Nola bereizten dira idazlea eta haren obra? Nola aztertzen da egile baten obra, haren figura berak idatzitakoari gailentzen zaionean? Nola baloratu urteetako literatur lana, idazlearen izena aipatu eta, batik bat, haren bizitzarekin —eta bizimoduarekin— lotura duten pasadizoak nabarmentzen direnean, eta ez hainbeste idazmoldeak? Charles Bukowskiren patua izan zen hori. Berak nahi ala ez, galtzailearen irudia bereganatu zuen, ñabardurarik gabe, lunpenaren idazlearena, mozkortien ordezkariarena, pobreziaren lekukoarena... Eta bere pertsonaia ezagunena ere, Henry Hank Chinaski, mundu horren seme izan zen. Antiheroi erabatekoa; edanzalea, misantropoa, emakumezalea, lan batetik bestera ibili arren idazlea izan nahi duena... Letren barneko Bukowski. Idazlearen alter ego-a. Pulp, Satanen seme, Erections, Ejaculations, Exhibitions, and General Tales of Ordinary Madness eta beste hamaika nobela, ipuin liburu eta poema bildumaren egilea gaurko egunez jaio zen. Gaur mendea.
«Ez zait gustatzen batzuek nitaz duten irudi nazkagarri hori. Hemingway ero baten moduan miresten nautenak, edo Los Angelesko estoldetako jainko trauskil gisa ikusten nautenak». Carl Weissner itzultzaile eta Alemanian lehenengo editore ere izan zuenari 1968an egindako aitorpenak ematen du Bukowskiren irudiaren neurria. Ordurako bazuen eraikia ospe txiki bat zirkuitu undergroundetan, ez bakarrik argitaratuak zituen poema lanengatik; baita Open City egunkari alternatiboan idazten zituen asteroko zutabe-ipuinengatik ere. Testu haietan—Zahar zikin baten oharrak lerroburuarekin emanak— jasota zegoen Bukowskiren munduaren ikuskera, baita mundu horri aurre egiteko estrategia moduak ere. Bortitz, batzuetan; samurtasunez eta umore printzekin, besteetan, eta idazkera zuzen eta orrazkera handirik gabekoarekin, beti; Bukowskik berehala konektatu zuen 1960ko hamarkadaren amaieran AEBetan loratzen ari zen belaunaldi berri batekin, nahiz eta bera ez zen, ordurako, gaztetxo bat.
Ipuinek eta 1970eko hamarkadaren hasieratik aurrera idatzitako eleberriek bihurtu zuten ikono lehendabizi underground eta idazle ondoren ospetsua. Baita errealismo zikin gisa definitu zuten mugimenduaren aita ponteko ere. Baina ipuingile eta nobelagile baino lehenago, poeta izan zen Bukowski, nahiz eta haren olerkietan ere ildo narratiboa nagusitzen den. Poema narratiboak dira harenak, beste molde batean bada ere, istorio (kasu horretan) txikiak kontatu eta bere mundu partikularra islatzen dutenak. Horiei erreparatuta, baina, bada alderik 1950eko hamarkadan idatzitakoen eta bere literatur ibilbidearen amaieran ondutakoen artean; urteekin, batik bat literaturaren eta zehazki liburugintzaren inguruko erreferentziak ugarituz joan zirelako haren lanetan.
Chinaskiren bidea
1952tik 1955era eta 1958tik 1969ra postari aritu zen Bukowski, idazteari utzi ez bazion ere. 1960ko hamarkadako azken urte hartan, ordea, eta prentsan argitaratutako narrazioek nahiz poema liburuek nolabaiteko oihartzuna eman ziotenez, lana utzi, eta bere jarduna idaztera bideratzea erabaki zuen. Gainera, Black Sparrow Press argitaletxeko buru John Martinek ehun dolarreko hileroko ordaina agindu zion. «Bi aukera ditut. Edo posta zerbitzuan gelditu eta erotu... edo hortik kanpo gelditu, idazle izaten jolastu eta gosez hil. Gosez hiltzea erabaki dut», idatzi zuen, garai hartako eskutitz batean.
Lana utzi eta hilabetera bukatu zuen bere lehenengo eleberria, Post Office (Postetxea). Protagonista, postari bat, Henry Chinaski. Idazlearen isla agerikoa. Baina baita Arturo Bandini, John Fanteren (1909-1983) eskutik sortutako pertsonaiaren jarraitzaile garbia ere. Ez da kontu ezkutua; Fanteren literaturaren miresle sutsua zen Bukowski. Biak ziren europar jatorriko etorkinen oinordekoak —italiarrak Fanterenak, alemaniarrak Bukowskirenak—, eta biek egin zuten tira elementu autobiografikoetatik euren gizartearen erretratua egiteko. Fantek Bukowskik baino lehenago,baina, Bandiniren bizitzan oinarritutako tetralogiako lehenengo liburuak (Wait Until Spring, Bandinieta Ask the Dust) 1930ko hamarkadan idatzi baitzituen. Bandini hamarkada hartako giro triste eta pobrean mugitzen da, Los Angelesen, jakinda italiar jatorrikoa izateak —nahiz eta AEBetan jaio— ezberdin egiten duela. Eta idazlea izan nahi du.
Idazlea izan nahi du Chinaskik ere. Confessions of a Man Insane Enough to Live With the Beastsipuin bilduman (1965) agertu zen aurrenekoz, eta Post Office-ren (1971) ondoren, Factotum (1975), Women (1978), Ham on Rye (1982) eta Hollywood (1989) nobeletako protagonista bilakatu zen, baita hainbat ipuinetako pertsonaia ere. Idazle izan nahi duen postaria, alkoholzalea eta emakumezalea bera, denborarekin gidoilari izatera iritsiko da. Hain zuzen ere, Hollywooden zinema munduan izandako esperientzia izan zuen oinarri Bukowskik, urte pare bat lehenago Barbet Schroederrek zuzendutako Barfly filmean aritu baitzen gidoilari. Pelikula horretako pertsonaia nagusia Chinaski bera da —Mickey Rourkek jokaturikoa—, eta, hura protagonista duten liburuak bezala, Bukowskiren bizipenetan dago oinarritua, neurri handi batean.
Ez zen izan hori Bukowskik zinemarekin izandako harreman bakarra. Horren aurretik, Marco Ferrerik Storie di ordinaria follia (1981) filmatu zuen idazlearen testuak oinarri hartuta, baina Pulp-en egilea ez zen gustura gelditu egokitzapenarekin, eta ozen adierazi zuen. Barfly-k, aldiz, bere nahiak ase zituen, eta baita Dominique Deruddere zinemagile belgikarrak haren narrazioei tiraka zuzendutako Crazy Love-k ere. Film hori Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten, Sail Ofizialean, 1987an.
Bukowski 1994ko martxoaren 9an hil zen, Los Angelesen, bere liburu ia guztiak kokatu zituen hirian, eta 30etik gora poema liburu, hamabost bat narrazio bilduma eta sei eleberri utzita. Eta gaur egun ere, haren obrak eztabaida ugari pizten ditu idazlearen jarraitzaileen eta aurkarien artean. Jarraitzaileek aitortzen diote benetakotasuna, hitz gutxirekin asko esateko gaitasuna, eta txirotasunetik edertasuna ateratzeko ahalmena. Aurkarien ustez, ordea, idazkera baldarraerabili zuen Bukowskik, efektismora jotzen zuen, eta, errepikapenaren errepikapenez,haren liburu guztiak ia berdinak dira.
Idazle estatubatuarraren obra euskaraz ere irakur daiteke. Aurrenekoz, Xabier Montoiak itzuli zituen Bukowskiren lau poema Susa aldizkarirako (1982), eta, gerora, Poema antologia (Susa, 1997), Pulp (Txalaparta, 2002) —biak Josu Latartegik euskaratuak—, Satanen seme (Elkar, 2007) eta Infernuko hesteetan (Elkar, 2008) iritsi ziren, bi horiek Mikel Olanok itzuliak.
Idazlea izan nahi zuen idazlea
Bere bizitza izan zuen oinarri Charles Bukowskik. Berak elikatu zuen bere literatura, idazlea eta pertsona bereizezinak izatera iristeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu