Erreskadan hiru nobela idatzi eta gero —Paperezko hegazkinak (Susa, 2002), Ezker hanka falta zuen (Susa, 2005) eta Zubigilea (Susa, 2007)— ez zuen literatur mundutik desagertzeko beharra sentitu, ez zuen ikusezin bilakatzeko beharrik izan, baina bai aldatzekoa. Idazten jarraitu nahi zuen. Idazten jarri nahi zuen berriz, baina beste modu batera. Ipuinak idatzi nahi zituen, eta bere burua horretara behartze aldera, jolas moduko bat eratu zuen lagun batekin. Astero-astero ipuin bat idatziko zuen, eta lagunari erakutsiko zion, hark bere iritziak eman ziezazkion, zuzenketak egin ziezazkion. Idatzi zituen hamar ipuinok, eta beste liburu bat ehundu zuen. Hamar horietatik bost sartu ditu Lutxo Egiak (Santander, Espainia, 1969) Susarekin argitaratu berri duen Txakur ingelesak liburuan, eta beste lau batu zizkion gero. Beste bostak baztertu egin zituen, ezkutatu edo ikusezin bihurtu zituen.
Estilo aldetik «oso desberdinak» dira liburua osatzen duten bederatzi ipuinak, egilearen esanetan, baina gai batek ematen die batasuna —«behin eta berriro itzultzen zitzaidan gai bat»—.Ikusezintasunak, ikusezin izan nahi duten pertsonaiek ematen diote batasuna, hain zuzen ere, liburuari. Gaur egun ikusgarri denaren eta ikusezin denaren arteko «jolasa» nola gertatzen den landu nahi izan du Egiak liburuan: «Gaur egungo bizimodua edo postmodernitatea uler genezake ikusgarri izateko borroka baten moduan. Berdin dit enpresa bat den, udal bat den, edo pertsona bat den, baina aro digital honetan geroz eta erraztasun eta ohitura handiagoa daukagu ikusgarri izateko. Geroz eta gauza gehiago erakusten dugu. Intimitatea galduz doa. Gaur egun dena da agertzea, dena da ikusgarri egitea. Soziologoek extimitatea-ri buruz hitz egiten dute gaur egun, intimitatearen kontzeptu kontrajarri modura».
Gogoeta hori abiapuntu izanik, literatura egiteko oso gai egokia iruditu zitzaion Egiari: «Gaur egun oso zaila da ikusezin izatea. Ikusezin izatea errebeldia da, korrontearen kontra joatea. Nik neurri batean ikusezin mantentzearen edo ikusezin bilakatzearen aldarria egiten dut. Ikusezin izatea gizartearen kontra joatea da».
Istorio ezohikoak
Ikusezin bilakatzeko edo mundutik desagertzeko modu asko dago. Heriotza da drastikoena, eta horregatik akaso aipatzen da liburuko lehen ipuinean, lanari izena ematen dion Txakur ingelesak horretan. Gero etorriko dira bestelako ikusezintasunak: kartzela, ihesa, ezkutatzea, bakardadea, alderrai ibiltzea, itxura aldaketa... eta agian lausoena: oharkabean igarotzea.
Ikusgarritasunaren eta ikusezintasunaren gogoeta orokorraren lemak gidatzen ditu ipuinak, baina bakoitzak istorio bat kontatzen du. «Anekdota bat dute abiapuntu guztiek, eta umore puntu bat dute gehienek».
Lehen ipuinak kontaera eta molde klasiko bati erantzuten dio, Egiaren ustetan, baina hurrengoetan klasikotasun hori hautsi egiten da, nahiz eta ez duen esperimentazioarekin jolastu nahi izan. «Ez dira istorio ohikoak. Pertsonaiak ere ertzekoak dira, oso amildegikoak. Bizitzaren trapezistak. Ez dira baztertuak, baizik eta bazterretik ibiltzen direnak».
Harkaitz Cano idazlea izan zuen atzo lagun liburuaren aurkezpenean Egiak. Liburu «jostalari» modura definitu zuen Txakur ingelesak: «Jolas modukobat planteatzen du, tranpak jartzen ditu, eta gozamena da tranpa horietan erortzea. Gai aldetik batasuna dago, baina ipuin bakoitza estrategia desberdin batez garatzen du, eta horrek erakargarriago egiten du liburua. Gainera, keinu eta erreferentzia literarioz josia dago, eta zibermunduaren kontraesanetan modu ikaragarri burutsuan igeri egiten du».
«Ikusezintasunari eustea errebeldia da gaur egun, korrontearen aurka joatea»
Lutxo Egiak 'Txakur ingelesak' lehen ipuin liburua kaleratu du, «bazterretik» dabiltzan pertsonaietatik abiatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu