New Yorken bizi arren, denbora gutxian lan andana aurkeztu du Itziar Barriok Bilbon. Txantxa egin du kazetaria ikustean. «Hau amaitzean ez nauzu bolada luze batean ikusiko, zin dagizut». Hilabete biziak eta oparoak izan dira Barriorentzat. Bizkaiko Foru Aldundiaren Ertibil lehiaketako lehen saria eskuratu zuen iragan ekainean, Welcome to The New Paradise saileko lan batekin, The Paradise is Here margolanarekin, hain zuzen. Halaber, irailean, sail hartako beste pieza multzo bat aurkeztu zuen Rekalde aretoan, On The Road erakusketan -azaroaren 14a arte ikus daiteke-. Eskultura, bideo eta argazkien bidez, egungo paradisuaren kontzeptuaz, turismoaz eta hedabideez hausnartu zuen sail horretan.
Alabaina, oraingoan, oso bestelako lana garatuko du Barriok (Bilbo, 1976) BAD jaialdiaren barruan. Obeditzeak berezko dauzkan arriskuez gogoeta egiteko lana zuzenduko du Zorrotzaurreko Art Working Progress deritzon pabilioian. Hiru kamerak etengabean jasoko dituzte lau aktoreren imintzio, mugimendu, jarrera eta elkarrizketak. Izaskun Fernandez, Maitane Muruaga, Gabriel Reig eta Urtza Zuazo izango dira aktoreak, eta lau egunez segidan grabatuko dituzte, zortzi orduz, 12:00etatik 20:00etara.
Zer da zehazki Obedientziaren arriskuak? Zein da azken helburua?
Prozesu bat da, esperientzia bat. Diziplina bat baino gehiago uztartzen ditu; batik bat, antzerki, zinema eta telebistako teknikak. Helburua eszena bat sortzea da, une horretan bertan eta toki horretan bertan. Eszena horrek ez dauka aldez aurretiko gidoirik. Gertaerek aginduko dute. Eta esperientzia hori ikus-entzunezko lan batean jaso, eta hurrengo urtean aurkeztuko dut, BADen.
Juanjo Otero eszena zuzendariaren laguntza izango duzu. Eta gidoirik gabe jardungo duzuen arren, Lee Strasbergen metodoan oinarritutako zenbait irizpideren arabera jokatuko duzue, ezta?
Aktoreek Juanjo Oteroren zuzendaritzapean egingo duten eszena lantegi bat izango balitz bezala biziko dute hau guztiau. Bakoitzak rol bat izango du: heroia, bilaua, soldadua eta marinela izango dira. Egunek aurrera egin ahala, orduan eta gehiago interpretatuko du nork bere rola, bi talde sortzeraino. Protagonista-antagonista taldeak ezin argiro bereizteraino, betiere interpretazio eremu baten barnean, noski. Soldaduak heroiaren alde egingo du, eta marinelak zailtasunak izango ditu bere burua talde batean kokatzeko.
Errealitatea eta fikzioa bereizten dituen marra mehea dela uste duzu?
Horixe da prozesuaren beste helburuetako bat, pertsona eta pertsonaiaren arteko muga zeinen lausoa den ikustea. Horregatik grabatuko ditugu etengabean, bazkaria prestatzen ari direnean ere. Eta horregatik izango da aukera gertatzen ari dena zuzenean ikusteko. www.badbilbao.com webgunearen bidez jarraitu ahal izango dira saioak.
Nolanahi ere, gaur eta etzi pabilioiko ateak irekiko dituzue, eta eszena eraikitzeko prozesua bertatik bertara jarraitu ahalko dute hala nahi dutenek...
Performance ukitua emango dio horrek. Ikusleak egoteak ez du ezer aldatuko. Iritsi aurretik hasi den prozesu bat da, haiek joan ondoren segituko duena.
Psikologian lizentziaduna zara.Ba al du eraginik artea planteatzerakoan?
Ziurrenik proiektu honek du lotura estuen nire barnean dagoen beste alderdi horrekin, hau da, psikologiarekin. Baina pentsatzen dut aurretik egin ditudan beste lanetan ere izango zela aztarnaren bat. Dena dela, Obedientziaren arriskuak honek ere badu atal tekniko-artistiko oso garrantzitsua. Askotan aipatzen dut hiru dimentsiotako eszena bat sortuko dugula, zeluloide plano bat beharrean. Irudian, eszenan barruratzeko aukera izango dugu, eta haren mekanismoak ezagutzeko.
Bilbon egin ondotik, New Yorken errepikatuko duzu. Zer dela eta? Testuinguruak lana erabat baldintza dezakeela uste duzu?
Zalantzarik gabe. ISCPn, The International Studio & Curatorial Programen daukadan lantegian egingo dut. Aldagaiak nabarmen aldatuko dira. Aktoreak eta eszena zuzendaria beste batzuk izango dira, eta litekeena da ikuslerik ez egotea. Interesgarria iruditzen zait ikustea zer-nola aldatzen den ikus-entzunezko materiala, aktore taldea eta tokia aldatzean. Testuingurua ere aldatuko da, ez baitut egingo antzerki eta dantza garaikidearen jaialdi batean. Beste modu batean planteatu nahi dut prozesua, Bilbokoa eta New Yorkekoa alderatzeko.Dena dela, esperientziak markatuko du bidea batean zein bestean. Gauza gehiago daude erabaki gabe erabakita baino».
Welcome to The New Paradise sailean lanean eman ditu azken urteak Barriok. New Yorkeko hiru irletan garatu du bilduma: Governors Islanden, Manhattanen eta Brooklynen. Publizitate ohol bat jarri zuen lehenean, site especific bat bigarrenean eta erakusketa bat hirugarrenean. «Imajinario kolektiboko ikurrak» baliatuz sortu zituen bildumako piezak, palmondoak, metrailadoreak eta tankerakoak erabiliz. Ikur horiek dekodetu, testuingurutik atera, eta beste elementu batzuekin emanez edota errepikatuz, esanahi berriak proposatu zituen artistak.
Welcome to The New Paradise bilduman, 60 marrazki, eskultura, bideo, instalazio eta margolanen bidez,paradisuaz eta turismoaz egun nagusi diren ideietan sakondu duzu.
Perfekziorako antsia dugu gaur egun, eta paradisuaren ideia horrekin lotzen dut. Paradisua beharrezko bihurtu zaigu. Eta horrekin oso lotua dago turismoa. Poskapitalismoan, oinarrizko beharrizan bihurtu dugu turismoa. Jendeak kredituak eskatzen ditu oporretan joateko.
Hedabideak ere aipatu dituzu bilduman. Pentsabide hori horrenbeste zabaldu izanaren erantzule dira?
Noski. Hizkuntza pentsabidea da. Ideia hori nire lanaren zutoinetako bat da; hortaz, ezin ditzaket bazter utzi hedabideak. Gaur egungo gizartean indar handia dute, eta pentsabide bakarra sortzen eta zabaltzen dute, estrategia erakargarri eta subliminalekin. Nire obran badago horren inguruan eginiko kritika bat, edo gogoeta bat. Baina ez zait gustatzen morala egitea.
New Yorken lan egiten jarraitzeko asmoa duzu?
Proiektu eta ideia ugari dauzkat. Lau urte daramatzat, eta oraingoz han geratuko naiz.
«Ikusi nahi dut pertsona eta pertsonaiaren arteko muga zeinen lausoa den»
'Obedientziaren arriskuak' grabatuko du BADen. Lau egunez, lau aktore bilduko ditu pabilioi itxi batean, eta rolak ezarri ondotik, haien jokabideak aztertuko ditu ikus-entzunezko pieza batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu