Lara Izagirrek (Zornotza, Bizkaia, 1985) Empoderío filma estreinatuko du gaur, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian (20:00), Donostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldian. Bilboko Otxarkoaga auzoko hamasei emakume ijitorekin egindako proiektu baten emaitza da pelikula. Atzo egin zuten aurkezpen prentsaurrekoa, eta hori amaitutakoan hartu zuen tartea BERRIAren galderei erantzuteko.
Zer ikusiko du ikusleak Viktoria Eugeniako pantaila handian?
Emakume ijito talde bat elkarrekin oso ondo pasatzen. Horixe aurkituko du. Film bat sortzen ari dira, edo, behintzat, inprobisazioak erabiltzen dituzte euren buruaren berri emateko. Niretzat, hori da politena: emakume ijito batzuk ikusiko ditugula, euren burua erakusten beraiek erakutsarazi nahi duten eran.
Hasieran ez zeneukaten filma egiteko asmorik. Haiekin inprobisazio eskola bat egiten ari zineten, besterik gabe. Baina bidean sortu zen filma egitearen ideia. Zein izan da helburua?
Inprobisazio tailerra ematen hasi ginen, eta handik hiruzpalau hilabetera ikusi nuen horrekin pelikula bat egin genezakeela. Hasieran labur bat egitea izan zen gure ideia, baina haiek ere esaten dute pelikulan: «Potentzial handia daukagu!» [barrez]. Eta ia ordubeteko filma bilakatu da, azkenean.
Prozesua errespetuan oinarritu da. Eurek proposatzen zutena errespetatu dugu. Guk markoa eta egin beharreko ariketak proposatzen genituen, baina beraiek erabakitzen zuten horren barruan zeren gainean hitz egin nahi zuten. Horretarako, antzerki teknika erabili dugu, inprobisazioa batez ere. Emakume ijitoak beste modu batean ezagutuko ditu ikusleak. Askotan oso modu negatiboan ikusi izan dira, edo beti flamenkoari lotuta. Eta gure filmak beste zerbait erakutsiko du. Horregatik izango da berria.
Nola erreakzionatu zuten film bat egitea proposatu zenienean? Eta zer iritzi dute proiektua amaitu eta gero?
Ez ginen hasieratik kamera eskuan genuela sartu, eta hori izan zen modurik errazena elkar ezagutzeko eta zer egin behar genuen ikusteko. Grabazioa egiteko proposatu genienean, bazekiten zer grabatu behar genuen, jada tailerra hasia baitzen. Eta denek sinatu zuten irudi eskubideen orria. Filmatuta zeuden sekuentzia batzuk ez ditugu jarri, haiek hala eskatuta, eta hori oso garrantzitsua izan da. Alegia, espazio bat sortzea esateko «hau gustatu zait» edo «hau ez zait gustatu eta ez atera, mesedez». Eta haiek ere guk esan beharrekoak entzun dituzte. Baina denok gaude oso pozik amaierako bertsioarekin.
Ijito hitza arrotzarekin lotzen du jende askok. Baina filmean Euskal Herriko emakumeak agertzen dira, ezta?
Hala da, bai. Beraientzat beren identitatearen zati garrantzitsu bat da Euskal Herrikoa izatea. Lisboara bidaiatu genuen, elkarrekin, filmaren zati bat erakusteko, eta bertako ijito batzuk ezagutu genituen. Eta gurekin lan egin duten emakumeek Euskal Herriko, Bizkaiko eta Bilboko ijito gisa aurkezten dute euren burua. Ezjakintasun handia dago gure inguruan. Niri harrituta galdetu izan didate noizbait: «Baina badago euskal ijitorik?».
Protagonistak ez dira euskaldunak, baina haien seme-alabek euskaraz hitz egiten dute. Hizkuntzaren transmisioa badago, eta euskararen eragina ere bai. Gure golé abesbatza daukate [Emakume ijitoen abesbatza feminista], eta euskaraz abesten dute: Agate Deuna, Zutik emakumeak, Aldapeko… Ezin dira bereizi ijitoa izatea eta Euskal Herrikoa izatea. Haientzat gauza bakarra da.
Filma, berez, komedia bat da. Baina atzean badaude haientzako garrantzitsuak diren gaiak. Esaterako, ariketetako batean, haien seme-alabek ijito izateagatik eskoletan pairatzen duten jazarpenaz hitz egin nahi du emakumeetako batek.
Haiek ez dira aktoreak. Eta, halakoetan, inprobisazioak egin behar dituzunean, zure bizitza pertsonaleko gaiak jorratzen dituzu. Zureak edo aldamenekoei ikusten dizkiozunak. Beraientzat, gai garrantzitsuena zera da: ijito izateagatik jasaten duten arrazismoa. Filmean esaten dute emakume izateagatik matxismoa jasaten dutela, baina emakume eta ijito izanda bi zapalkuntza jasaten dituztela. Eta inprobisazioak erabiltzen dituzte beste leku batetik gai beraren gainean hitz egiteko. Azken finean, inprobisazioaren bidez askeago hitz egin dezakezu eta.
Film hau estreinatuko duzu orain, baina badaukazu beste bat esku artean. Federico Garcia Lorcaren Yerma antzezlana pantaila handira eramango duzu, euskaraz.
Maria Goirizelaiak egin zuen Yerma antzezlana, eta hark proposatu zidan horrekin film bat egitea. Ni izutu egin nintzen. Pentsatu nuen: «Ai ama, zelako erantzukizuna gai horren inguruan film bat egitea». Baina aurrera egitea erabaki nuen. Mariak eta biok elkarrekin idatzi dugu gidoia. Asko aldendu da antzezlanetik, ez dauka zerikusirik, baina oso prozesu ederra izaten ari da.
Nazioarteko koprodukzioa izango da; printzipioz, Greziarekin eta Luxenburgorekin elkarlanean. Hala ere, Bilbon grabatuko dugu zati nagusia.
Hortaz, euskaraz egiten diren proiektuek badaukate tokia Euskal Herritik kanpo ere?
Bai, zalantzarik gabe. Nora filma egin nuenean, nire bigarren filma, argi ikusi nuen hurrengo pelikula euskaraz egin nahi nuela, eta orain artekoak baino handiagoa izan zedin nahi nuen. Nazioarteko ekoizpen bat imajinatu nuen, eta proposamenak lantzen hasi ginen. Grezian eta Luxenburgon begi onez ikusi zuten, eta euskara ez da inoiz arazo izan haientzat. Alderantziz. Askotan bertigoa ematen du, baina gu oso babestuta sentitu gara kanpoan.