Gaur hasi dira 'Igelak' filmaren grabazio lanetan Pasaian eta Oiartzunen (Gipuzkoa). Euskara hutsean filmatuko da, eta Donostian zein inguruetan ariko dira horretan, zazpi astez. Patxo Telleriarena da zuzendaritza eta gidoia. Aurreratu dutenez, musika ukituak dituen komedia izango da, eta Gorka Otxoa aktorea izango du protagonista.
Delitu ekonomikoengatik atxilotuko dute banku sukurtsal bateko zuzendaria, Pello. Haren nagusiak ere nahasiak daude auzian, baina bakarrik utzi dutela jabetzean, ihes egingo du, eta etxegabetzeen elkarte batek okupatutako etxe batean topatuko du babesa. Istorio hori, Otxoaz gain, Miren Gaztañaga, Josean Bergoetxea, Gurutze Beitia eta Mikel Losada aktoreek eramango dute aurrera.
Musikak ere izango du bere lekua filmean, parte hartuko duten musikarien zerrendak erakusten duenez: Ainhoa Arteta, Xabi Solano (Esne Beltza), Gose, Francis (Doctor Deseo), Natxo de Felipe, Oreka Tx eta Gatibu daude parte-hartzaileen artean.
Bi milioi euroko aurrekontuarekin, ABRA Prod-eko Joxe Portelak eta Alberto Gerrikabeitiak ekoitziko dute filma.