Idazteko grinari bideak irekiz

Bergarako Idazle Eskolak hamahiru urteko ibilbidea egin du idaztearen erronkei aurre eginez.Idazle ezagunak izaten dira irakasle.Larunbata arte dago zabalik ikasturte honetarako izena emateko epea

Edorta Jimenez (erdian, besoak gurutzatuta), Bergarako Idazle Eskolako hainbat kiderekin. BERGARAKO IDAZLE ESKOLA.
Ihintza Elustondo
2015eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Poesia, ipuina, nobela, gidoia, antzerkia, iritzia edo itzulpena. Mila aurpegi ditu idazketak. Aholkuak eman daitezke, baita tekniken inguruan irakatsi ere, baina norberak bere bidea egitea da garrantzitsuena. Espiritu horrekin bat eginda zabaldu zituen ateak Idazle Eskolak duela hamahiru urte, Uned Bergara Ikastetxe Elkartuan (Gipuzkoa). Ordutik, Tere Irastortza (Zaldibia, Gipuzkoa, 1961) da zuzendaria, eta argi du edonor dela idazteko gai. «Beste gauza bat da norberak egiten duen ekarpena. Musika ere denek ikas dezakete, ia beti, edo korrika egiten ere bai. Baina, gero, hortik, Olinpiar Jokoetara aurkeztea, beste gauza bat da. Idazten eta irakurtzen ikas daiteke, eta jendearentzat plazer handi bat izaten da, gainera».

Irastortza hastapenetatik gaur arte zuzendari eta irakasle izan da, eta gertutik bizi izan du eskolaren ibilbidea. «Zerbait azpimarratuko banu, hamahiru urteotan daukagun metodologiak jendea emozionatzea lortu duela da, jendeak idaztea, eta batez ere, bere burua landua sentitzea». Antzeko afizioak dituen jendea elkartuta, taldean oso giro ona sortu ohi dela azaldu du. «Gero beti ikasle ohiak etortzen dira; ikasle soka luzea dago proiektuaren atzean».

Euskaraz idazten irakasteko eskola bat martxan jartzea pentsatu zutenean, inguruetan ez zen beste halako zentrorik: «Ez hemen, ez Espainian eta ez Frantzian ez zegoen horrelako gauzarik. AEBetan eta bazeuden. Guk ere esperimentatu egin genuen». Orduan, idazkuntza maila profesionalean eta sortzailean irakasten hasi ziren. «Azken urteotan ikusi dugu maila profesionalean lanean ari den jendeak ere behar duela indar bat modu sortzailean idazteko». Euskararen egoerari arautuegi iritzita, alde sortzaile hori bultzatzen saiatzen dira, batez ere. «Gure hainbat ikasle izaten dira administrazioan ari direnak, edo irakaskuntzan. Nahiz eta haien helburua ez den izaten beti nobela bat idaztea edo poesia idaztea, baizik eta lanean idazketarekin aritzea».

Bi aukera eskaintzen ditu eskolak: bi urteko graduondoko ikasketak, eta epe laburreko moduluak. Graduondoko ikasketak egin ahal izateko, ezinbestekoa da graduatutako ikaslea izatea. Urriaren 31n hasiko dute aurtengo ikasturtea, eta maiatzeko azken astean amaitu. Larunbat goizez izaten dira eskolak, 09:30etik 13:30era. Hala nahi duenak jada eman dezake izena, baina urriaren 17ra bitarteko epea du hori egiteko. Moduluak, aldiz, iraupen eta gai ezberdinetakoak dira, eta edonork eman dezake izena.

Idazleak irakasle

Idazle eskolako irakasle guztiak dira idazleak, hainbat alorretan. Denetarik lantzea gustatzen zaie, idazle-gai bakoitzak bere estiloa bila dezan. Besteak beste, Laura Mintegik, Pako Aristik, Karmele Jaiok eta Edorta Jimenezek parte hartuko dute. Haiekin batera, Jexux Eizagirre eta Eñaut Agirre nabarmendu ditu Irastortzak. «Oso ezagunak ez izan arren, prosa eta erritmoari buruz liburu bat idatzi dute. Idazketara hurbiltzeko bide bat da, ez gramatikala, baizik eta erritmoaren ikuspegitik, eta oso interesgarria. Ez dugu teorizatzen literatur generoen inguruan, ez da teorizazio formakuntza bat, baizik eta trebakuntza praktiko bat».

Behin ikasketak amaituta, batzuek lanak argitaratzen dituzte, eta beste batzuek ez. Baina, taldeko dinamikan, ikasi, denek ikasten dute. «Besteek idatzi dutena irakurri eta taldean zuzentzea gure metodologiaren ardatz indartsu bat da. Gai berdinari buruz zenbat ikuspegi ateratzen diren, ze idazketa ezberdinak, eta baloratzea zergatik gustatu den edo ez....». Urtero, bi ikasturteen artean, hogei lagun inguruk eman ohi du izena, eta talde oso handiak ez izateak hartu-eman hurbila ahalbidetzen du.

Gainera, aberasgarria delakoan, ibilbide bat egina duten idazleekin harremanetan jartzen dituzte ikasleak. «Idazle bat ekartzen dugu, eta berak idazketa prozesuaz hitz egiten du, jendeari erakusteko zer den aurreneko obra bat idaztea, eta hamargarrena, genero batean, edo beste batean, zer aldaketa dagoen nobela bat idaztetik ipuin bat idaztera...». Egitasmo horiek jendeak asko estimatzen ditu, Irastortzaren arabera.

Nekez ikas daiteke idazten, ordea, irakurri gabe. «Jendeak beti esaten du, irakurtzen ere ikasi egiten dutela. Irakurtzen ikasterakoan, kontziente izaten gara idazle bakoitzak, zerbait idazten duenean zenbat irakurri duen».

Irakasteko modu jakin bat duten arren, berrikuntzei ateak ez ixtearen aldekoak dira. Aurreko urtetik hasita, graduondoa erdi presentzialki egin daiteke, klase guztietara joan gabe. Gainera, urtero, lehen mailako ikasleen profila ikusita, aldaketak egiten dituzte bigarrenerako. «Urte batean garrantzi handiagoa ematen diogu haur literaturari, beste batzuetan antzerkiari...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.