Musika

Idles: algoritmoari ihesean

Bosgarren diskoa kaleratu du Idles taldeak, ‘Tangk’, eta lanak ezin laburrago uzten du jatorri izan zuten post-punk etiketa.

Idles taldeko Joe Talbot abeslaria, Portugalen emandako kontzertu batean. JOSE SENA GOULAO
Idles taldeko Joe Talbot abeslaria, Portugalen emandako kontzertu batean. JOSE SENA GOULAO
Inigo Astiz
2024ko apirilaren 28a
05:20
Entzun

«Intzestugileak iruditzen zaizkidala da inspirazio bila euren lorategira joaten direnei buruz esan dezakedan onena. Inork ez du album endogamorik behar. Maite duguna jotzea da gure helburua, eta leku askotatik dator hori: hip-hopetik, souletik, grindetik, technotik, folk musika putatik... Badago rock-and-roll pixka bat, baina, badakizu zer, gu ez gara glam rock talde bat». Joe Talbot abeslari eta musikariak Idles taldearentzako letrak idazterakoan darabilen tonu gordin eta irudimentsu bera darabil taldearen bosgarren diskoari buruzko azalpenetan ere. Eta egia dio, gainera. 2017an Brutalism diskoa kaleratu zutenetik hona, diskoz disko, ezin laburrago geratzen joan baitzaie iturburu izan zuten post-punkaren esparrua. Algoritmoari ihesean dirudite aldiro, eta otsailean kaleratu dute horren azken froga. Euren estudioko bosgarren lan luzea, hain zuzen ere: Tangk (Partisan).

Estilo adarkatzea ez da berria, baina euren aurreko diskoa izan zen horren erakusgarririk argiena, Crawler. Hor igarri zen gardenen Talbotek bere azalpenean aipatutako soul, hip-hop zein tecnho nahasketa hori. Aurreko diskoak bezain «itogarria» eta «zaratatsua» izanik ere, «barnerakoiagoa» zela zehaztu zuen Ihintza Orbegozo musika kritikariak BERRIAn. «Argi geratzen ari da taldeak gehiago saritu duela post-a punka baino».

Bortizkerian ezkutatu gabe

Eta Orbegozok definitutako ildo horri jarraitu diote oraingoan ere. Oraingo honetan, gainera, Radiohead taldearekin urte luzez aritutako Nigel Godrich ekoizlearen bultzadarekin.

Eta igar daitezke haren lanaren lorratzak diskoan. Musikariek onartu dutenez, esaterako, gitarra efektuekin gehiago jolastera eraman ditu Godrichek, eta, horrekin batera, Talboten kantaera da disko honetan nabarmen aberastu den beste elementuetako bat. Hala azaldu du abeslariak aldaketa: «Jadanik ez dut bortizkeriaren atzean ezkutatu beharrik. Izan naiteke malenkoniatsua, edo nostalgikoa, edo ezkatatsua horrek bihotz biguneko egiten nauela pentsatu gabe». 

Hauskortasun hori da berritasunetako bat. Edo hauskortasun hori zer muturreraino eraman duen. Gradazioa, alegia. Orain arte ezagun egin duten deklamazio zein oihutik gertu dabiltzan pasarte melodikoak ez ezik, murmurio kontsolagarriekin ere ausartu delako orain; Radioheaden atmosferen aire bat duen eta diskoa zabaltzen duen Idea 01 abestian, esaterako. Eta, hasi eta buka, Talboten ahotsak garden eta goxo eusten diolako Grace izeneko kanta osoari ere.

Idles taldekoen Grace abestiaren bideoklipa,Chris Martin abeslariaren irudiarekin.

Hori izango da Idlesen izena aipatzean burura etor daitekeen musika motatik urrunen dagoen diskoko abestia, eta, hain zuzen, horixe hautatu du taldeak ere single gisa. Disko osoa hartzen duen joera baikor eta maitabera ere labur dezakeen lelo argitsua du, gainera: «Ez jainkorik, ez erregerik, ez da maitasuna baino hoberik». Talde ia zikin baten pop kanta ia-ia garbi bat da, funtsean. Eta ideia horrekin jolastu dute abestiari sortutako bideokliparekin. Coldplay taldeko Chris Martin abeslaria ikus daitekeelako bertan, adimen artifizialari esker, Idlesen kanta abesten.

Ez da adar jotze bat. Edo ez guztiz. Martinen onespenarekin egin dutelako bideoa. Are, baita haren kolaborazioarekin ere, hark lagunduta trebatu ahal izan dutelako adimen artifiziala bideoko jolasa zehatzagoa izan zedin.

Erortzeko arriskuan

Hori da kritika espezializatuak gehien laudatu duen kanta. Baina, era berean, ez dira gutxi izan, urteotan, diskorik disko, musika esparru zenbat eta zabalagoa hartzen joan ahala, gutxi asko, jatorri izan zuen eszena baztertu izana aurpegiratu dioten zaleak. Eta ezinegon horren ikur ere izan daiteke abesti hori bera, horregatik. Baina ia-ia erregai modura ere baliatu du kritika hori taldeak. «Gogor lan egitea, guretzat, ez da egunero kaka bera idazten aritzea. Transgresioa eta zeure burua kreatiboki ezeroso jartzea da gogor lan egitea guretzat, are liluragarriagoa den zerbait egiteko esperantzarekin». 

2009. urtean sortu zuten taldea Bristolen (Ingalaterra), eta zortzi urtez aritu ziren kontzertuak ematen, harik eta euren lehen disko luze laudatua kaleratu zuten arte. Berehala erakarri zuten kritikaren eta zaleen arreta, eta geroztik esparru gero eta zabalagoetara heldu dira. Baina musika adar horien guztien artean bilatzen duten ezinezko oreka horren bila, tarteka, erortzeko zorian egon direla ere uler daiteke musikariek sorkuntza prozesuari buruz emandako azalpenei kasu egitera. Talbotek kontatutakoaren arabera, kanta bukatu bakar bat ere gabe heldu zirelako estudiora, diskoa grabatzera. «Hamazazpi zati genituen, baina kanta bakar bat ere ez, ez hitzik, ezta melodiarik ere, eta ongi dago hori, ideia, behintzat bagenuelako».

Baina, akaso, erortzeko arrisku horrek goratzen du taldea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.