Ikuslea ezeroso sentiarazi nahi izan du Montxo Armendarizek(Olleta, Nafarroa, 1949) bere film berrian. Familia giroan gertatzen diren sexu gehiegikeriei so jarri du kamera No tengas miedo-n (Ez izan beldurrik). Aitaren abusuak jasaten dituen Silvia izeneko neska baten istorioa kontatu du. «Jendeak esaten didanean beldurrezko lan bat egin dudala eta aretotik larrituta atera dela, oso zoriontsu sentitzen naiz. Hori da sakonean lortu nahi nuena. Itxura batean zoriontsua den familia giro batean bizi den neska baten bizitzan murgildu nahi nuen, eta bizitza nola txikitzen dioten ikusi, une zehatz batean egoerari aurre egitea erabakitzen duen arte. Ikusleek biktimen beldur eta larritasuna sentitzea nahi nuen». No tengas miedo gaur estreinatuko da zinema aretoetan, baina Armendarizek Iruñean aurkeztu zuen atzo, istorioaren kokaleku nagusi den hirian.
Biolentzia dago filmaren oinarrian, baina ez da haren irudirik ageri. Planotik kanpo gertatzen dira sexu gehiegikerien eszenak. Erabaki hori hartu du Tasio, Secretos del corazón eta Obaba filmen zuzendariak. Horrela azaldu nahi izan du Silviaren mina, kolperik gabe, odol arrastorik gabe: garbi iruditan, gordin sakonean. «Ez nuen biktimek bizitakoaren gordintasuna, mina eta sufrimendua galtzerik nahi. Biktima hauei bizitza nola txikitu dieten ikusi dut filma prestatzean, eta ez nuen nahi ikusleak hori bera bizitzea eta atzera egitea. Horrez gain, ihes egin nahi nion normalean halako albisteek sortzen duten morboari eta izugarrikeriari. Interesik gutxiena duena hori da». Biktimen aurrera egiteko borroka erakutsi nahi izan du.
Urte eta erdi pasa du haien lekukotzak entzuten, gidoia prestatzeko. Gaia, ordea, tabu da gizartean. Horregatik, filmak badu salaketatik, baina batez ere bistaratze lana egin du zuzendariak. «Ez dut uste film batek errealitate soziala alda dezakeenik. Hori guk egin behar dugu. Gizarteak berak aldatu behar du, bere elkarte, ekintza eta erakundeen bidez. Filmak ezin du soluziorik planteatu. Errealitate bat erakuts dezake. Horren bidez gizartean erantzun bat sortzea nahi genuke; ez dago prebentzio sistemarik, ez dago hezkuntza programarik, ez dago biktimentzako telefono zenbaki zehatzik... Filmak ezin dio horri erantzunik eman, eta ez dut uste soluzioa planteatu behar nukeenik ere. Errealitatean dagoen arazo bat jarri behar diot ikusleari aurrean, eta gizartea da erabakiak hartu behar dituena».
Dokumental faltsu moduko bat ere bada No tengas miedo. Terapia egiten ari diren biktimen lekukotzak tartekatu ditu zuzendariak, Silviaren istorioak aurrera egin ahala. Partikularretik orokorrera egin nahi izan du jauzi Armendarizek. «Oso handia da familia giroan gehiegikeriak jasan dituztenen kopurua. Gainera, kontatzen direnak bakarrik sartzen dira zenbaki horietan, eta askoz gehiago dira kontatzen ez direnak. Filmean erakutsi nahi nuena zen etxe barruko tratu txar hauen kontua ez dela soilik Silvia izeneko neska bati gertatu zaion zerbait, klase sozial, adin eta giro askotan ematen dela baizik. Silviaren kasua baino orokorragoa da. Eta, horrez gain, kontakizunaren linealtasuna ere apurtu egin nahi nuen testigantza horiek sartuta, pertsonaiak ere desegituraturik daudelako. Estetika ere kontatzen denarekin bat joatea nahi nuen».
Errealitateari uko
Aita (Lluis Homar) eta Silviaren (Michelle Jenner) arteko harremana da filmaren bizkarrezurra. Baina amak ere (Belen Rueda) badu bere garrantzia. Gizartearenarekin parekatzen du Armendarizek haren jarrera. «Alabak aurrez aurre jartzen dionean ere, ukatu egiten du errealitatea. Ez da amak ez duela ikusi nahi gertatzen dena, baizik eta ihes egiten diola. Bere bizi-kalitatea hobetzea du helburutzat. 'Kendu arazo guztiak aurretik, nik gizabanako gisa hobera egin nahi dut, nire egoera ekonomikoaz kezkatzen naiz, eta gainontzekoez hobe hitzik ez egitea'. Hori da haren jokabidea, eta gizartean gertatzen denaren isla da. Ez diegu arazoei aurre egiten. Ukatu egiten ditugu».
Esperantzari zirrikitu bat uzten dio filmak, ordea. Aitari aurrez aurre jartzen zaio Silvia harekin duen azken eszenan, eta irabazi egiten dio norgehiagoka xume baina garrantzitsua; begirada joko bat. Garaituta ateratzen da aita gelatik, eta hor hasten da bizitza berria. «Ez dakigu bizimodu berri hori nolakoa izango den, ordea», zehaztu du Armendarizek. «Ni ez naiz happy end-en aldekoa, ezta esplizitutasunaren aldekoa ere. Iradokitzea gustatzen zait, ikusleari ekarpenak egiten uztea. Filma ikusi duten biktimei hori da gehien gustatu zaien eszena. Identifikatuta sentitzen dira. Unerik gogorrena izan da aurrez aurreko hori haientzat ere, eta beren burua ikusten dute hor».
Lanbidearen duintasuna
Gaur estreinatuko bada ere, egindako proiekzioetan hasiak dira publikoaren erantzuna jasotzen. Eskerrak ematera joan zaizkie asko, aktoreek adierazi dutenez. Familia giroan abusuak jasan dituzten biktimak, haien artean. «Hori da gehien betetzen nauena», dio Jennerrek. «Biktima batek filma bere buruarentzat eta besteentzat lagungarri izan daitekeela pentsatzea ikaragarria da».
Lao Tse filosofo txinatarrari aitortzen zaion aipu bat ekarri du gogora Homarrek filmaren rol soziala azaltzeko: «Urrats batekin hasten dira mila legoako bidaiak». Aktore lanaren garrantzia azpimarratu du gero. Armendarizen lanak badu misiotik zerbait, aktorearen ustez: «Nire lanbidea duintzen dute halako filmek. Nik badakit nire pertsonaia ez dela publikoaren gustukoa izango, alabaz abusatzen duen aitaren rola jokatzen dudalako, baina kausa horren alde jarri dut aktore lana».
«Ikuslea larritu nahi nuen»
Montxo Armendarizek familian sexu gehiegikeriak jasan dituztenen mina jaso du 'No tengas miedo'-n; gaur da estreinaldiaUrte eta erdiz aritu da biktimekin hizketan zuzendaria gidoia prestatu ahal izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu