Igarotzearen ezarpen estetikoa

Ana Laura Alaezen lan berri bat jarri du ikusgai Bilboko Arte Ederren Museoak, irailaren 5era arte

Ana Laura Alaezen bideo pieza. ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Bilboko Arte Ederren Museoan doan sar zitekeela jakin zuenetik, ahal bezainbeste miatzen zituen museoko aretoak Ana Laura Alaezek, umea izateak ematen zion jakin-minak akuilatuta, eta ogibidea izango zuena garatzeko lehenengo ereduak bereganatuz, nahi gabe. «Arte Ederren Museoan izan nuen lehen kontaktua artearekin», dio artistak. Gerora, jaioterriko museoa bisitatu ez ezik, osatu ere egin zuen zenbait artelanekin.

Alabaina, hogei urte igaroak ziren museoak Alaezen azken obra erakutsi zuenetik: Gaur, hemen, orain erakusketa hartu zuen 2001ean; 2021ean, berriro bat egin dute artistaren eta museoaren bideek. Bikoitza izan da harremanaren berreskuratzea: batetik, Alaezek dohaintzan eman die berriki Butterflies (2004) izeneko bideo pieza, eta, bestetik, beste ikus-entzunezko bat jarri dute ikusgai orain, Queer eramaileak: doblea eta errepikapena. BBVA Fundazioak lagundutako Multibertso bekari esker garatu du obra, eta 32. aretoan bisitatu ahal izango da irailaren 5era arte.

Museoko Arte Moderno eta Garaikideko kontserbatzaile Miriam Alzuriren iritziz, «kalitate handiko lana da, hala ikuspuntu bisualetik nola entzumenezkotik; obra heldua da, baina, era berean, bere lanean beti latente egon diren gaiak ere badaude». Azalpen horren adibideetako bat da formatua bera: izan ere, 1999an jorratu zuen Alaezek lehen aldiz bideoa, eta, ordutik, hainbatetan jo izan du euskarri horretara. «Bideoa jorratu izan dudan denetan, beti hurbildu izan naiz ezagutzen ez dudan zerbait izango balitz bezala». Hurbilketa horretarako «diziplina ezberdinak erabiltzeko beharra» azpimarratu du artistak.

Horrenbestez, haren belaunaldiko artista asko bezala, Alaez ere formatu batetik bestera «igaro» dela azpimarratu du kontserbatzaileak, eta, hain zuzen, hori da, Alzuriren ustez, pieza berriaren oinarrian dagoen kontzeptua: igarotzea; ez soilik formatu artistiko batetik bestera, baita hiriko leku batetik bestera ere, eta, orobat, baita genero eraikuntza batetik bestera ere. Izan ere, queer teoria da bere karreran landu izan duen eta lan berrian ere txertatu duen beste gakoetako bat, Alaezek «genero estereotipoei erantzuten ez dieten pertsonak eta genero jariakortasuna» agertu baititu lanean, Alzurik azaldu duenez. Halere, Alaezen queer definizioak ez du genero adierazpena bakarrik kontuan hartzen; bada, era berean, irizpide artistiko bat, orobat igaroan dauden pieza artistikoak taxutzekoa, artistaren arabera: «Ez da existitzen adierazpen itxi bat; asetzeko ezintasun konstante bat dago».

Dantza geldiezina

2019. eta 2020. urteetan grabatu zituen Alaezek pieza osatzen dituzten bideoak; koronabirusak lana oztopatu zion aurrena —sare sozialei esker bukatu ahal izan duela adierazi du—, eta aurkezpena atzeratu zuen ondoren, baina, azkenean, proiektatzen ari da: hamabost minutu eta erdi pasan, Bilbo, Mallorca (Herrialde Katalanak), New York (AEB) eta Japoniako hainbat leku agertzen ditu lanak. Bilboko etxe batean, etengabe erortzen eta jaikitzen ari da performer bat; Japonian, butoh dantzari bat ari da, geldiezin —AEBek Japonian botatako bonba nuklearren ondotik sortu zen dantza estilo hori; «bizirik iraute hutsa», Alaezen iritziz—; New Yorkeko kaleak patinetean zeharkatzen ditu andre batek...

Igaroan daude protagonistak, oro har. «Gelditzeko asmorik gabe. Gelditzerakoan ispilu bat duzulako zure aurrean, ezjakintasuna eta krisia erakusten dizkizuna. Neure buruarekin adiskidetzen naiz bideo horren bitartez: ez dut ezer baztertzen, ezta erorketak ere». Aritzea, jaustea eta altxatzea, eta, hortik aurrera, zikloa berriro hastea, etenik gabe. «Piezan entzuten den abesti batek dio: 'I can't get away from myself'. Hau da, ezin dut neure buruarengandik ihes egin. Nire konplizea izan behar dut: erortzea ere bizitzaren parte da».

Pasarteak musika elektronikoaren bidez josi ditu Daniel Holc musikagileak —Ascii.Disko, ezizenez—. Eta, formatua edota queer teoria bezala, musika estilo hori ere ez zaio arrotza Alaezi. 1999ko lana musika klasikoarekin biribildu zuen, baina bi-hiru urte beranduago jada elektronikoa erabiltzen hasia zen, artistak adierazi duenez. «Izaera kasik narratiboa du: bideoan ez dago ahotsik, soilik musika eta isiltasuna. Musika ere euskarri esperimentala da, bideoa bezala. Musikak eta irudiak garapen paraleloa dute».

Bere jaioterrira ere modu bikoitzean itzuli da Alaez, bere karrerako artelanak biltzen dituen erakusketa bisitatu baitaiteke Azkuna Zentroan: Kontzertu guztiak, gau guztiak, dena hutsik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.