Bere burua desterratu zuen idazletzatik. Isiltasuna hautatu zuen. Irakurleen eta kritikaren lausenguek ez zuten eraman, pentsa zitekeenaz beste, ekoizpen etengabeko batera. Kontrakoa. «Ohartu nintzen literaturarekiko neukan pertzepzioa asko aldatu zela idazle bilakatu nintzenean, eta askoz ere gutxiago gustatzen zitzaidala irakurtzea edo literaturaren mundua liburua idatzi nuenez geroztik. Liburua atera ondorengo hiru urteetan etengabe zaude beste idazleek egin dutenarekin konparatzen. Horrek distortsionatzen zuen nik literaturarekiko izan nahi nuen harremana».
Bederatzi urte igaro dira Aingurak erreketan (Susa, 2001) estreinako poema liburu laudatua argitaratu zuenetik. Bihur zitekeen Vila-Matasen Baterbly y Compañia liburuko beste idazle horietako baten gisara, lan bakarren bat argitaratu eta gehiago idazten ez duena. Baina, oraingoz, literatura plazara itzultzea erabaki du Jon Benitok (Zarautz, 1981). «Nire baitan idazle bat hil zen, hil nuen edo hil zuten susmoa nuen, eta sentimendu horri erantzun nahi nion». Ekaitza eta bulkada izena izan bide zuen liburu berriak, hasiera batean. Ekaitza kendu zion izenburutik, erromantikoegia iritzita, baina izen bereko poema badago lan berrian, eta idazleak bere baitan bizi izandakoa azaltzen du: «Liburu bat argitaratzera noa orain, nintzen idazlea hil eta denbora batera/ Hiru urte dira hasi nintzela bizipenei berriz letrak jartzen».
«Larritasun bati erantzuten dio» Jon Benitoren oraingo bulkada poetikoak, Bulkada (Susa) poema liburu berrian hezurmamituriko erantzun larria, nahi bada, baina ez presazkoa: «Asko ikasi nuen aurrekoa idazten, baina, era berean, oso esperientzia intentsua izan zen. Eta argi nuen beste zerbait idaztekotan ondo idazten saiatuko nintzela».
Historia nirekin hasten da esaldi zuzen eta iragarlearekin ekiten dio liburuari Benitok. Hasieratik «nahiko argi» zuen kontatu beharzuena, kontatu nahi zuena. Erromantikoen arauak bere eginez, sentimenduak arrazionaltasunaren gainetik jarri nahi izan ditu Benitok: «Nire gauzak zientziaren, teknologiaren eta zenbakien diktaduratik atera eta sentimendu, haragi eta galderetan birkokatu berriz. Sinetsita nago eguneroko bizitza deitzen duguna diru pilatze, laneko buruhauste, garapen zientifiko eta teknologikoen segida baino askoz gehiago dela».
Kontatu nahi zuena kontatzeko subjektua ere ongi definitua zuen hasieratik: «Politikoa, heterosexuala, burgesa, pertsonala, maskulinoa, apur bat soziala, ezkertiarra, konplexua eta inkoherentea, alegia, nire oso antzekoa». Bazekien zer kontatu eta noren begi eta azaletik, baina ez zuen argi nola kontatu. Zazpi ataletan banatua dago liburua, tematikoki, eta horietako hirugarrenean, Papereko lagunak izenekoan, literaturaz ari da, eta bere buruari galdetzen dio nola idatz litekeen egun, zinema, telebista, Internet eta beste ere hor direnean: «Ezin ote nuen gaurko jendearen eta nire antzekoen galderez eta kezkez hitz egin, modu arrazionalean, estruktura zehatz eta kapitulu oso antolatuen bidez? Idatzi ote nezakeen barruaren lausoaz eta nahiaren bulkadez modu sinple eta argi batean, hitz hautatuekin?».
Ez dago 'bezala'-rik
Eta galdera horiei hertsiki lotua dator liburuaren eta idazteko moduaren alde estetiko-formalaren apustu desberdin bat, desberdina lehen liburuarekiko, bederen. Ekaitza eta bulkada poemako hirugarren esaldiak ematen du argirik: «Hitzak berez adieraz zezala metaforarik behar izan gabe». «Nire buruarentzat akuilu txiki bat izango zen baldintza jarri nuen idazterako orduan. Liburu osoan ez zen bezala bakar bat agertuko. Hitz horrek ezin zuen agertu. Esaldiak berez esan behar zuen adierazi nahi nuena, errekurtso oso agerikoak erabili gabe. Hitzek beren pisua izan behar zuten eta ez zuten inongo laguntzarik izan behar».
Baldintza txiki horrekin hasi zen idazten, familiaz, lurraren nekeez, maitasunaz, literaturaz, atzerriaz, desamodioaz eta egungo munduaz: «Bulkada betean, giza koordenada batzuetatik, inguratzen ninduten baren mundu eta kanpo munduez, barrukoaz kanpotik eta kanpokoaz barrutik». Fikzioak eta egiak, bizipen eta asmazioak, ametsak eta desirak, denak nahasean eta maila berean jarri ditu poemetan:«Hala uste baitut, nintzenak eta naizenak baino gehiago esaten duela izan nahi dugunak eta esan nahi dugunak».
«Istorio intimo bat» nahi bezala kontatzeko modua eskaini dio liburuak, baina hirugarren atalera iristean, nola idazteari buruzko galdera agertzean, dena lehen pertsonan ezin zuela idatzi ohartu zen: «Bestela liburua niretzat bakarrik izango zen, ez beste inorentzat. Nik irakurlearen enpatia bakarrik ez, identifikazioa ere nahi nuen. Behar nuen lehen pertsona ez ezik, hirugarrena ere erabili. Ezen zer naiz ni, beste bat ez bada». Autobiografia edo autofikzioa modazko etiketak errefusatzeko gomendioa egiten du idazleak, hartara: «Liburu honek ez du indarrik izango ez bada nirea bezala beste jende batena. Nire garaiko jendarte baten istorioa».
Bederatzi urteotan ez da isilik egon Benito. Gidoigintzan eta kazetaritzan aritu da, BERRIAn kolaboratzen, besteak beste. Zenbait musikarirentzako kantuen hitzak ere idatzi ditu, baina «ispiluen jolas bat» proposatuz itzuli da literatur plazara: «Lehen irakurtzen nituen pertsonaiekin identifikatzen nintzen. Orain pertsonaia bat gehiago naiz».
Idazlea hil eta denbora batera
Jon Benito poesiara itzuli da 'Bulkada' liburuarekin, lehen lana argitaratu eta bederatzi urtera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu