Idatzi ahala errez doazenak

Miren Agur Meabek 21 ipuin bildu ditu 'Hezurren erretura' lan berrian. Protagonista bera dute denek, eta bi garai ageri dira: haurtzarotik gaztarora artekoa eta helduaroa

itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Idazle batek jaso zuen pasadizoa: beste idazle bat topatu zuten behin ibilian, pentsakor, galdetu zioten zer zuen, eta adjektibo baten bila ari zela erantzun zuen hark. Berdinetan topatu zuten denbora batera, eta orduan ere erantzun, adjektibo beraren bila segitzen zuela. Ez zen bera, baina Miren Agur Meabe (Lekeitio, Bizkaia, 1962) izan zitekeen Leire Lopez editorearentzat. «Ez nintzen gehiegi harrituko Miren Agur Meaberen etxe ingurura joango banintz, eta paseoan topatuko banu adjektibo baten bila, edo beste edozein hitzen bila. Neurri handi batean, Meaberen literatura hitz zehatzaren bilaketa iruditzen zait». Eta hala ikusten du Hezurren erretura ere, haren lan berria. «Bilaketa horren beste emaitza bat da; hitz zehatzaren bilaketa bat, kontatu nahi dena kontatzeko forma zehatzaren bilaketaren parte dena, bata ez baitago bestearengandik banatuta».

Kristalezko begi bat (Susa, 2013) azken liburutik sei urtera plazaratu du lan berria Meabek, eta haren «bigarren zatia» ez bada ere, «nolabaiteko diptiko bat» osatzen duela aipatu du egileak. Nobela zen hura, eta narrazio bilduma lez aurkeztu du hau. 21 kontakizunek osatzen dute liburua, baina pertsonaia bat bakarra da denetan, eta bi planoren bidez eraiki du Meabek: haurtzarotik unibertsitaterako bidea eginezdoan neska bat ageri da batean, «munduan bere lekua egiten doana»; eta 55 urte inguruko andre bat bigarrenean, «bakardadeak hazten jarraitzeko bulkada eman diona». Bi planoak tartekatuz doaz narrazioak, oraina eta iragana txandakatuz; batzuetan bigarren lerroko elementu direnak erdigunean jarriz besteetan.

«Begi hartatik, hezur hauek»

Bizidunen azken arrastoak izan ohi dira hezurrak, «souvenir suntsigaitzak». Baina Meaberen lan berrian, ezer badira, honako haudira: «Aldean daramatzagun orotariko pisuen sinboloak; bizitzarenak, finean». Aurreko liburuekin hasitako bide bati ere jarraipena ematen diote, gainera, modu semantikoan: «Azalean hasi (Azalaren kodea), eskuekin jarraitu (Bitsa eskuetan), begian geldiunea egin (Kristalezko begi bat) eta gorputzaren barrenekoetara jotzen duen miaketaren eskema batean: begi hartatik, hezur hauek».

Hezurrekin batera, erretura hitza eraman du egileak izenburura; definizioz, landa eremuetan egiten den belar eta bestelako hondakinen erreketari dagokiona, ondoren ongarri modura baliatzeko. Eta Meaberen hitzetan, hezur orok —oroitzapen, gogoeta, pasadizo zein amets orok— balio du erreturarako. «Horrekin esan nahi dut edozer dela idazkuntzarako lehengaia. Idaztea erretzea da, eraldatzea, baita norberaren burua ere». Sei urte eman ditu lana ontzen, eta hasi zenean eta amaitu berri duen honetan, ez dela pertsona bera dio.

«Baina idazkuntzak ezin du bizitza bera erre», eta horretan dihardu 21 kontakizunetako protagonistak, idatzi ahala erretzen bizitzan pilatutako hezurrak: «Zor hartzekoak, azertuak, akatsak, pauso legitimo zein ilegitimoak, lezioak, ondorioak...». Hein horretan, nortasunaren eta memoriaren eraikuntzaz ere ari da Hezurren erretura, Meaberentzat, akorduetan bilatzen baititu gizakiak orainaren lorratzak. «Tintak ukitzerako», ordea, fikzio bihurtzen dira: «Biraketa subjektiboek, katamaloek, irudimenak, distrakzio maniobrek... etengabe kutsatu dute material hau idazkuntza, errekuntza, gertatu bitartean».

Zertzea eta nortzea, batera

Egindako lanari hiru oinarri finkatu dizkio idazleak. Bat, motibazio (auto)biografikoak. «Itun inplizitu bat dago hor, bizitza oroitzapen literario bihurtzeko askatasuna onartzen duena». Bi, «eguneroko bizimoduaren lirika, epika eta dramatika». Eta hiru, «ipuinari buruzko kontzeptu klasikoaren dilatazioa». Hots, ipuinaren ohiko mugak malgutzea, «istoriorik ez duten istorioak ere eskainita».

Estiloa idazlearen «marka» izanik, bere eginak dituen ezaugarriak agertu ditu Meabek lan berrian ere: deskripzio zaletasuna, baliabide poetikoen erabilera eta joera «enfatikoak, kosmetikoak zein sentimantalistak» uxatzeko hautua. Idazterakoan dituen «tiken» artean, eduki metaliterarioa eta idazkuntzari buruzko gogoetak txertatu ditu ipuinetan. «Sakonago edo azalekoago, beti dago presente pertsonaiaren eta ni neu naizen idazlearen arteko tentsio hori. Niretzat, izatea eta idaztea gauza bera da; batera ikusten ditut nortzea eta zertzea, eta, neurri horretan, beti egongo dira neure nortasuna berresteko balio duten baieztapenak, eta horietan inportanteena da idaztea».

Askotariko objektu eta testuren pila bat ageri da liburuaren azalean. Oihana Leundak egin du, eta Miquel Marti i Pol poetaren aipu bati lotu dio Meabek: «'Bizitzaren artea da bizitza arte bihurtzea'. Hemen dago bizitzako hainbat atalen multzo ñibirri-ñabarra, ederra bezain erregarria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.