Patxi Ezkiaga. Idazlea

«Idazleoi ere badagokigu artekaritza lana egitea, gizatasuna eskainiz»

Bi oinarri nagusi ditu Patxi Ezkiagak kaleratu berri duen poema liburuak: bi asteko bakardade erabatekoa eta Jorge Oteizak Arantzazuko frisorako egindako apostoluak.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Isilaldi luze samar baten ondoren, «bakardadean bizi izandako gurtza-esperientzian» oinarritutako poema liburu batekin itzuli da poesiaren plazara Patxi Ezkiaga (Legorreta, Gipuzkoa, 1943): Oteiza. Profetaren 14 hitz (Bermingham). Poemen jatorrizko bertsioaz gain, haien gaztelaniazko itzulpenak ere biltzen ditu liburuak —Oteiza. 14 palabra proféticas—, egileak berak eginak. «Ez dituzte irakurle asko izango poemen gaztelaniazko itzulpenek, baina bat izaten baldin badute, horixe aterako dugu irabazian», dio, apaltasunez.

Liburuko poemak «bakardade handi baten lekuko» direla diozu hitzaurrean. Non eta noiz izan zenuen bakardade hori?

Duela urte batzuk, urtero egiten nuen bezala, Pirinioetan ibiltzera joan nintzen, Benasque ondoan dagoen herri batera, eta han nengoela jakin nuen Gallinero mendiaren hegaletako batean bizi zen ermitau bat, Guillermo izeneko bat, Magrebera joana zenez ermita libre gelditu zela. Baimena eskatu eta bi aste eman nituen han, bakardaderik handienean, horrelako egoera batean barru-barrutik zer sentitzen nuen aztertzeko.

Etazer sentitu zenuen?

Esperientzia ikaragarria izan zen hura niretzat. Guztiz identifikatu nintzen bizimodu horrekin, eta azkenean pena handiz utzi nuen lekua, gutxitan bezala negarrez. Ermitauak liburu mordoa zeuzkan han, mistikari eta Ekialdeko erlijioei buruzkoak denak, eta baita berari idatzitako bi gutun ere: bata, amarena, esaten ziona bakardadea ona dela baina gehiegizkoa ezetz; eta bestea arrebak bidalia, labur-labur amaren heriotzaren berri emanez. Lurrean zulo bat eginda zeukan atarian, hilobia, berak landatutako sagarrondoaren aldamenean.

Ermita hartan idatzi zenituen liburuko poemak?

Han nengoela zenbait poema idatzi nituen, eta bertako argitaletxe batek [Asociacion Guayente] argitara eman zituen haietako batzuk, gaztelaniara itzulita, Antífonas de Arasán izenburuarekin. 32 bat poematarako oharrak hartu nituen, eta zirriborro gisa ekarri nituen hona. Handik bizpahiru urtera, Felix Marañak planteatu zidan —eta niri bezala baita beste poeta batzuei ere— interesgarria izango zela nik Jorge Oteizari buruzko poemak idaztea. Pentsatu nuen zirriborro haiek ezin egokiagoak zirela horretarako, eta orduan hasi nintzen orain argitaratu ditudan poema horiek idazten.

Belagoan eta Arantzazun, hitzaurrean diozunez.

Bai. Kontenplazioan luze emandako orduez baliatuz. Hamabost poema ditu liburuak, Arantzazuko frisorako Oteizak egindako apostolu bakoitzeko bana, gehi azkeneko otoitza. Apostoluen kontenplaziorako Antton Elizegik egindako argazkien laguntza izan nuen. Apartak dira. Frisoari aurrez aurre begiratuta ondo erreparatzeko begi zorrotza behar da, eta nahiago izan nuen argazkietan ikusi, eta horren arabera idatzi.

Zer da Oteiza Patxi Ezkiagarentzat?

Oteiza sakontasunaren definizioa da, hutsarena, hondoarena. Gauza guztien barru-barruan, gauza guztien bihotzean dagoen birjintasun horrena; zalantzaz jantz daitekeena, larriminez, poztasunez ere bai zenbait alditan. Hutsaren bila jotzeko ausardia izan du. Hori ez da erraza, askotan larrimina ere sortzen baitu hori egiteak. Adore handia behar da horretarako, eta Oteizak soberan zuen.

Betiko gai unibertsalei eskainitako poemekin batera —denbora, bakardadea, sentsualtasuna, ametsak, adiskidetasuna…—, bada bat, hamalaugarrena, Euskal Herriaizenburua duena. Hor zubi lanetarako eskaintzen du bere burua poetak.

Gure herriaren egoera aintzat hartuta —are gehiago hori idatzi nuen unean, ETAk artean ere betiko su-etena eman gabe zuelarik—, uste dut beharrezkoa dela poema horretan aipatzen den zubigintza lana egitea. Ez dut uste, zoritxarrez, gaurkotasunik galdu duenik. Presoak dauden tokian daude oraindik ere, eta badakigu zenbait jende badagoela guztiz diferente pentsatu eta modu ezberdinean jokatzen duena. Idazleoi ere badagokigu, ahal dugun neurrian eta apaltasun osoz, artekaritza lana egitea, gizatasun pixka bat eskainiz.

Formari eta tonuari dagokienez, zein izan da zure hautua poema hauek idaztean?

Garai hartan Dante Alighieriren Inferno eta John Miltonen Paradisu galdua itzultzen ari banintzen ere, nahiago izan nuen horiek bakean utzi eta John Donnek XVII. mendean idatzitako poesiarekin eta gaur egungo tradizio anglosaxoiko poeta handiekin bat egin —T. S. Eliot, Ted Hughes, Seamus Heaney…—, Europako beste zenbait tradizio ere kontuan hartuta, hala nola Rainer Maria Rilke, Wislawa Szymborska edo Czeslaw Miloszen poesia, adibidez. Poesia askoz ere intimoagoa egiten duten poeten bidetik, beraz. Thomas Mertonen poesiaren eragina ere jaso dut; guztiongan eta guztiarengan paradisutik zerbait dagoela dioen poeta.

Esan duzu 32 poematarako oharrak hartu zenituela, baina liburuan 15 daude...

Beste 18 bat poema idazteko materiala ere badut, zirriborro bezala. Baina ez dakit etorkizunean horiekargitara emateko aukera izango dudan.

Zer idazten ari zara orain?

Haurtzaroko oroitzapenetan oinarritutako poesia narratiboa, orduko Legorretako kontuetan oinarritua. Oso poesia xume eta sinplea da, bertako gauza arruntenekin lotua: aita zenaren arotz tailerreko balkoiarekin, Koate baserriarekin, trenbide azpian gaztainak erretzeko esperientziarekin…

Sorkuntza lanik ez duzu argitaratu azken zortzi urteetan, baina itzulpen asko egin dituzu.

Deustuko Unibertsitatearen eta Ibaizabal argitaletxearen Erlijioen Jakinduria bildumarako hainbat liburu itzuli ditut; Konfuzioren Analektak, besteak beste. Gaztetxoentzako hainbat nobela ere euskaratu ditut. Horretaz gain, Seamus Heaneyren Human Chain ere itzuli berria dut, Giza katea. Orain dela pare bat hilabete bukatu nuen, urte osoa horretan emanda. Aparta da, Heaneyk idatzi duen poemariorik onena, nire ustez. Ez du orain arteko haren beste poemarioek adinako kutsu politikorik, intimoagoa da, hitzari, iluntasunari aurre egin nahi diona, bere lagun askoren heriotzak kontuan hartuta, pintoreak eta musikariak haietako gehienak. Itzultzeko poema zailak dira, erreferentzia klasiko asko erabiltzen duelako, eta baita hiztegietan aurkitzen ez diren Irlandako lokalismo ugari ere.

Eta, itzulpenez gain, zer irakurtzen duzu?

Berrirakurketara jotzen dut, gauza berriak irakurtzera baino gehiago: Lizardi, Lauaxeta, Otto Pette…Eta Europako literaturan ere klasikoak, klasiko modernoak batik bat.Lehen, urtero 60 bat liburu berri irakurtzen nituen, baina orain nahiago dut klasikoengana jo eta horiekin asetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.