Ignacio Aranguren antzerki zuzendariak jasoko du Vianako Printzea saria

Antzerkia «balioen transmisiorako tresna gisa» erabiltzeagatik aukeratu dute. Espainiako errege-erreginak ez dira egongo sari banaketan

Guztira, 800 antzerki ikuskizun baino gehiago landu ditu Arangurenek Navarro Villoslada ikastetxean. TXEMA MORENO.
Iruñea
2016ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Antzerkia eta irakaskuntza 35 urtez estuki uztartu ditu Ignacio Aranguren antzerki zuzendari eta Iruñeko Navarro Villoslada ikastetxeko irakasleak (Iruñea, 1953). Hain zuzen, horregatik jasoko du 2016ko Kulturako Vianako Printzea saria, Ana Herrera Kultura, Kirol eta Gazteria kontseilariak atzo egindako agerraldian iragarri zuenez. «Artea gizarte kohesiorako eta irakaskuntzarako objektu gisa erabili du azken urteotan, eta antzerki zaletasuna piztu du ikasle eta ikusle askorengan». Saria maiatzaren 28an emango diote, Erriberriko jauregian. Foru gobernuak hala erabakita, aurten ez dira errege-erreginak sari banaketan egongo.

Albistea «harriduraz baina pozez» jaso duela ziurtatu du Arangurenek. Izan ere, arte eszenikoak Vianako Printzean saritzea «garrantzitsutzat» jo du, orain arte «alargun samar» zeudela baieztatuta. Era berean, on deritzo oinez ibilian egiten den irakaskuntza eta kultura omentzeari. Horretaz zerbait badaki irakasleak. Hain zuzen, 1978. urteaz geroztik 1.000 ikaslerekin baino gehiagorekin egin du lan, eta urtero hainbat antzerki obra antzeztu dituzte. «Niri emango didate saria, baina horrekin jende askoren lana aintzat hartzen da. Ni hona iritsi banaiz, elkarlanean egindako lan polit batengatik izan da; horren fruitua da saria», argitu du hunkiturik.

Kultura Sailak eta Nafarroako hainbat entitatek proposatutako beste zortzi hautagai zeuden: Helena Taberna zinemagilea, Isabel Villanueva biola jotzailea, Maria Amor Begiristain arkeologo eta etnografoa, Jose Lainez eta Concha Martinezek osatutako koreografo bikotea, IPES elkartea, Miguel Etxauri margolaria, Pello Salaburu filologoa eta Alfredo Sanzol antzerkigilea.

Kasu honetan, Plaza de la Cruz ikastetxeak proposatu zuen Arangurenen hautagaitza. Hango Hizkuntza eta Literatura departamentuko irakasle Emilio Etxabarrenek antzerki zuzendariaren lana goraipatu du: «Arangurenek aukera eta ilusio handia zabaldu du ikasleen, ikusleen eta gainerakoen artean». Baina ez du antzerkia bakarrik helarazi, Etxabarrenen ustez. «Proiektuan parte hartzen duten guztiak beharrezkoak direla transmititu izan du beti. Irakaspen hori bizitzarako gorde dute Arangurenen ikasleek»

Antzerki zale baino gehiago

Horrez gain, ikasle izandako zenbait gaur egun profesionalak bilakatu direla jakinarazi du Plaza de la Cruz ikastetxeko irakasleak. «Sanzol antzerkigilea ere Arangurenen ikasle izan zen, eta Vianako Printzea saria eskuratzeko beste hautagai on bat zen».

Nafarroako Gobernuak maiatzaren 28an emango dio saria iruindarrari. Espainiako monarkiatik bereizteko erabakia hartu zuen foru gobernuak, eta, hortaz, sari banaketa ez da Leireko monasterioan egingo, Erriberriko jauregian baizik. Modu berean, aurten ez da sari ekonomikorik izango. Horren ordez, irabazlearen obra hedatzeko proiektua landuko du gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.