Ikerketari beldurrik ez

Donostiaren hautagaitzako kideak «lasai» daude, 2016ko izendapenari buruz Kultura Ministerioak zabaldutako inkesta dela etaGutuna anonimo bat jaso dute Zaragozan ere, Kordoban jaso dutenaren bezalakoa

Jon Eskisabel.
Donostia
2011ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Donostia Europako kultur hiriburu izendatu duen epaimahaiak nekez imajinatu zezakeen erabaki horrek Espainian piztuko zuen egonezin eta haserrearen neurria. Epaimahaiak herenegun jakinarazitako txostenak, non Donostiak aurkeztutako proiektuaren «bikaintasuna» goraipatzen duen, ez du lagundu izendapenaren kontrako ahotsak isilarazten; txostenaren edukia «etsigarria» dela adierazi zuen Jose Antonio Nietok, Kordobako alkateak atzo. Hasiera batean, epaimahaiaren erabakiaren aurka zeudenek epaiaren atzean omen zeuden «irizpide politikoak» argudiatu zituzten, eta orain, berriz, epaimahaikideen beraien inpartzialtasuna jarri dute susmopean zenbait hiri finalistetako alkateek eta bestelako agintari politikok.

Horretarako, ustez izenik gabe jaso duten dokumentazioaz baliatzen ari dira. Kordobako alkatea izan zen lehenengoa bere bulegora Frantziatik igorritako gutunbaten berri ematen. Nietoren arabera, bertan gordetako dokumentazioak frogatzen du kultur hiriburua izendatzeko prozedura «kutsatuta» egon dela, epaimahaikideetako batek (Cristina Ortega Nuereren izena aipatu dute) hautagaitza hobetzeko gomendioak eman zizkiolakoan Donostiako taldeari. Juan Alberto Belloch Zaragozako alkate eta Donostiaren izendapenaren aurka sutsuen hitz egiten duenak Kordobako alkateak jasotakoa berak ere jaso duela azaldu zuen atzo, eta sinesgarritasuna eman zion edukiari. «Iruditzen zait oso gai larria dela, etaseguruenik egia izango dela», adierazi zuen. Irregulartasunak egon direla egiaztatuz gero izendapena bertan behera utzi eta prozesua berriz hutsetik hasi beharko litzatekeela esan zuen Bellochek.

Espainiako Kultura Ministerioak ikerketa bat hastea erabaki du, epaimahaikideek hautatze prozesuko arauak bete zituzten argitzeko, eta Europako Batzordea prest azaldu da bertan laguntzeko.Izendapenaren aurkako lehen kritikak entzun orduko, ekainaren amaieran, EBk epaimahaikideen independentzia aldarrikatu zuen, eta gauza bera egin zuen Espainiako Gobernuak, Alfredo Perez Rubalcaba orduko bozeramailearen bidez. Ia hiru aste igaro ondoren, EBren iritzia ez da aldatu. «Guk dakigula, arauak errespetatu dituzte epaimahaiko kideek», adierazi zuen atzo Dennis Abbot-ek, EBko Kultura bozeramaileak.

Interes talka

Ministerioaren ikerketak zenbait aste iraun dezake, eta epaimahaikideen artean «interes talkarik» egon den argitzea izango da helburu nagusietako bat, Abbotek azaldu zuenez. Hain zuzen, Kordobako eta Zaragozako alkateek jasotako agirietan aipatzen da, ustezko faboritismoaren froga gisa, Cristina Ortega Eusko Jaurlaritzako Kulturaren Euskal Kontseiluko kide eta Europako kultur hiriburua izendatzeko epaimahaiko kide izan dela aldi berean.

Gaia Espainiako Gobernuaren asteroko bileraren osteko prentsaurrekora heldu zen, baina Jose Blanco bozeramaileak ez zuen ezer aurreratu nahi izan. Haren arabera, «gizartearen desioa» da izendapen prozesuari buruz inolako zalantzarik ez egotea, eta ikerketak erantzuna emango dio. «Itxaron dezagun emaitza jakin arte».

Bitartean, Donostiako hautagaitzako kideak lasai daude. Eva Salaberria hautagaitzaren koordinatzaile nagusiak «ondo» deritzo Kultura Ministerioak ikerketa bat hasteari, «inork zalantzarik baldin badu». «Ez dugu inolako eragozpenik informazio prozesu bat zabaltzeko eta jendeak zer gertatu den jakiteko», adierazi du.

Epaimahaiko kideekin izandako harreman oro «araudiaren barruan» izan dutela berretsi du Salaberriak, hau da, iazko irailean lehen hautaketa gainditu ostean epaimahaiak egindako gomendioak jarraitu dituzte, eta ondoren epaimahaiko buruarekin elkarrizketa bat izan zuten, gainerako hirietako ordezkariek bezala. Hori dela eta, Kordobako eta Zaragozako alkateek egindako salaketari buruz «ezer ez» ez dutela esateko eta «oso lasai» daudela gaineratu du Salaberriak.

Kordobarekin eta Zaragozarekin batera, Burgos, Segovia eta Las Palmas ziren beste hiri finalistak. Hiru horietatik Burgosek bakarrik egin du bat salaketarekin. «Gertakari garrantzitsua eta sendoa» dela esan du Javier Lacalle alkateak, eta auzia argitzeko eskatu du. Aldiz, Las Palmasek polemikatik kanpo utzi du bere burua. Hasieratik epaimahaiko kideen independentzian sinistu duela esan du Juan Jose Cardona alkateak, eta izendapenaren aurkako lehen iritziak azaldu zirenean esandakoa errepikatu du: «Garaipenean eta porrotean, dotore eta gizalegez jokatu behar da».

Epaimahaiak Donostiako hautagaitzaren egitasmoa goraipatuz kaleratutako txostenaren harira, Gipuzkoako Diputazioak babesa azaldu dio udalari eta Juan Karlos Izagirre alkateari. «Kudeaketa egokia eta zuzena egin du, eta, beraz, gure babes osoa du Izagirre jaunak eta Donostiako Udalak. Diputazioaren babes instituzionala du kultur hiriburutzak», dio aldundiaren oharrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.