Ibilian egingo den bidea hasi du Kalostrak

Aste honetan ekin diote Donostiako arte esperimentaleko eskolako ikasleek lehen ikastaroari.Sei hilabete iraungo du

Asier Mendizabal artista, klaustroko kidea, atzo, Kalostran. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2015eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Donostiako Parte Zaharreko Santa Teresa komentuan kokatutako arte eskola esperimentalak aste honetan eman ditu bere bizitzako lehen pausoak; lehen pauso praktikoak behintzat, sorkuntza prozesuari dagozkionak lehenagotik baitatoz. Joan den asteartean hasita, sei hilabetez Kalostra izango dute ikasi, lan egin, elkar ezagutu eta beren esperientzia, iritzi eta ikuspuntuak trukatzeko gune hamabost artistak, denak, edo gehienak behintzat, hasiberri samarrak, ibilbide ez oso luzekoak oraindik. 1993an jaioa da gazteena, eta 1977an zaharrena, baina gehienek 25 eta 30 urte bitarte dituzte. Aldez aurreko programarik gabe eta gero titulu bat jasotzeko agintzarik gabe, lan egun orotan Kalostrara joan eta han lan jardun normal bati dagozkion orduak emateko konpromisoa hartu dute hamabostek, bakoitzak bere lan artistikoari bidea emateko, baina elkarrekin eta klaustroa osatzen duten sei artista ezagunekin etenik gabeko harremanetan oinarritutako ikasketa prozesuan.

Ana Laura Alaez, Jon Mikel Euba, Maria Luisa Fernandez, Asier Mendizabal, Itziar Okariz eta Sergio Prego dira Kalostrako klaustroa osatzen duten sei artistak. Asteroko txandetan banatuta, haietako bat izango da beti Kalostran, ikasleen lanak eta beren prozesuak bertatik bertara ezagutu eta, bakoitzak bere ikuspuntutik, komentatzeko. Asier Mendizabal da aste honetan, ikastaroko aurrenekoan, ikasleekin dagoen klaustrokidea, eta pozik da orain arteko martxarekin. «Lehenengo egun hauetan, eraikina bera ezagutu ondoren, ikasleak berak hasi dira espazioak eta baliabideak antolatzen», azaldu du Mendizabalek. «Oraindik ez dute elkar ezagutzen, eta elkarrekin kooperatzen hasi dira, eskolari hasieratik forma ematen hasteko, zerotik hasita, tabula rasa eginda. Ariketa polita dela uste dut».

«Oraindik, Kalostrako profila ez dago oso argi; egiteko dago», Mendizabalek dioenez, baina Euskal Herrikoak dira Kalostrako lehen ikastarorako hautatutako hamabost artisten erdiak baino gehiago, eta Euskal Herritik kanpotik etorritakoek ere badute «nolabaiteko konexio bat» Euskal Herriko artearen munduarekin, ez kasualitate hutsez, Mendizabalen ustez: «Badago hemen artearen munduan gertatzen denaren halako kontzientzia bat, eta horrek interesa pizten du, eta artista batzuk erakartzen ditu. Kontuan hartu beharrekoa da hori». Kanpotik etorritako artistetako batek ez daki ez euskaraz eta ez gaztelaniaz. «Horrek eguneroko lan moduak baldintzatuko ditu», dio Mendizabalek, baldintzatze horri inolako kutsu negatiborik erantsi gabe.

«Prozesu luzea» izan da Kalostra nolako eskola izan zitekeen pentsatu eta horren inguruko erabakiak hartuz joatea, eta prozesu horretan klaustroa osatzen duten sei artistek hartu dute parte, Xabier Gantzarain Kalostrako koordinatzailearekin eta eskolako lantaldea osatzen duten gainerako kideekin batera. «Gure esperientzian oinarrituta, gutariko batzuei iruditzen zitzaigun era oso espezifikoan hauxe falta zela hemen: artearen jarduna esperientzia zuzen batetik ulertuko lukeen kontestu pedagogiko bat; baina baita artea jakingai gisa identifikatuko lukeen toki bat ere. Arteak badu, normalean, beste diziplinekin elkarlanean halako diskurtso legitimatzaile bat sortzeko joera —eta hori beharrezkoa dugu, horrek gizartearekiko zubi lana egiten du—, baina badago, horrez gainera, artearen jardunaren beraren ezagutza esparru zehatz bat. Eta hori konplikatuagoa da identifikatzen, eta konplikatuagoa formaltzen. Artearen munduan, paisaia instituzionalaren barruan, zerbait falta izatekotan, hori falta zela iruditzen zitzaigun».

«Egitetik» ikasi

Klaustrokideei iruditzen zaie hezkuntzan oro har eta artearen hezkuntzan partikularki jakintza eskuratzeko ereduak «dispertsioa» duela ezaugarri nagusi, «eta ez kontzentrazioa», eta hutsune horri aurre egiten saiatu dira. «Guk nahi genuen probatu ea arteak berezkoa duen mundua sistematizatu ahal genuen. Alegia, artea ikasten dela esperientziatik, egitetik, eta —alde diskurtsibo bat ere baduen arren, eta halako interdiziplinartasun batean lan egin arren—, badagoela esperientzia bera transmititzea ere».

Kalostraren kasuan, garrantzitsua ez da lekua, denbora baizik. «Batetik, artistak bere esperientzia partekatuko du modu kooperatibo eta kolektibo batean, eta horregatik da eskola bat. Baina, bestetik, esperientzia hori denboran nahikoa luzatuko du, gertatzen has dadin gertatuko zenik ez zekien hori guztia».

Jakintzaren objektua bera ere ez dago aldez aurretik definitua Kalostran, eta «egitetik eta partekatzetik» eratorriko da. «Praktikak berak definitu beharko du jakintza horren objektua zein den». Horrek ez du esan nahi, ordea, klaustroko kide diren artistak ezer gabe abiatzen direnik. «Esperientzia badaukagu, eta gutariko bakoitzak badauka artearen ikuspegibat».

Artistek orain arte beren estudioetan edo han-hemenka antolatutako tailerretan egiten dutenetik ez da oso aparte izango Kalostrako ikasleek egunero egingo duten lana, baina «metodo edo modu pedagogiko batzuk esploratzeko» aukera ere emango du Kalostrak, Mendizabalen ustez; egiten den hori «formaltzeko» parada. «Klaustroaren asmoetan badago lan hori bere gain hartzea: halako memoria bat osatu, memoria horri forma eman, eta hortik abiatuta halako metodologia bat proposatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.