Idazketa, hasi eta buka

Gutun Zuria jaialdiak idazketa, edizioa eta irakurketa izango ditu ardatz, hilaren 28tik apirilaren 1era. Anjel Lertxundik eta Cristina Riverak aitortza jasoko dute

Gutun Zuria jaialdiaren aurkezpena, atzo goizean, Bilboko Azkuna zentroan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Literatura ardatz bakar zela hasi zuen ibilbidea Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiak, 2008an. Hamabost aldiren ostean, literatura sortzeko, banatzeko, komunikatzeko eta kontsumitzeko modu berriak daudela islatuko dute festibalaren bitartez. Idazketa, edizioa eta irakurketa «prozesu beraren parte» direla nabarmendu du Ivan de la Nuez jaialdiko aholkulariak, eta horixe izango da, hain zuzen, aurtengo ardatz nagusia. Idatzi, editatu, irakurri lelopean, martxoaren 28tik apirilaren 1era bitarte egingo dute jaialdia, eta egitarau «zabala, askotarikoa eta kalitatezkoa» prestatu dutela aurreratu dute. Sarrerak salgai daude dagoeneko Azkuna zentroan eta jaialdiaren webgunean.

Martxoaren 28an abiatuko da jaialdia, eta askotariko topaketak, sortzaileen arteko elkarrizketak eta tailerrak prestatu dituzte, besteak beste. Hala ere, horietatik hiru baino ez dira izango euskaraz beren-beregi: Iban Zalduaren eta Miren Narbaizaren arteko solasaldia; Jon Gerediagaren eta Iñigo Martinezen artekoa; eta Eider Rodriguezen eta Katixa Agirreren artekoa. «Hala ere, ekitaldi bakoitzean aldibereko itzulpena eskainiko da euskarara, gaztelaniara zein ingelesera», aurreratu dute antolatzaileek.

Anjel Lertxundik emango dio hasiera aurtengo aldiari: Lecturas de los demás, lecturas de mí mismo solasaldia eskainiko du Adan Kovacsics idazle eta itzultzaile txiletarrarekin batera. Arratsaldean, berriz, Abraham Boba musikariak Esto no es una canción poesia errezitala egingo du Azkuna zentroko auditoriumean.

Guztira, 30 sortzailetik gora arituko dira jaialdiak irauten duen bost egunetan. Tartean, Manuel Rivas, Gonçalo M. Tavares, Juan Pablo Villalobos eta Elvira Navarro literatura garaikideko erreferenteak; Pol Guasch, Munir Hachemi, Leire Bilbao eta Sara Torres narratibako ahots berriak; Katixa Agirre eta Eider Rodriguez idazleak; eta Iñigo Martinez Peña, Jon Gerediaga eta Bob Pop autoreak, idazkera antropologiatik, filosofiatik, psikologiatik eta interpretaziotik jorratzen dutenak. «Aniztasuna da jaialdiaren bereizgarrietako bat, eta aurten ere hala izango da», nabarmendu du Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak.

Ohiko egitarauaz gainera, bestelako jarduera osagarri batzuk ere prestatu ditu Azkuna zentroak. Desideratak kale antzezlana izango da horietako bat. Esperientzia gisa planteatu du proiektua Rakel Esparza Azkuna zentroko programazio arduradunak: «Pazienteak liburuak diren ospitale bat bisitatuko du ikusleak». Mama Crea konpainiak eta Azkuna zentroak elkarlanean ondu dute ikuskizuna, eta martxoaren 20tik 27ra ikusi ahal izango da, Bilboko kaleetan. Horrez gainera, Desiree Rubio artistak bi tailer emango ditu, eta Juan Pablo Villalobos idazle mexikarrak ikasle topaketetan parte hartuko du.

Ohorezko sariak

Bilboko literatur jaialdiak iaz banatu zituen estreinakoz BBK Gutun Zuria ohorezko sariak, euskal autoreei eta nazioartekoei aitortza adierazteko.

Aurten, Anjel Lertxundi eta Cristina Rivera Garza idazleek jasoko dituzte ohorezko makilak, martxoaren 17an, Azkuna zentroan egingo duten ekitaldian.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara:

www.gutunzuria.azkunazentroa.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.