Beste inoiz ere nabarmendu izan du Jon Kasares Txorromorro-k, La Jodederako abeslarietako batek eta gitarristak, ikus-entzuleak dantzan jartzea dela beren helburu behinena. Karibeko doinu tradizionalak Euskal Herriratzen dituzte, «edota euskal abestiak Karibeko erritmoan» jotzen, asmo hori gauzatzeko ahaleginean. Eta, Aio Kurrilo! hirugarren diskoa ontzeko (Gaztelupeko Hotsak), Txorromorro, Jomes Hamilton (baxua eta koruak) eta Mandy Cienfuegos (perkusioa eta ahotsa) zein Oscar La Habana kubatarrak (tres kubatarra eta koruak) ez dira aldendu orain urte batzuk hautatu zuten bidetik. Duela bi egindako maketaren eta iaz kaleratutako Karibe Kantauri Kantari lanaren (Gaztelupeko Hotsak) pultsuari eutsi diote. Sona, cumbia, merenguea... Erritmo beroak hamabi abestietan —Prestatu dantzara lehen kantuaren leloak hauxe dio: «Prestatu dantzara, La Jodedera ailegatu da»—, eta, Txorromorroren esanetan, mezu bat daukaten hitzak, konpromisoa transmititzen dutenak.
Aurrekoen jarraipena da, baina badu beste aberastasun bat, atzo Donostian egindako aurkezpenean Jomesek adierazitakoaren arabera. «Hasieran bizpahiru erritmo besterik ez genuen jotzen. Formatua iguala da, baina geroz eta erritmo gehiago lantzen ditugu: nengon-a chengüi-a...».
Jomesek aipatutako aberastasun horri distira handiagoa ematen diote, gainera, Javi Perez jazz tronpeta jotzailearen ekarpen «koloretsuek» —A la vida yo le pido, Nopreguntes eta Ondartzara— eta baita Mirari Irurzun biolinistaren «goxotasunak» ere—Mikelen kantua, Bihotz ixila eta Labaderora—. Joan den udaberria loratzearekin batera hasi ziren diskoa ontzen, eta Jomesen estudioan grabatu zituzten abestiak, Andoainen (Gipuzkoa). «Doinu gehiago dauzkagu jada; fabrika baten modukoa da hau», esan zuen baxu jotzaileak atzo, erdi txantxetan.
Kasu honetan, abesti gehienak dira taldeak berak sortuak. Dena den, Mikelen kantua, «Laboari egindako omenaldia», esaterako, Cerezo rosa herri abestiaren moldaketa da, eta Ondartzara-n txa-txa-txa doinu ezagun bat baliatu dute erreferentzia nabarmen gisa. Horiek sortzeko prozesuan, ohikoena izaten da, Txorromorren hitzetan, tresaren melodia bati jarraikiz inprobisatzen hastea. «Horrek ematen digu txispa, eta gero osatu egiten dugu kantua». Dena den, batzuetan gitarristak berak «musika eta doinua» osatuta eramaten ditu entsegu lokalera. Hitzak berak idazten ditu, eta pentsatzen du nabaritzen zaiola punk taldeetan, «gaztetxe munduan», ibilitakoa dela. «Beti eduki dut protesta kantuarekiko grina bat... Saiatzen naiz mezu horiek sotiltasunez ematen».
Iaz eta aurten ia 65 bat kontzertu eman dituzte urtero, eta oso pozik daude izandako harrerarekin. «Jendeak errepikatu egin nahi izaten du». Txorromorrok pentsatzen du jendeak gogoko duela talde gisa eskaintzen dutena: «Nahasketa hori gustatzen zaio ikusleari, batez ere distantzia labur eta ertainetan; oholtza handietan beste gauza bat da». Herenegun, adibidez, Ormaiztegin jo zuten (Gipuzkoa), eta jendea dantza batean jarri zutela jakinarazi zuen atzo Ubane Uzin Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko kideak. Izan ere, helburua, beti, ongi pasatzea izaten da, Jomesen ustez: «Jendea zuk huts egin zain badago... Ordea, giroa lasaia denean, jendea gustura dagoenean, zu zeu ere askoz ere gehiago dibertitzen zara».
Iguala da, baina aberatsagoa
Karibeko doinuak Euskal Herriratuta, eta alderantziz, 'Aio Kurrilo!' hirugarren diskoa kaleratu du La Jodederak.Hamabi kantuen hitzek badaukate mezua, baina «sotilki» emandakoa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu