Erdi Aroan, «elizgizonek pentsatutako, egituratutako eta gobernatutako gizartean», emakumeei erreparatzeko modu bi gailendu ziren, Corinne Charlesen arabera. «Batzuentzat izaki ezeztatuak ziren, idulkietan miretsi beharrekoak, harreman fisiko ezinak; bestetzuentzat, berriz, hutsez josiriko izakiak ziren, bekatariak, errudunak». XIII. eta XV. mendeen artean emetasunaz eginiko interpretazio eta errepresentazioak ikertu ditu Charlesek Bilboko Arte Eder museoarentzat ekoitzitako erakusketan: Gehiago dago zugan. Emakumeari buruzko irudiak Erdi Aroan.
Museo askotako lanak bildu ditu, 48 denera. Artelanekin ez ezik, bestelako piezekin ere osatu du erakusketa, hala nola kutxa, ispilu, pitxer, tapiz, eskuizkribu eta oihalekin. Museo eta erakunde askotatik ekarri dituzte Bilbora: Parisko Louvretik, Frantziako Liburutegitik eta Londresko National Gallerytik, besteak beste. Egile ezezagunenak dira gehienak.
Lan horiekin, «ohiz kanpoko erakusketa» osatu dutela ohartarazi du Javier Biar museoko zuzendariak. «Oinarri historiko sendoa du, baina ikuspegi modernoa. Begirada parafeministatik landutako proiektua da». Charlesek burututako lau urteko ikerlanaren emaitza da erakusketa. «Garai hartako emakumeak egungo gatazka ideologikoen parametroetan kokatu ditu», nabarmendu du Biarrek.
Charlesek Arte Eder museoko eskultura batekin, Ama Birjina umearekin egurrezko piezarekin hasi du erakusketa, eta segida eman dio Ama Birjinaren alaitasuna taularekin, akabera «ironikoa» emanez Ezkontzearen hamabost gozamenak izenburu duen eskuizkribuarekin. «Lan horrek emaztearen kontrabotereareneta senarraren ergelkeriaren berri ematen du». Lehen obratik azkenekora, sei atal bereiztu ditu Charlesek erakusketan.
1. Ama Birjina
Mendebaldeko Erdi Aroko artean, birjina izan zen emetasunaren errepresentazioaren irudirik baliatuenetarikoa. Garai hartako «kontraesanen eredu» dela dio Charlesek. Hastapenean gizaki goren gisa irudikatu zuten arren, elizgizonen «testu misoginoen» eraginez, haragikeriaren errua, hots, jatorrizko bekatuaren kulpa egotzi zioten berehala. Eta horren ondorio dira eskuan sagarra duen birjinaren irudia, baita erdia narrasti erdia emakume den izakiarena ere. Emakumea suge bihurtuz, alegia, «emakumea gaiztotuz eramangarriago zitzaien zelibatua», Charlesen arabera. Erakusketako komisarioak dioenez, «horregatik satanizatzen zituzten elizgizonek emakumeak». Birjinaren estilo hartako irudiak erakusten dituzten zazpi lan daude lehen atalean.
2. Ezkontza
Ordura arte «krisiak jota» zegoen «instituzioa» ardatz hartuta antolatuta dago bigarren saila. Ezkontzak garrantzia hartu zuen XV. mendean, kutxa handiek eta tapizek erakusten dutenez. Roman de la Rose poemaren eskuizkribua ere badago. 22.000 bertsok osatzen dute poema. Hasierako lau milak Guillaume de Lorrisek idatzi zituen 1225. eta 1240. urteen artean; eta gainerakoak Jean de Meungek, 1275tik 1280ra. Egilea aldatzearekin bat, tonua ere baldartu zen. De Lorrisek amodio idilikoaz hausnartu zuen, harreman ezinezkoaz. De Meungek, ostera, emakumea haragia baino ez zela azaldu zuen, «sexu harremanak izateko balio baino ez duena».
Charlesen esanetan, «hainbat hizkuntzatara itzuli zuten literatur lan hori, egundoko arrakasta izan zuen, eta arrasto nabarmena utzi zuen orduko eta ondorengo artistengan». Roman de la Rose-k jasotzen duen pentsabide horren isla dira erakusketako atal honetan bildutako piezak.
3. Edertasuna
Burgesia ere agertu zen tartean, eta, ondorioz, artea erlijio guneetatik bestetzuetara ere zabaldu zen. Tartean, emakumearen bizitza pribatura. Edertasunarekin lotutako piezen eskaerak gora egin zuen; egurrezko orraziak, marfilezko ispiluak eta gisakoak ekoizteari ekin zioten artistek, sarri askotan gizonen eskariz. Emazteentzako opariak izaten ziren. Haatik, pieza horiek ez ziren libro «andreak gutxiesten dituen moral karga izugarriaz». Charlesek dioenez, askok oso mezu zehatzak zituzten. «'Pentsa ezazu amaieran' eta estilo horretako esaldiak izaten zituzten zizelkaturik, adierazi nahian 'pentsa ezazu zure edertasuna amaitu egingo dela'».
Erakusketaren atal horretan, halaber, emakumezko musikariei tartea egin die Charlesek,garai hartako zenbait musika tresnaren kopiak bilduta. Dioenez, «izen gutxi ezagutzen ditugu, gutxi egongo zirelako bainoago, askok ez zutelako beren jardunaren berri emango baizik». Batzuek harizko tresna leunak jotzen zituzten, «birjinentzako musika sortuz ia. Beste batzuek, ordea, dantzatu eta kantatu egiten zuten, eta horiekiko ezinikusia handia zen, bekatariak zirela zabalduta zegoen, gizonen galbidea zirela. Sorginek edota uhandreek gizonak erakartzeko eta itsutzeko zeuzkaten ahalmenen tankerakoak zituztela esaten zen».
4. Sexua eta erotismoa
Haragia, plazera, erotismoa eta sexuarekin lotura izan dezaketen piezak biltzen ditu erakusketaren laugarren atalak. Brodatutako oihalez eginiko limosna poltsa bat eta kastitate gerriko bat daude. Baita Estrasburgoko prostituzio etxeen zerrenda ofizial bat ere. 1469koa da agiri hori, eta bertan, etxe horien jabeen eta horietan lan egiten duten andreen izen-abizenak ageri dira. «Udalak ez ziren gai izan prostituzioa desagerrarazteko, eta Elizak 'beharrezko bekatu' gisa onartua zuen. Hortaz, arautu egin zuten. Ez bakarrik errolda bat eginez, dokumentuan aurrera prostitutek bete beharreko araudia ere jasotzen da. Nola jantzi behar direnagintzen zaie, ez daitezen nahasiak izan 'emakume zintzoekin'», azaldu du Charlesek.
Elizgizonen presio eta debekuei izkin eginez idatziriko eskuizkribuak ere badaude erakusketan. Horietako batek izenburu du Bere senarraren hilobian txortan egin zuen emakumea. Ez dago izenpetua, noski. «Lan horrek erakusten du emakume askok nahiko zuketena baino askeagoak zirela, eta beren sexualitatearen jabe zirela, hein batean bederen».
5. Enplegua
Vienako tapiz batean, emakumeak zein gizonak ageri dira nekazaritza eremuko hainbat lanbidetan lanean. «Eta Christine de Pisanek gaurkotasun handiko ideiak planteatu zituen Le Livre de la Cite des Dames liburuan (1405). Neskatoek eta mutikoek trebakuntza berbera jasoz gero, nagusitan lan berberak egin ahalko zituztela esan zuen. Eta galdetu egin zuen zergatik egiten zuten sistematikoki emakumea bikotearen hondoratzearen errudun, edo zergatik ezin zuen izan emakume batek mediku edo jurista». Christine de Pisanek (Venezia, Italia, 1364-Poissy, Frantzia, 1430) elizgizonen literaturako estereotipo misoginoen kontra egin zuen sutsu, emakumeen eskubideen defentsan oinarrituz bere lanak, tartean Le Livre de la Cite des Dames. Liburu hartako eskuizkribuetako bat dago erakusketan. Beste muturreko lan bat ere bada: gizon batek bere hiru alabei emandako aholkuen bilduma. «Gizon bati begietara sekulaez begiratzeko, isilak eta diskretuak izateko eta euren burua ez apaintzeko gomendatzen die, gehiegikeriarako bidea baita».
6. Eskubideak
Elizak eraturiko 500 orrialdeko eskuizkribua da atal horretako pieza nagusietako bat. «Gatazkak konpontzeko sortutako gida liburua da, eta babes juridikoa aitortzen dien arren, gizonezkoen eskubideen menpe jartzen ditu emakumeenak». Nolanahi ere, gizarte orok pitzadurak dituenez, zirrikitu horietan loratu ziren lanak daude erakusketako azken parte horretan ere.
Idealismotik misoginiara
Erdi Aroan emetasunaz eginiko artelanak bildu dituzte «ikuskera parafeministatik», Arte Eder museoak ekoitzitako erakusketanLouvreko eta Frantziako Liburutegiko pieza eta eskuizkribuak ekarri dituzte Bilbora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu