Hogei urte bete ditu Elkar argitaletxearen haur eta gazteentzako Xaguxar sailak, eta urtemugaren harira, bildumari «beste aire bat» emateko asmoarekin, diseinua eraberritu dute argitaletxeko arduradunek, «modernoagoa, erakargarriagoa eta deigarriagoa» egiteko asmoarekin, Antxiñe Mendizabal editoreak azaldu duenez. Diseinu berriarekin lau liburu kaleratu berri ditu argitaletxeak: Irribarrea zabaltzeko ipuinak (Juan Kruz Igerabide eta Jokin Mitxelena), Zabaleko txorimaloa (Juan Luis Zabala eta Maite Gurrutxaga), Nire aita ikusezina da (Julen Gabiria eta Patxi Gallego) eta Motozerra (Xabier Mendiguren Elizegi eta Aitziber Akerreta).
Igerabidek eta Mitxelenak sarritan egin dute lan elkarrekin; batez ere, umorea lantzen duten kontakizunetan. Eta Irribarrea zabaltzeko ipuinak ere eremu horretakoa da. Ipuin laburrak dira, 8 urtetik gorakoek irakurtzekoak, eta guztiek dute umorea, «umore arina», Igerabidek berak esana. «Baita gizarte kritika ukituak ere».
Juan Luis Zabalak idatzi eta Maite Gurrutxagak ilustraturiko ipuinak (Zabaleko txorimaloa) maitasun eta adiskidetasun istorio bat du oinarrian. Eta Iker mutiko protagonistaren herabetasuna bihurtuko da maitasun istorio orok duen oztopoa. «Ni ere oso herabea izan nintzen», azaldu du Zabalak. Protagonistak fantasiaren eta fikzioaren mundua ezagutuko du txorimalo adiskidearen bitartez. Ipuin sentikorra da, eta horri «koloreen bidez» eman dio forma Gurrutxagak. Hori ere, 8 urtetik gorakoentzat.
Mikel Zarate saria irabazi du Julen Gabiriaren Nire aita ikusezina da lanak. Neurri batean, «autobiografikoa» da istorioa. Izan ere, haur txiki bat duen aita bat du protagonista, besteen begietan ikusezin bihurtzen den aita bat. «Ni neu aita izan nintzen duela lau urte, eta ikusezin bihurtu». Egoera hori, nolanahi ere, umorez zipriztindu du Gabiriak, Patxi Gallegoren marrazkiek lagunduta. Ilustratzaileak, gainera, beldurrezko eta abenturazko zinema klasikoaren kartelei omenalditxoa egiteko baliatu du ipuina. Hamar urtetik gorakoentzat.
Beldurrezkoa da, hain zuzen, Motozerra. Xabier Mendigurenek Tartaloren ipuin zaharra hartu du, eta «beldurrezko zinemaren elementuekin» gaurkotu egin du. Aitziber Akerretak zuri-beltzean ilustratu du ipuina, hura ere B saileko film zaharretan oinarrituta. Liburua 12 urtetik gorako haurrentzat da.
Igerabide, Gabiria, Zabala eta Mendigurenen ipuin bana kaleratu du Elkarrek
Jokin Mitxelena, Patxi Gallego, Maite Gurrutxaga eta Aitziber Akerretak ilustratu dituzte liburuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu