Juan Luis Moraza. Artista

«Ikusleari zerbait esan nahiko banio, telefonoz deituko nioke»

Kontzesiorik gabe, konplexu dena konplexu irudikatu nahi du Juan Luis Moraza eskultoreak bere piezetan. 35 urte daramatza horretan, eta ibilbide horregatik eman diote Gure Artea saria.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2014ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Herrialdearen neurri bera duen herrialdeari buruzko mapa bat. Ezinezko hori deskribatzen zuen Jorge Luis Borges idazleak bere ipuinetariko batean, eta, nolabait ere, ezinezko hori bera da Juan Luis Moraza artistaren ideala (1960, Gasteiz). Konplexu bizi duena konplexu kontzentratu nahi du bere eskulturetan. 35 urte daramatza bere piezak erakusten, eta ibilbide horregatik eman diote Gure Artea saria. Oteiza osteko euskal artearen berrikuntzaren eragile, Arte Ederren Fakultateko irakasle ohia, urteak daramatza Morazak Madrilen bizitzen, eta etentzat eman zituen Euskal Herriarekikoak luzez. Bilboko Guggenheimek baketu zuen bertako arte testuinguruarekin. Euskal arteari buruzko erakusketa bat prestatzeko enkargua egin zioten 2007an, eta, dioenez, horrek lotu zuen berriz sorterriko sorkuntzarekin. «Birkokatu egin nintzen». Eta orain arte.

Sari guztiak ez dira sari bera. Ibilbide osoa saritu dizute orain.

35 urte daramatzat erakusketak egiten, eta 50 bat margotzen. Errekonozimendu berezia izan da niretzat, epaimahaian zeuden bi artistek aurkeztu nindutelako hautagaitzat. Ni baino bi belaunaldi gazteago diren artistak dira, eta horrek hunkitu egin nau. Izan dudan testuinguruko artearentzako ekarpen interesgarria egin dudala aitortu didate.

Margotzen 50 urte daramatzazula diozu, eta 54 dituzu. Lehen marrazkiak ere kontatzen du?

Familia oroitzapen bat da. Txikitatik igarri zidaten formak eta irudiak fabrikatzeko erraztasuna. 4 urte nituela, siesta derrigorrezkoa zen garaian, logelako iluntasunean, boligrafo batekin zezen plaza bat marraztu nuen burkoan. Baina etxekoek ez zuten txalorik jo. Nonbait, heldu berria zen telebistan ikusi nuen zezen plaza, eta gogor eragin zidan biolentzia eta espektakulu nahasketa hark, handik hilabete batzuetara eskolan sartu nintzenean ere zezen plaza bat marraztu nuelako. Irakasleek txalotu egin zuten nire lana, eta jakintzarekin eta eskolarekin harreman berezian jarri ninduen horrek. Gaitasun horrek pribilegioak eskaini zizkidan. Digeritze aparatua azaldu behar zenean, nik kolorezko kleraz margotu behar izaten nuen arbelean, eta libratu egiten nintzen lezioa esan beharraz, adibidez. Gainera, marrazki horiek sakonago ikasteko aukera ematen zidaten. Irudiek duten indarrari esker ikasi nuen ikasten.

Noiz hasi zinen artea ikasten?

11 urterekin, gurasoek Jose Luis Gonzalo Bilbao irakaslearen eskoletara eraman ninduten, Gasteizera. Gorra eta mutua zen, eta niretzat oso garrantzitsua izan zen hori, hitzik gabe bestelakoa baita ikasketa. Eskua hartu eta mugitu egiten zidan, edo nire eskua bere eskuaren gainean jartzen zuen. Oso korporala zen ikasketa. Nik uste marrazketa ikasteko modu taktil horrek egin nauela eskultore.

Egun ere, lotuta daude alde materiala eta mentala zure lanetan.

Nigan dago guztia. Materia gorpuzdunekin egindako lana ez dago idealtasunez salbu, eta nire diskurtsoa ere ez dago materia gorpuzdunez salbu. Maiz esan didate moztu eta itsasten ditudan harriak balira bezala erabiltzen ditudala hitzak. Nire ustez, pisu handia du dimentsio plastikoak hitzak sortu zituen esperientzian.

Beraz, bi aurpegi horiek bakarra dira zuretzat?

Ni ez naiz pertsona diskurtsoduna izan. Transmisioarekin konprometitu, ordea, eta orduan hasi nintzen konpartituagoak diren tresna intelektualak erabiltzen. Ordura arte, artisau moduko bat nintzen: gauzekin plazer handia sentitzen nuen, eta dut. Baina gero eta konplexuagoa eta aberatsagoa da lana. Irudiak eta objektuak beti dira hitzak baino anbibalente, polibalente eta polisemikoagoak. Oso galdera arraroa litzateke: zer esan nahi du sinfonia batek? Ez du esan nahi; sentiarazten du, esanarazten du, pentsarazten du... Zentzumen guztiak daude aktibo arte forma guztietan. Musikari batek ez du belarriarekin bakarrik lan egiten; lan egiten du sinbologiarekin, testuinguruarekin, ukimenarekin, inteligentziarekin... Gero, musikariarena den munduarekiko tratu motan doa kondentsatuz haren lana. Sorkuntza oro da sinestesikoa, ideologikoa, sentibera, emozionala... Eta hori guztia hain dago nahasita, artifiziala dela alde batetik pentsamendua eta bestetik sorkuntza bereiztea, alde batetik gogoa eta bestetik haragia, diskurtsoa eta obra.

Konplexu dena konplexu mantentzeko nahia dute zure lanek.

Hori da ikasteko modu bakarra. Umeentzako didaktikan aritzen diren pedagogoek ere badakite umeak irakurtzen eta idazten trebatzeko erarik onena ez dela hizkia ulertzetik esaldiak ulertzerako bidea egitea, baizik eta kontrakoa: konplexutik sinplera joatea. Askoz ere eboluzionatuagoa da hizki baten bakartzea eta abstrakzioa ulertzea, jarioan doan komunikazioa ulertzea baino.

Baina badago giroan halako sinplifikaziorako exijentzia bat.

Beldurra da hori. Bizitzaren aberastasunarekiko maitasuna da nik konplexutasunari diodan maitasuna. Dagoen guztia da ikaragarri konplexua eta aberatsa den sare baten parte. Galera pertsonal eta sozial handia iruditzen zait gauzak aberastasun hori galtzeraino sinplifikatzea. Heldu zen behin matematikari bat moda eskola batera patroigintzaren oinarri matematikoak azaltzeko hitzaldi bat ematera, eta hala hasi zuen konferentzia: «Demagun, sinplifikatzeko, giza gorputzak esfera forma duela». [Irribarrea]. Horrek ez du balio! Tradizio klasiko guztiak du sinplifikaziorako joera, uste baita argitasunak balio duela errealitatea deskribatzeko. Baina gaur egun badakigu zehaztasuna galdu egiten dela argitasuna handitu ahala. Zenbat eta zehatzago jokatu, orduan eta konplexuagoa izango da irudikapena. Maite dut konplexutasuna, baina baita lautasuna ere. Nik uste dut ona dela oztopo egiten duten gauzak kentzea. Baina, hain zuzen ere, sinplifikazioaren obsesioa da, nire ustez, traba egiten duten gauza horietariko bat.

Kritikak maiz laudatu du zure lana, baina hermetikoa dela ere esan du zenbaitetan.

Oso gauza positibotzat dut hori. Hermetikoa. Hitzaren atzean dagoen esperientzia ikusten uzten diguten kristalen modukoak dira hitzak. Eta iragateen eta komunikazioaren jainkoa da Hermes. Zerbait hermetikoa dela esateak esan nahi du informazio piloa duela bildua bere barnean. Hori konplexua dela? Noski. Baina nola ez izan konplexua piezaren bi aldeetan subjektu bat dagoenean eta subjektua definizioz konplexutasunaren gorena denean. Ikuslea konplexua da, artista konplexua da, nola ez da izango konplexua bien artean dagoena. Nik subjektu bat inplikatu nahi badut artelanarekin, ukitu beharra dut haren konplexutasuna. Ez dago konplexua ez den pertsonarik.

Ikuslearekin parez pare jartzen saiatzen zara, beraz?

Ikuslearen errealitatearekiko errespetua da nire abiapuntua, eta konfiantza dut haren gaitasunetan. Obrak, ikusleak eta egileak duten harremanean, obra ez dago egilearen ordezko bitartekari gisa. Ez da hiruko harreman bat. Biko bi harreman dira: nik harremana dut nire obrarekin, eta ikuslea harremanetan jartzen da obrarekin. Baina ni ez naiz sartzen harremanetan ikuslearekin. Sinetsi beharra dut obrak ikuslearekin hartu-eman bat sortzeko besteko indarra duela. Eta nik suposatzen dut lotura horretan gertatzen denak zerikusiren bat izango duela nik pieza egiteko izan dudan moduarekin. Baina ez nik ikusleari mezu bat helarazi nahi diodalako, edo harekin komunikatu nahi dudalako. Hori egin nahiko banu, telefonoz deituko nuke!

Egun Madrilen bizi zara. Euskal Herriko arte testuinguruarekin loturarik sentitzen duzu?

Ezinbestean dut lotura, Guggenheim museoari esker ere bai. Museoa inauguratu aurretik joan nintzen kanpora, baina maitasun berezia diot. Espainiako hamaika artistaren estudio bisitatu zituzten Guggenheimeko nazioarteko komisarioek bildumarako pieza bila, eta nire pieza bat aukeratu zuten haien artean. Eta handik hamar urtera, 2007an, euskal testuinguruari buruzko erakusketa bat eskatu zidan museoak. Iruditu zitzaidan aukera ona zela presentzia emateko zerrenda nagusietan agertzeko pribilegioa izan ez duen artista mordo bati. Euskal testuinguruaren aberastasun eta konplexutasuna erakutsi nahi nuen, euskal arteak azken berrogei urteetan nazionalki eta internazionalki garrantzitsuak diren artista kopuru ikusgarria sortu duelako. Museoak eman zidan aukera Euskal Herrira itzuli eta euskal arte testuinguruaren parte diren artistekin gogoeta egiteko. Herritartasun artistiko oso aktiboa sortu dute hemen denen artean. Belaunaldi arteko eta sortzaile arteko elkarrizketa zabalik dago hemen. Horri balioa aitortu behar zitzaiola uste nuen. Izan nuen aukera artistak entzuteko eta museoaren eta testuinguruaren arteko harremana hobetzeko. Nik proposatu nien erakusketa bat egin ordez etorriko ziren erakusketen aurrerapen moduko bat egitea.

Baina euskal sortzaileen erakusketa horiek ez dira heldu.

Nik uste izan dutela presentzia eta museoak hartu duela konpromisoa testuinguruarekin hartu-eman handiagoa izateko, hezkuntza programetan artista gazteak sartuz, erakusketetan, komisariotzan...

Nondik dator aipatu duzun euskal artisten dentsitate hori?

Figuraz elikatzen dira harrobi guztiak, eta XIX. mendeaz geroztik artista garrantzitsuen oso tradizio indartsua egon da hemen, Euskal eskola deiturikoarekin gorenera heldu zena. 60ko hamarkadatik aurrera, mugimendu artistiko handia ekarri zuen horrek, eta indartu egin zen, adibidez, 1972ko Iruñeko Artisten Topaketekin, edo Arte Ederren Eskola unibertsitate bilakatu eta lanean zebiltzan artista gazteak eskolak ematera gonbidatu zituztelako. 80ko hamarkadan, artista gazteen eta irakasleen arteko konplizitate horren ondorioz sortutako lan egiteko moduak Espainiako fakultaterik interesgarriena bilakatu zuen Bilbokoa. Elkarrizketa gune batean egotea da sortzeko modu bakarra, baita beste artista hilda badago ere. Zure pieza haren beste batekin eztabaidan dago. Arteari buruzko oso pentsaera aberatsa da hori, eta filia eta fobia guztiak gorabehera, sustraiturik dago ideia hori Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.