hurbiltasuna dugu».

Ehunka emanaldi eskaini baditu ere, orain arte ez du inoiz estudiotik kanpo eta zuzenean grabatutako diskorik kaleratu, horretarako gogoa aspalditik duen arren. «Zuzenekoa grabatzea musikariaren gogoaren baitan dago beti, lozorroan bezala, eta gogo horri galga jarri diot nik azken urteetan, nahi gabe, estudioko lanetan aritu nintzelako, edo gauzak horrela etorri direlako. Baina grabatzeko une egokia zela sentitu dut orain». Zuzenekoa grabatzeak arrisku puntu bat baduela, baina horrexek berak grabazioari «freskotasuna eta xarma» ematen dizkiola uste du musikariak. «Zuzenekoa oso gauza bizia da, kantuaren alderik biziena da zuzenean abestea».

Gogoetarako urtea

Lan gehienak diskoetxe batekin kaleratu ditu Urdangarinek, eta autoekoizpenera jo du beste zenbaitetan. Zuzeneko diskoarekin zein bide hartuko duen ez du erabaki. «Ikusiko dugu, baina horrek ez nau arduratzen, jakin baitakit aterako dela». Ziurtasun horretatik begiratu nahi dio geroari. «Aspaldian, ez dut gehiegi pentsatzen zer etorriko den. Geure esku ez dauden gauzetan pentsatzen eta eskura ditugunei kasu handirik egin gabe bizi gara. Nik ahaleginak egiten ditut, baina benetan zaila da pentsamendua hemen eta orain izatea». Nahasketa eta produkzio lanak lasai hartu nahi ditu, eta udazkenerako zuzenekoa prest izatea espero du. «Disko oso berezia izango da niretzat».

Horretan emango du urtearen zati handi bat musikariak. Traspasos dantza taldearekin prestatu duen Nora ikuskizuna han-hemenka aurkezten ere ibiliko da. Eta «buruari atseden emateko» ere baliatu nahi du 2011. Musikari gisa egiten duen lana «inoiz baino gehiago eta inoiz baino kontzienteago» bizi duela dio; musika «terapia, ukendua» da harentzat, eta ez du bere burua musikatik urrun irudikatzen. «Kaotikoa den bizitza honetan nolabaiteko ipar orratza da niretzat; beregandik urrunduta banabil, galduago sentitzen naiz. Musikari lotuta eta oholtza gainean sentitzen dut guztiak logika bat daukala, zentzua daukala. Bizitzari ilusioz ekiteko arrazoi sendoa topatu dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.