Ignacio Uriartek arte bihurtu du «giza errorearen eta desbideratzearen analisia»

Bulegoetako errutinak dituzte oinarri Rekalde aretoko 'Works' erakusketan bildutako formatu askotako lanek

Ignacio Uriarte, erakusketako lan baten aurrean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Sistematizazioak eta errutinek markatzen dute gure eguneroko bizitza; ordu berean itzartu, dutxatu, gosaria hartu eta lanera abiatzen gara, erlojuari so beti. Lantokian garela ere, ez da inprobisatzeko tarte handirik geratzen, eta mekanikoki errepikatzen ditugu ohitura berak. Behin eta berriz gauza bera egiten ari garela badirudi ere, emaitzak ezberdinak dira, tartean giza faktorea baitago, eta ez da existitzen perfekzioa lor dezakeen gizakirik ezta makinarik. Hori kontuan hartu eta edozein errepikapenetan sortutako desbideratzearen ideiatik abiatzen da Ignacio Uriarteren Works bilduma, marrazkiz, margolanez, paperezko eskulturez eta argazki sailekin egindako bideoz osatua. Erakusketa atzo zabaldu zuten, eta urriaren 16a arte ikusi ahal izango da, Bilboko Rekalde aretoan.

Jatorri nafarreko alemaniar gazteak Enpresa Administrazioa ikasi zuen, eta luzaz ibili zen lanean multinazional batean. Han konturatu zen «bulegoetan ere «ezaugarri artistikoak aurki daitezkeela». Lan hori utzita ez du bulegoa ahaztu, eta han garatzen diren oharkabeko errutinak izan ditu oinarri: idazmakinez, koadernoetatik orriak erauziz, zirrimarrak eginez, orriak tolestuz eta zakarrontzira botaz sortutako lanak aurkeztu ditu.

Kontzeptualisten kutsua

Uriarteren lanaren azken zortzi urteetan oinarritzen da Works, Javier Hontoria komisarioak azaldu duenez. «Haren adineko artisten artean leku garrantzitsuan kokatu dutenekoak» dira bildumako lanak. Arte kontzeptuala eta minimalista da Uriarterena, eta 60ko eta 70eko hamarkadetako kontzeptualisten kutsua igartzen zaio. Lan batzuek Robert Rymanen margo monokromatikoak ekartzen dituzte gogora. «90eko artearekin lotura handia duen artista da Uriarte, arte postkontzeptualarekin, eta horretatik atzerako begirada egin du aurreko belaunaldietara, gaur egun bere obran influentzia handia dutenak», Hontoriak argitu duenez.

Bere lanean «desbideratzearen eta giza errorearen analisia» egiten duela azaldu du Uriartek, eta horretarako errepikapena ezinbestekoa da: «Errepikapena asko landuz jabetzen zara ustezko askatasuna zein parametroren artean mugitzen den». Marka bereko hainbat bolaluma urdinekin marraztutako zirrimarren koloreen arteko ñabardurek, zenbait koadernotatik kadentzia berdinez erauzitako orriek sortutako hiru dimentsiotako marrazkien arteko aldeak edota fotokopiatutako obalo baten desitxuraketak agerian uzten dute Uriarteren analisiaren emaitza: errepikapena eta desbideratzea batera doaz beti.

Erabilitako material gehienak oso primarioak dira: bolalumak, folioak eta tinta potoak besteak beste, baina idazmakinak eta ordenagailuak ere erabili ditu; «Idazmakinari hil ondorengo omenaldia egiteko beharra sentitu nuen», azaldu du. Omenaldi bitxia egin dio. Hainbat garai, marka eta lekutako 62 idazmakinaren hotsak grabatu, eta Michael Winslow aktoreari eman dizkio, soinuak imita ditzan. Police Academy filmeko aktoreak grabatu dituen soinuekin —idazmakinaren garaiaren arabera—, idazmakinen historian ibilaldi kronologikoa antolatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.