Ikusiak izateko

Arteko galeriak 25 emakume artistaren obrak bildu ditu 'Arts Attack' erakusketanEsther Ferrer, Dora Salazar, Mari Puri Herrero, Elena Asins eta Isabel Herguera dira parte hartu duten egileetako batzuk

Dora Salazarren Maskarak saileko lanak. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
«Artelana da berez garrantzia daukana, obra, eta obra horrek zerbait adieraztea eta ikuslea hunkitzea, bere balioa izatea eta bere ekarpena egitea, alde batera utzita hura sortu duena emakumea edo gizonezkoa den». Horretaz ez du duda izpirik Cristina de la Fuente Donostiako Arteko galeriako arduradunak. Baina 25 emakume artistaren lanak biltzen dituen erakusketa antolatu du bere galerian,MAV Mujeres en las Artes Visuales Espainiako elkartearen aurkezpenarekin bat eginda. Zergatik hautu hori? «Datu guztien arabera, museoko funtsetako lanen artean emakumeek egindakoen portzentajea oso murritza da gizonezkoek egindakoenen aldean, eta horrek erakusten du asko kostatzen ari dela benetako berdintasunera iristea».

Erakusketarako pieza bana hautatu dute De la Cuestak deitutako 25 artistek, eta horien artean daude Esther Ferrer, Dora Salazar, Mari Puri Herrero, Isabel Herguera, Elena Asins, Marta Cardenas eta Ainize Txopitea. Otsailaren 26a arte izango da zabalik.

ArtsAttack du izenburu erakusketak. «Ez genion inondik ere izenburu erromantikorik jarri nahi erakusketari», dio De la Fuentek. «Oso ikusiak ez bagara ere —estatistikek diotenez eta MAVen behatokiek egiaztatzen dutenez—, lanean ari garela eta lanean jarraituko dugula adierazten du izenburuak. Emakume artista asko dagoela eta gizonezkoek bezain lan ederrak eta interesgarriak egin ditzaketela».

«Aurretik gurekin lan egindako artistak dira ia guztiak, eta haietako askok bakarkako erakusketak egin dituzte hemen», azaldu du Artekoko galeristak. «Beste batzuek erakusketa kolektiboetan hartu dute parte, eta beste batzuk oraindik gauzatzeko dauzkagun proiektuetarako ari dira lanean. Julia Cristinaren kasua bestelakoa da. Inoiz ez du lan egin gurekin, baina bere bideo-lana oso egokia iruditu zitzaidan erakusketarako». Galeria barruko gela txikian dago ikusgai.

Euskarri eta gai ugari

Artisten aldetik «oso erantzun ona» jaso du galeristaren deiak. «Bakoitzak askatasun osoz aukeratu du bere lanen artean erakusketa honetarako egokien iruditu zaiona». Emaitza erakusketa «askotarikoa» da, bai euskarriei dagokienez —margolanak, grabatuak, argazkiak, material eta joera oso ezberdinetako eskulturak, bideo-arteko lanak…— eta bai gaiei dagokienez ere, nahiz eta obra askok —ez guztiek inondik ere— emakumearen egoeraren gaiari heldu, aldez edo moldez. «Lan guztiak batzen dituena da egileak emakumeak direla, ikusiak eta entzunak izan nahi duten emakume artistak, eta bakoitzak zerbait indartsua ekarri nahi izan du, une eta gune honetarako beren-beregi hautatua».

Duela hamahiru urte ere «antzeko zerbait» egin zuela ekarri du gogora De la Fuentek, hots, emakume artisten lanekin osatutako erakusketa kolektiboa. «Orduan sei emakumeren erakusketa antolatu genuen, bakoitza diziplina artistiko batekoa. Interesgarria iruditu zitzaidan berriro ere era honetako erakusketa bat antolatzea orain, MAVen aurkezpenarekin bat egiteko ezin egokiagoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.