Idazlea

Ainhoa Urien: «Idazketa prozesu luzea izan da denboran, baina gorputzetik egin dut»

‘Ehun zaldi trostan’ bere lehen ipuin liburua argitaratu du Urienek. Zazpi narrazioz osatuta dago, eta hainbat gairi heldu die horietan: hasi baserriaren mundutik, eta gaur egungo gizartearen abiaduraraino.

Ainhoa Urien, Donostian, liburua aurkeztu zuen egunean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ainhoa Urien, Donostian, liburua aurkeztu zuen egunean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Lasarte-Oria
2025eko uztailaren 6a
04:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela hiru hilabete pasatxo kaleratu zuen Ainhoa Urienek (Abadiño, Bizkaia, 1995) bere lehen ipuin liburua: Ehun zaldi trostan (Elkar) —Ignacio Aldekoa beka irabazi zuen—. Lehen iritziak jasotzen hasi arte, «desertu moduko bat» pasatu duela aitortu du idazleak, baina, behin tarte hori pasatuta, «gozatzen» ari da orain. Zazpi ipuin independentez osatuta dago liburua, baina nobela bat ere izan zitekeen. Izan ere, ipuinetako protagonistak elkarren artean «txirikordatuz» doaz, eta ipuin bat baino gehiagotan agertzen. Behatzeko eta errealitate ugaritara hurbiltzeko lan kontzientea egin du Urienek, irakurleek «pentsamendu pilulak» eguneroko eszenetan txertatuta jaso ditzaten.

Liburua aurkeztu zenuen egunean azaldu zenuenez, liburuaren izen bera duen ipuinak —bildumako lehena da— abiatu zuen guztia. Zer sorrarazi zizun ipuin horrek, bada?

Ez zen sentsazioei lotutako zerbait izan. Ipuina idatzi nuenean, unibertso handi bat sortu zen, eta ohartu nintzen ipuin horrek sortutako unibertso horretan bazeudela elementu batzuk garapen propio bat izan zezaketenak. Bestalde, pertsonaien posizio aldaketarekin jolastu nahi nuen. Lehenengo ipuinean ia periferian dauden pertsonaia batzuk protagonista dira beste batzuetan. Jolas hori egiteko, lehenengo ipuin horretan sortutako elementuak baliagarri egin zitzaizkidan.

Pertsonaiekin egin duzun hori joko bat izan daiteke, zuretzat ez ezik, baita liburua irakurtzen duenarentzat ere.

Egia esan, ez nuke jakingo esaten zergatik egin dudan. Egia da badela jolas bat, eta, niretzat, idazteko garaia jolas hutsa izan zen. Ez nintzen horren bila ibili, baina uste dut horrek irakurlea liburuaren konplize sentitzea eragiten duela. Ipuinak elkarren artean txirikordatzen dira, baita pertsonaiak ere. Liburuak, nahiz eta ipuin liburu bat den, nobela forma ere badu. Forma eta edukia elkarrekin doaz une oro. Edukian dauden gauzak elkarren artean txirikordatuz doaz, baina, aldi berean, forma ere txirikordatuta dago.

Irakurtzen amaitzean, zirkulu bat ixtearen irudipena eragiten du horrek. 

Oso argi nuen hasierako ipuina eta bukaerakoa zein izango ziren. Gero, tarteko ipuinen ordena erabakiz joan naiz. Banekien lehenengo ipuina Ehun zaldi trostan izango zela, eta, ipuin hori hasieran ez balego, beste ipuinek funtzionatuko lukete, baina grazia galduko lukete. Adibidez, lehenengo ipuineko pertsonaia batzuk gero garatzen dira. Lehenengo ipuinean giro bat sortzen da, irakurlea mundu horretan sartzen duzu, eta gero doa mundu horretako elementuak deskubrituz. 

«Banekien liburua non hasi eta non amaituko zen, eta mamia tartean egongo zela. Bukaeran tonu baikorra gailentzea nahi nuen»

Ireneren pertsonaia da kontakizunaren haria.

Irene da nobelaren ardatza. Bide bat irudikatzen du, eta liburuak berak ere bide bat egitea nahi nuen: baserrian hasten da, eta hirian amaitu. Bidearen garrantzia azpimarratzeko modu bat izan da; batzuetan obsesionatuta gaude «nondik atera» eta «nora goazen» horrekin. Banekien liburua non hasi eta non amaituko zen, eta mamia tartean egongo zela. Bukaeran tonu baikorra gailentzea nahi nuen. Azken ipuinak dinamismo gehiago du, abiadura handiagoa ere bai. Ez dut uste liburua serioa denik, baina badu tonu bat. Eta bukaeran hori hautsi nahi nuen.

«Dikotomien arteko dialektika» ezarri nahi izan omen duzu kontakizunetan. Zuk zeuk ere badituzu liburuan aipatutako dikotomia horiek?

Oso zaila egiten zait ni eta nire ingurua bereiztea, gauzak beti leku jakin batetik egiten dituzu eta. Uste dut dikotomia horiek egon badaudela, guregan daude. Agian ez dira dikotomiak, baina bai alde bi dituzten gauzak, edo bikotan ulertzen diren gauzak. Biko horietatik zera interesatzen zitzaidan, jakitea elkarrekin zer ematen zuten. Bidera itzulita, hasieratik helmugara dagoen bide horretan, tartean geratzen dena zer da? Uste dut hori gertatu zaidala dikotomiekin. Nik ahalegina egin dut leku batzuetara hurbiltzeko.

Nola hurbildu zara?

Eszena asko oso zehatz deskribatu ditut. Ez dut uste liburuan gauza handirik gertatzen denik, baina detaile xume eta txiki asko daude. Zehaztasun horrek agian irakurleari hurbiltasuna sortzen dio. Ordu asko pasatu ditut gauza batzuei begira; hori asko landu dut. Badaude pentsamendu pilulak, eta oso giro jakinetan txertatzen saiatu naiz. Pentsamenduarekin, hausnarketarekin edo filosofiarekin lotutako pentsamendu eta esaldi asko daude, baina lurrera ekartzen saiatu naiz. 

«Eguneroko kontuetako zehaztasunetan zenbat gauza gertatzen diren erakutsi nahi nuen, akzio handietara jo gabe»

Aipatutako eszenak, lekuak eta pertsonak oso arruntak dira, eguneroko bizimodukoak. Horrek lagunduko du aipatu duzun zehaztasunean?

Bai. Horregatik esan dut liburuan ez dela gauza handirik gertatzen. Eguneroko kontuetako zehaztasunetan zenbat gauza gertatzen diren erakutsi nahi nuen, akzio handietara jo gabe. Batzuetan uste dut horren bila ari garela, hortik gatozelako; gure kontsumo kultura hori delako. Liburu hau idazten ari nintzela, batek baino gehiagok esan zidan: «Baina ez da ezer gertatzen». Eta hala da, ez zitzaidan interesatzen hori. Gauzak gertatuz doaz, denbora guztian, egunerokoan gertatzen diren bezala. Zahartzaroari buruzko teoria bat edo hausnarketa bat egin dezaket, baina ipuin batean eta pertsonaia batzuetan txertatua dakart.

Ez nuke esango ipuin bakoitzaren lanketa mahai batean eserita egindakoa izan denik, ezta paragrafo bat behin eta berriz idazten egindakoa ere. Idazketa prozesu luzea izan da denboran, baina gorputzetik egin dut; lekuetara joan, egon, hurbildu, gauzei begiratu... Uste dut horregatik esan didala jendeak oso presente daudela zentzumenak.

Bereziki usaimenak, agian?

Usaimena bi modutan dagoela esango nuke: batetik, usaina literalki; usain materiala. Baina, bestetik, usainak zentzu metaforiko bat ere badu, zerbaiti usaina hartzea zerbaiten bila aritzea ere bada. Uste dut pertsonaiak identitate bila dabiltzala; usain baten bila. Zentzu materialari dagokionez, niretzat izugarrizko gaitasuna du jendea lekuetara eramateko. Iruditzen zait gaur egun ikustera oso ohituta gaudela, ikusmenari ematen diogu garrantzi handia; izan pantailen bidez edo bestela. Baina usaimenak ere badu jendea lekuetara eramateko ahalmena, eta horregatik ekarri nahi nuen liburura. Ukuilu bat deskribatu, eta jendea bertan egotea nahi nuen, eta ez kanpotik ikustea.

Baserriak pisu handia du ipuin gehienetan. Zer harremana duzu zuk baserri munduarekin?

Jaio eta bizi izan naizen leku bat da niretzat. Etxe bat. Batez ere, paisaiarekin, beste animaliekin eta abarrekin harremana izateko beste modu bat da, gure gaur egungo moduen aldean desberdina. Batzuetan iruditzen zait baserri mundua oso idealizatuta dagoela, eta ez da panazea bat: botere harremanak daude, genero desorekak daude, lanaren banaketa sexuala dago, beste lekuetan bezala, eta kapitalismoaren logiketan mugitzen da. Baina, hala ere, uste dut oraindik ere mundu ikuskera propio bat duela; lurrari lotua.

«Guk geure buruari kanpotik begiratuko bagenio, konturatuko ginateke apur bat erridikulua dela egiten duguna»

Olinpiadek lasaitu egiten naute ipuina da lehen pertsonan idatzita dagoen bakarra. Zergatik hori?

Nahi gabe egin nuen, egia esan. Liburua eskuz idatzi dut, eta eskuz idaztean gauzak nola egiten zoazen ikusiz joaten zara; nik hala egiten dut behintzat. Bat-batean, ipuinaren bigarren orria idatzita nuela konturatu nintzen lehen pertsonan ari nintzela, eta ordura arte idatzitako guztia zegoela horrela. Eta hala uztea erabaki nuen. Ipuina bukatu nuenean pentsatzen hasi nintzen ea zergatik egin nuen hori. Gero konturatu nintzen agian irakurlea interpelatu nahi nuelako izan zela. Ipuin horretan harreman toxiko bat kontatzen da, beste gauza batzuen artean, eta ohartu nintzen jendea egiten ditugun gauza horietaz konturatu zedin nahi nuela.

Gainera, animalien azaletik ere idatzi nahi izan duzu Atzera kontaketa bat katastrofera ipuinean.

Zalantza ugari izan ditut, baina animaliei agentzia moduko bat emateko egin dut. Berez nahikoa ariketa zaila da animalien begietatik begiratzea eta horri hitzak jartzea, ia ezinezkoa; antropozentrikoa da. Baina iruditzen zitzaidan gutxienez hurbildu zitekeela ahots horretara modu horretara idatzita.

Animalien begiradatik gizakion portaeren absurdoa agerian geratzen da ipuin horretan, ez al da hala?

Ipuin horretan nahiko argi geratzen da orduak pasatu ditudala animalia horiei begira. Ez dut zilegitasunik ezta ahalmenik ere jakiteko zer pentsatzen duten gutaz. Baina gauza bat nahiko garbi nuen: erridikuluak garela pentsatzen dutela. Bestalde, uste dut antropozentrismoa alde batera utzi eta begirada altxatzeko gonbidapena egiten duela ipuinak. Guk askotan pentsatzen dugu munduaren jaun eta jabe garela, eta animaliekin dugun harremanean ikusten da: guk salbatuko ditugula uste dugu. Ez nago horren kontra, baina bizitzak jarraitzen du.

Gizakia nolabaiteko erridikuluan geratzen da ipuin horretan, baina ez horretan bakarrik; Isiltzeko duzun moduak ipuinean ere Donostia begirada ironikotik erretratatu duzu.

Oso hiri estereotipagarria da Donostia, asko maite dudan arren. Eta ipuinean ere oso estereotipatuta dago dena. Gogoa neukan hori ekartzeko. Guk geure buruari kanpotik begiratuko bagenio, konturatuko ginateke apur bat erridikulua dela egiten duguna. Bai ipuin horretan, baita animalienean ere, ironia puntu hori bilatu nahi nuen, geure buruari barre egiteko. Barre egitea, baina kritikatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.