Jon Bilbao. Idazlea

«Idazlearen tresna boteretsuena irakurlearen irudimena da»

Gaztelaniazko literaturako ahots pertsonalenetako bat bilakatu da Jon Bilbaorena. Narrazio laburraren eta eleberriaren artean kulunkatzen da 'Araña' bere azken lana, western bat.

XABIER ARMENDARIZ.
mikel lizarralde
2023ko ekainaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jon Bilbao (Ribadesella, Espainia, 1972) meatze ingeniaria da ikasketaz, baina aspaldi ohartu zen literaturak eta idazketak erakartzen zutela baliabide energetikoak aurkitzeak baino gehiago. Ordudanik nobela eta ipuin bilduma mordoxka argitaratu ditu, tartean Kometaren eraginpean —Jon Alonsok euskaratua eta Txalapartak 2014an kaleratua—, Estromboli (2016) eta Los extraños (Arrotzak, 2021). Araña (Armiarma, 2023) du azkeneko liburua, eta bertan Basilisco-n (2020) agertzen ziren pertsonaiak berreskuratu ditu: Jon eta Katharina, eta John Dumbar ere bai, XIX. mendean AEBetako Mendebalde Urrunean bizi den pistolaria. «Hirugarren atalarekin ari naiz lanean, presarik gabe».

Basilisco-ren nolabaiteko jarraipena da Araña, han ageri baitzen lehen aldiz John Dumbar. Hasieratik izan zenuen garbi segida izango zuela Dumbarrek?

Basilisco-rekin hasi nintzenean, uste nuen ezetz. Berez, han kontatzen denak ez du zertan jarraipenik izan. Baina, liburuak duen alternantziari esker —iragana eta oraina, AEBetako mendebaldeari buruzko arlo ia dokumentala eta parte intimoagoa—, idatzi ahala ohartu nintzen liburu bakar batekin ez nuela amaituko pertsonaia horiekin, batez ere John Dumbarrekin. Interesgarria izan zitekeen jakitea norantz joko zuen. Beraz, erabaki nuen segitzea Dumbarrekin, nahiz eta bidean nolabaiteko ekitaldiarteko bat azaldu zitzaidan, Los extraños.

Los extraños-en Basilisco-ko bi pertsonaia azaltzen dira berriro: Jon eta Katharina.

Aurreko ipuin liburuetako istorio batzuetan ere azalduak ziren Jon eta Katharina. Basilisco lantzen hasi nintzenean, nire asmoa zen western bat idaztea, gustatzen zaizkidalako eta banuelako gogoa aspalditik. Baina, aldi berean, ez nuen nahi xelebrekeria bat, bertso aske bat izatea nire liburuen artean. Hortik sortu zen Jon eta Katharina zeremonia-maisu-maistra gisa erabili eta Dumbarren istorioa beste fikzio horren barruan kokatzeko aukera.

Nola egin diezu aurre XIX. mendean AEBetan kokatzen den istorio bati eta zinemak hainbeste kodifikatu duen western bati?

Zinemak gaitasun ikaragarria dauka irudi ikonikoak sortzeko, eta horrek itzalean uzten ditu beste fikzio mota batzuk. Baina westerna literatura ere bada, eta ez bakarrik gure gurasoek irakurtzen zituzten poltsikoko lanak. 1960ko hamarkadan, AEBetako westernak bere aparatu ideologiko guztia kendu zuen gainetik, eta mugak eta ozeanoak gainditu zituen. Eta egun ere hala segitzen du. Bere kodeak mantenduta, edozein lekutan eta edozein garaitan koka dezakezu western bat. Hori genero baten heldutasunaren zeinu nabarmena da. Horren jakitun zaudenean, askatasunez heltzen diozu generoari, lengoaia unibertsala izanda, zurea ere egin dezakezulako. Basilisco idazten hasi nintzenean, oso inportantea zen sortzen ari nintzen mundu horrek ez ematea harri-kartoizkoa: beste batzuen ideien nahas-mahas hutsa ez izatea.

Dokumentazio lan handia egin duzu?

Dokumentazio lanarekin hastean, narratibarekin duzun harremanaren arabera askatzailea edo kortse bat izan daitekeela topatu nuen: westernarekin lotutako iruditeria kolektiboaren parte diren irudi horiek guztiak gezurra dira. Zinemak eta lehen aipatu dudan aparatu ideologikoak sortutako irudiak dira. Hori dela eta, esan nion neure buruari: «Dokumentazioan zentratzen bazara, jendeak ez du western bat ikusiko hemen». Horregatik, dokumentazioa eta pop kultura uztartu nituen Basilisco-n. Eta Araña-n, berriz, zuzenean jo nuen imajinaziora. Egiara eta aurrez ezarritako aparatu ideologiko batera mugatu behar ez dudanez, eta imajinaziotik, nire interesetatik eta zalantzetatik tira egin dezakedanez, hasieran oso urrutikoa eman dezakeen genero bati heldu diezaioket. Aurreiritzirik gabe.

Western bati heltzeak zalantzak sortzen zizkizun.

Bai, oso urrutiko kontutzat jo, eta uste duzulako jendeak galdetuko duela ea nola den posible Ribadesellan jaio den tipo batek Arizonan zaldi gainean doazen batzuei buruzko liburu bat idaztea. Zer jakingo du! Baina liburutegiko komikiei begiratu eta ikusten dut nire western gustukoenak frantsesek sortu dituztela. Ondorioz, zergatik ez dut nik bat idatziko?

Errealismoak kezkatzen zaitu?

Egiantzekotasuna inporta zait. Gehiago interesatzen zait sinesgarritasunaren josturak behartzea. Errealismoa entelekia bat da, baina egoera errealista eta sinesgarri batzuetatik abiatuta, gustatzen zait hortik aldentzea. Agian, egoera errealista hori aurretik ezarri gabe, jendeak ez luke ezer sinetsiko, baina, modu horretan, eskutik helduta daramazu irakurlea.

Araña-n, pertsonaia guztiak igarobide batean daude. Jon eta Katharina bizitza aldatzeko garai batean daude, eta John eta Lucrecia, igarobide fisikoan.

Trantsizioari lotutako liburu bat da. Jon eta Katharina askorentzat ezaguna den bide batean daude, garai eta familia baten amaieran eta beste bat sortu nahian. Eta Jon idazleak bide hori Dumbarren eta Lucreciaren bidaia fisikoaren bitartez islatzen du paperean. Jonek sortzen du John Dumbar bere alter ego gisa, bera baino sendoagoa den alter ego bat. Finean, bere pertsonaiak egiten du berak ezin duena.

Jon pertsonaia idazlea da. Konpartitzen dituzue ezaugarri batzuk. Ze distantzia markatzen duzu alter ego-tzat jo dezakezun Jon horrekin?

Jonena bitxia da, pixkanaka joan baita bihurtzen nire alter ego-a. Agertu zen lehen ipuinetan, ez zen haren izena aipatzen, lehen pertsonan idatzitakoak baitziren. Eta Basilisco-n ere gauza bera. Bere jatorriari, lanbideari eta besteri lotutako ezaugarri autobiografiko batzuk eman nizkion, eta hori nabarmenagoa izan zen Basilisco-n. Los extraños idazteko orduan, ordea, arazo tekniko batekin egin nuen topo. Eleberri horren ezaugarriengatik, ezin nuen lehen pertsonan idatzi, eta, hirugarren pertsona bat izanda, izen bat eman behar nion. Erosotasun eta koherentzia kontu batengatik, esan nion pertsonaiari: «Jon izango zara». Logikoa iruditzen zitzaidan, jakinda irakurleari zalantzak sorrarazi ahal zizkiola. Baina Los extraños-en agerikoa da kontatzen dena ez dela autofikzioaren eremuan sartzen.

Une batean, zera dio Jonek: «Armiarma pertsonengan sartzen da, eta aldatu egiten ditu. Denborarekin, haien ahoaren bidez hitz egiten du, eta nahi bezala erabiltzen ditu». Zer da, zuretzat, armiarma?

Armiarma da jende gehienari noizbait jauzi egiten dion malenkonia edo nahigabea. Batzuetan bizkar gainera igotzen zaigu, arrazoiak ondo ulertu gabe. Gehienok, gainera datorkigunean, aurrera egiten dugu familian edo egitekoetan babestuta, baina pertsona batzuei oso gogor heltzen die armiarmak, pozoi indartsuagoa ziztatzen die, eta, azkenean, armiarma jasatea bihurtzen zaie eguneroko lana.

Beste une batean, Jonek eta aitak elkarri hitz egiten diote, baina solasaldi horretako pasarte batzuk kanpoan utzi dituzu. Gustatzen zaizu irakurleari hutsuneak betetzeko aukera uztea?

Ni irakurlea naizenean ere, gustatzen zait hutsuneak betetzea. Gauza bat oso garbi daukat: dibertimendu komertzial huts bat—eta zentzu onean esaten dut— eta beste nahi batzuk dituen literatura bereizten dituena hori da: dena ez esatea. Irakurlearen inteligentzia aitortzearen sinonimoa da hori. Edozein narratzailek duen erreminta boteretsuena da hori, irudimena, baina ez berea, baizik eta irakurlearena. Askotan, narratiba da irakurtzen ari den pertsonaren irudimena aktibatuko duten baliabideak bilatzea. Modu horretan, istorioa hazi dadin eta irakurle bakoitzak pertsonalizatu dezan. Horrek, gainera, liburuari oraina gainditzea ahalbidetzen dio.

Itzultzailea ere bazara. Zer irakasten dizu langintza horrek sormen lanerako?

Pazientzia irakasten dit, eta umiltasuna eta anbizioa ere bai. Ikasten duzu egileei errespetua galtzen. Irakurle gisa izan ditzakezu idoloak, baina, idazle gisa, ez. Bestela gainetik beti izango duzu muga bat. Nobela bati azterketa zorrotza egiten diozunean hainbat hilabetetan, ohartzen zara denek egiten dituztela akatsak, eta horrek eramaten zaitu umiltasunera. Zu baino askoz hobeak diren idazleek akatsak egiten badituzte, zuk askoz handiagoak egingo dituzu. Baina horrek ez du izan behar oztopo bat, gero eta hobeto egiteko bultzada bat baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.