Durangoko 51. Azoka. Irudienea

Igelentzako alfonbra gorria

Patxo Telleriak zuzendutako 'Igelak' filmaren estreinaldia hartu du Durangoko Azokaren lehen egunean Irudienea guneak. Ehun pertsonatik gora bildu da aretoan, eta zuzendariak, Miren Gaztañaga aktoreak eta Gatibu taldeko musikariek aurkeztu diete lana ikusleei.

Zugaza zineman du egoitza Irudienea guneak, eta bertan egin zuten atzo Igelak filmaren estreinaldia. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Durango
2016ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Alfonbra gorria Durangoko Zugaza zinemaren kanpoaldean, eta ikusleak areto barruan zain. Ehun pertsonatik gora bildu zituen atzo Patxo Telleria antzerkigile eta zinemagileak idatzi eta zuzendutako Igelak filmaren estreinaldiak bertan. Areto komertzialetan lehen eguna zuen atzokoa pelikulak, eta Durangoko Azoka hautatu zuten zuzendariak, Miren Gaztañaga aktoreak eta Gatibu taldeko kideek publikoari lana aurrez aurre aurkezteko. Telleria: «Istorio latz bat kontatu dugu komediaren bidez. Ausardia hori izan dugu, eta orain, zuek epaituko duzue, baina argi dagoena da mimo handiz landu dugula galtzaileen mundua». Txalo jendeak, azalpenekin, eta, gero, proiekzioa.

Bereziki bare mintzo zen Telleria estreinaldi aurreko momentuetan. «Antzerkilanak aurkeztean nerbio gehiago izaten da, ze pelikula estreinatzerako ja pelikula egina dago. Jakin-mina eta irrika bai, noski, jendeari gustatzeko, baina besterik ez». Gainera, aurrez ere aski ezagun du film bat estreinatzearen sentsazio hori. Maiz izan da egoera horretan aktore modura, eta bitan zuzendari lanetan ere. 2008an lehenengoz La Maquina de pintar nubes filmarekin, eta 2012an bigarrenez Bypass komediarekin. Baina kasu bakoitzak ditu bere ñabardurak. «Aurreko aldietan oso segidan izan dira Donostiako Zinemaldiko agerpena eta estreinaldia, baina oraingoan separatuago egon dira bata eta bestea, eta horregatik nahiko baretuta nentorren. Sumatzen dut jendearen erantzunak nondik nora etor daitezkeen, eta, beraz, lasaiago». Azaldu duenez, banatzaileek hartu dute estreinaldia Durangoko Azokarekin batera egiteko erabakia. «Musikariek presentzia handia dute Igelak-en, eta horregatik pentsatu dute interesgarria izan zitekeela azoka egunetan estreinatzea». Gatibu taldearekin batera hartu du horregatik erakusmahai bat filmak azokan.

Ez da kasualitatea. Gatibu taldeak kanta bat egin du filmeko soinu bandarako, eta beste hainbat musikari ere agertzen dira pelikulan. Eta pantailan duen protagonismoa izan zuen musikak atzoko estreinaldian ere. Miren Gaztañaga aktorearekin batera, Alex Sardui Gatibu taldeko abeslaria ere aritu zen publikoarekin hizketan filma estreinatu aurrean egindako aurkezpentxoan. «Pelikula honek duen musika tratamendua ez da egin Euskal Herriko ezein pelikula ezein dokumentaletan».

Areto komertzialetara heltzeko gogoz zegoen Telleria. «Orain arte filmak Zinemaldian eta aurrestreinaldietan izan duen ikusleria galbahetik pasatutako ikusleria izan da, nolabait ere, eta orain da momentua benetako publikoarekin aurrez aurre jartzeko». Eta igurtzi horren gosez ere bai zuzendaria. «Jendea animatuko nuke filma ikustera joatera, eta komenta diezadatela gero, nahi badute».

Sinergiak sortzea

Esfortzu batuketa bat. Joana Olabarria Euskaltzaleen Topaguneko kide eta Irudienea guneko koordinatzaileak azaldu duenez, halako zerbait da estreinaldia Durangoko Azokara ekartzearekin lortu nahi dutena. «Sinergiak sortu nahi izan ditugu», onartu du. «Egutegi kontu bati esker lortu ahal izan dugu denak bat egitea». Eta bereziki pozik horregatik antolatzailea. Izan ere, seigarren urtea betetzen du aurten ikus-entzunezkoei eskainitako guneak, eta polita iruditu zaie aurtengo azokan euskarazko film baten estreinaldiarekin zabaldu ahal izatea. «Horrela hasi ahal izatea, guretzako oso ondo dago».

Hainbat kokapen izan ditu Irudienea guneak sei urteotan, baina Zugaza zineman egin dituzte azken edizioak. Olabarria: «Uste dut hori dela ikus-entzunezkoei dagokien lekua. Sei urteotan asko ikasi dugu, gainera, eta uste dugu gune garrantzitsu bat dela kulturgintzan ikus-entzunezkoek merezi duten espazioa izateko». Urtez urte programazioa egonkortzen doala uste du koordinatzaileak, eta azken urteetan nabaritu dute publikoaren gorakada. Bihar ere zazpi film eta hainbat mahai inguru izango dira Zugaza zinemako gunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.