Ikusle pasiboak esnarazteko irudiak

Indarkeria matxistaren aurka bestelako gogoeta bat proposatzen duten 15 artistaren lanak bildu dituzte Donostian

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2010eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Emakumeen sexu trafikoa, lapidazioa, ablazioa, hilketak, jazarpena, bortxaketak, gerra gehiegikeriak... Aurpegi asko ditu indarkeria matxistak. Egunero daude adibideak inguru hurbilean zeinmunduko beste puntan, baina ezkutuan geratzen dira gehienetan. Ikusezintasun hori beren sormenaren bidez hautsi nahi izanduten nazioarteko hamabost artistaren lanak bildu dituzteKontraindarkeriak. Emakumeenganako erasoei buruzko praktika artistikoak erakusketan. Marrazkiak, ikus-entzunezkoak, bideo nahiz soinu instalazioak, komikiak eta bestelako lanak ikus daitezke atzotik Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, otsailaren 5a bitarte zabalik egongo den erakusketan.

Sortzaileen praktika artistikoen bidez genero indarkeria «egiturazko arazoa» dela gizarteratu nahi du erakusketak, Piedad Solans komisarioak azaldu duenez. «Emakumeen aurkako indarkeria ez da istripu hutsa edo adierazpen kultural edo pribatua. Milaka urte dituen egitura arkaiko eta patriarkal baten adierazpena da», haren hitzetan, «drogarenak adina diru mugitzen duen industria bihurtzeraino». Emakumearen irudi matxistak zabalduz irabaziak lortzen dituen industria salatu du, baina horretarako «ikusle pasiboek, kritikoak ez diren kontsumitzaileek» duten erantzukizunaz ere ohartarazi du.

Hala, ikuspegi antropologikotik harago, bortizkeria matxista betikotzen eta legitimatzen duten baldintza politiko, mediatiko eta ekonomikoak aintzat hartzen ditu erakusketak. Baldintza horiek gizartean oso errotuta daudela uste du Solansek, eta horien artean aipatu ditu isiltasuna, ikusezintasuna, axolagabetasuna, onespena eta parte-hartze aktiboa. Ideia horien inguruan egin dute gogoeta hamabost artistek.

Ikus-entzunezko lanak dira nagusi erakusgelan. Indarkeria matxista salatzeko kalean eginiko performance-ak ekarri dituzte aretora hainbat sortzailek; Beth Moyses brasildarrak eta Alicia Framis katalanak tartean. Lapidazioaz eta ablazioaz kontzientzia hartzeko kalean eginiko bi ekintza artistiko jaso ditu Sukran Moral turkiarrak. Regina Jose Galindo guatemalarrak, berriz, oinak odoletan busti eta Guatemalako Hiria zeharkatu zuen bere lanerako, indarkeriak uzten dituen aztarnak islatzeko.

Axolagabetasunaren ideia landu du bere bideoan Stefan Constantinescu hungariarrak. Autobus batean doala, bikotekideari telefonoz bortizkeria handiz hitz egiten dion gizon bat ikusten da, aldameneko emakumeak leihotik begiratzen duen bitartean. «Espazio publiko batean gertatzen da bortizkeria hori, baina espazio pribatu bihurtzen daazkenean», artistaren hitzetan. Publikoaren eta pribatuaren kontzeptuak aztertzeko, bizilagunaren leihoaren eta etxekoaren arteko jolasa baliatu du Alexandra Ranner alemaniarrak bere ikus-entzunezko lanean.

Lan, pobrezia eta emigrazioari lotutako bortxa edo «hipermaskulinitatearen» indarkeria landu dituzte, besteak beste, Coco Fusco, Maya Bayebic, Cristina Lucas, Nazan Azeri, Shoja Azari, Louise Bourgeois, Paula Rego, Azucena Vieites eta Teresa Serranok; ikus-entzunezkoen bidez gehienek, eta marrazkietan beste zenbaitek. Luis Gascaren bildumako zenbait alerekin osatu duten komiki sorta zabal bat ere bada erakusketan.Dokumentazio gune bat ere jarri dute aretoetako batean, erakusketaren osagarri.

Biktima irudia haustea xede

Hedabideek arazoaren inguruko ikuspegi erratua zabaltzen dutela uste du Solansek. «Emakumearen biktima ahularen irudia ematen dute, defendatzeko gaitasun pertsonal edo kolektiborik gabea, eta horrek emakumea ahultzen du, gizonaren erasotzaile irudia orokortzearekin batera». Horregatik, artisten begirada sorta zabala bildu nahi izan du erakusketarako, «jendeari emakumearen biktima irudia hausten duen begirada kritikoa eskaintzeko». Artista emakumezkoenak dira gehienak, baina badira gaia landu duten gizonen lanak ere.

Genero indarkeria gizarte osoaren arazoa dela eta ezin dela beste aldera begiratu ohartarazi du Ana Salaberriak, Artelekuko arduradunak. «Artearen bidez, ezkutuan dagoena, ikusten ez dena erakustea izan da gure asmoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.